Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

eter

iz. Kim. Formula ororkortzat R—O—R’ duten gai organikoa, bertan R eta R’ erro hidrokarbonatuak direla. Erro biak berdinak direnean eterra sinplea edo simetrikoa dela esaten da, eta bi erroak desberdinak direnean eterra mixtoa dela esaten da. Era askotako eter motak daude: alifatikoak (eter metil-etilikoa, CH3-O-C2H5, adibidez), aromatikoak (eter difenilikoa, C6H5-O-C6H5, adibidez) eta alifatiko-aromatikoak (eter metil-fenilikoa, CH3-O-C6H5, adibidez). Eterren prestakuntzarako alkoholak erabiltzen dira lehengai gisa, eta gehinetan hauen alkilazioa eta deshidratazioa nahikoa da zenbait eter lortzeko. Oro har eterrak gai egonkorrak dira, hau da, ez dute erraz erreakzionatzen beste gai batzuekin, eta horregatik oso erabiliak dira disolbagarri gisa. Gehienak isurkariak dira. Adibidez, eter etilikoak 35° C-tan irakiten du, eta bera baino pisu molekular handiagoa dutenak isurkariak dira.  v  Eter etilikoa. Hori da eterrik ezagunena eta erabiliena. Eter sulfuriko, eter arrunta, eter dietilikoa eta botikategiko eterra izenez ere ezagutzen da. Industrian, etanolaren deshidratazioz lortzen da. Isurkari koloregabe arin, isurkor eta lurrunkorra da, eta beharbada hori da laborategian disolbagarri organiko erabiliena. Hala ere oso erraz su hartzen duenez kontu handiz erabili behar da. Anestesiko gisa ere erabiltzen da medikuntzan.  v  Fis. eta Filos. Espazio hutsa nahiz gorputz garden eta opakoen barrualdea betetzen duen ustezko gai ikustezin eta ukiezina. Bere inguruan eratu zen hipotesi batek zenbait gertaera fisikoren (argiarenak, beroarenak, elektrizitatearenak, etab.) esplikazioa errazten zuen. Pentsatzaile batzuen ustez eterra zen materia guztia osatzen zuen lehengaia. Einstein-en “erlatibitatearen teoriak” baliogabetu zuen eterraren inguruan eratu zen hipotesi hori.  v  Petrok. Petrolio gordinaren destilazio zatikatuan lortzen den gaietako bat.  v  Petrolioaren eterra. Petrolioaren destilazioan lortzen diren 40° C eta 70° C bitarteko irakite puntua duten isurkariez osatutako gai arinen nahasteari ematen zaion izena.