Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estonia

(Izen ofiziala, Estoniako Errepublika; estonieraz, Eesti). Europako ipar-ekialdeko estatua, Baltikoko lurraldeetan txikiena. Mugak: iparraldean, Finlandiako golkoa; mendebaldean, Itsaso Baltikoa eta Rigako golkoa; ekialdean, Txudsk edo Peipus aintzirak eta Narva ibaiak banatzen dute Errusiako Errepublikatik; hegoaldean, Letonia. Hiriburua: Tallinn (antzinako Reval). Hiri nagusiak: Tartu, Narva. Itsaso Baltikoan uharte ugari ditu (800 inguru); nagusiak Saaremaa, Hiiumaa, Muhu, Jiuma eta Vormsi dira. Guztira 45.190 km2 eta 1.315.000 biztanle (2007, estoniarrak). Herriak: estoniarrak, % 68,56; errusiarrak, % 25,67; ukrainarrak, % 2,11; bielorrusiarrak, % 1,21. Hizkuntza: estoniera eta errusiera. Dirua: kroon-a (Estoniako koroa).  v  Orografia. Estonia lurralde laua da; gailurrik garaiena hego-ekialdean dago (317 m.). Itsasoa, hondarrezko dunak eta harri potorrez betetako ibaiak, aintzirak, ibai ugariak eta padurak (lurraren % 10) dira Estoniako lurren ezaugarriak. ■ Biztanleak. Estoniako biztanle kopurua beherantz doa etengabe. Atzerakada horrek bi arrazoi nagusi ditu, batetik, heriotza tasa oso handia da jaiotza tasarekin konparatuta; bestalde, lege zorrotz baten ondorioz, errusiarren imigrazioa asko moteldu da. 1992an estoniar hiritartasuna mugatzeko legeak onartu ziren; lege horien arabera, 1940. urtea baino lehenago Estonian bizi ziren biztanleak eta haien ondorengoak estoniar hiritartasuna zuten, etnia kontuan hartu gabe. Gainerako biztanleek bi urtez bizi behar zuten bertan eta estonierazko azterketa bat gainditu behar zuten. Lege horiek onartu eta gero Errusiako gobernuak errusiarren giza eskubideen kontrako bidegabekeria salatu zuen. Estoniako biztanleen % 72 hirietan bizi da: herena Tallin-en bizi da. ■ Ekonomia. Estoniako baliabide natural nagusia arbel betunduna da, herrialdearen ipar-ekialdean ekoizten dena. Erregai gisa erabiltzen da elektrizitatea lortzeko eta lehengai gisa industria kimikoan. Estonian ugariak dira, besteak beste, fosforita hobiak; fosforita ongarrien ekoizpenean erabiltzen dira. Dena dela, arrazoi ekologikoak direla-eta, ekoizpen mota hori gutxitu egin da. Turba eta buztina ere ekoizten dira. Petrolioa eta gasa Errusiatik inportatzen dira. Zerbitzuen sektorea da gaur egun nagusia (barne produktu gordinaren % 55, 4), ondoren industria (elikagaiak, energia, kimika, zura, eraikuntzarako gaiak, % 35,8), eta azkenik, nekazaritza daude (% 10). ■ Historia. X-XII. mendeetan, Estoniako hego-ekialdea antzinako Estatu Errusiarraren mende egon zen. XIII. mendearen hasieran alemaniarrek menderatu eta kristautu zituzten estiarrak (estoniarren aurretikoak, arrazaz fino-ugriarrak, eta paganoak). Ondoren daniarrak etorri ziren, eta Tallin sortu zuten 1219. urtean. 1343-1345 urteetako nekazarien matxinada handien ondoren, Ezpataren Zaldunek (Zaldun Livoniarrak) Estonia Danimarkari erosi (1346), eta zergapeko egin zituzten estoniarrak, Hansak portuetako joan-etorria beretzat gordetzen zuelarik. Ivan IV. Izugarriaren garaietan, Baltikorako irteera bila ari ziren errusiarrek Narva eta Tartu hiriak hartu zituzten (1558-1581). Ordena Teutoniarra desegin zenean (1561), Suediaren, Danimarkaren eta Poloniaren esku geratu zen Estonia. XVII. mendean suediarren mendean geratu zen guztiz; horiek luteranismoa ekarri eta Tartuko unibertsitatea sortu zuten 1632an. Iparraldeko gerran (1700-1721), Petri Handiak hartu zuen Estonia (1710) eta Nystad-eko hitzarmenaren ondorioz (1721), suediarrek Errusiaren esku utzi zuten Livoniarekin batera. Zergapekotza baztertua izan zen XIX. mendearen hasieran. Mende horren bukaeran, Alexandro III.aren errusiartze ahaleginen kontra altxatu ziren idazle estoniarrak (F. Kreutzwald eta J. Liiv). Errusiako 1917ko otsaileko iraultzaren ondoren, behin-behineko gobernu errusiarrak askatasuna eman zion Estoniari (1917ko apirilaren 12ko dekretua), baina Urriko iraultzan, aginte sobietarra ezarri zen Estonian 1917ko azaroaren 28an. 1918ko otsailean alemaniarrek Estoniari eraso zioten, boltxebikeek Tallin utzi zuten eta otsailaren 24an behin-behineko gobernu estoniarrak askatasuna deklaratu zuen. Brest-Litovskeko hitzarmenaren bidez (1918ko martxoaren 3a), Alemaniaren eskuetan utzi zituen Errusiak Baltikoko lurraldeak, eta Alemaniaren errenditze egunean berriro askatasuna deklaratu zuen behin-behineko gobernu estoniarrak; Tartuko hitzarmenean (1920ko otsailaren 2a) askatasun hori onartu zuten sobietarrek. 1934an, K. Präts Batzar nazionaleko lehendakariak diktadura ezarri zuen. 1940ko abuztuaren 1ean, Armada Gorriak beretu eta Sobiet Errepublika Sozialista bihurtu zen Estonia. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek hartu zuten (1941eko abuztua), baina berriro errusiarrek eskuratu zuten 1944an. 1988an, Moskuko gobernuak Konstituzio Sobietarrean aldaketa berriak egin zituenean, bere legeak Batasuneko legeen aldean gailentasuna zutela erabaki zuen Estoniako Biltzarrak. 1990. urteko martxoaren 30ean Estoniako legebiltzarrak independentzia deklaratu zuen berriro ere eta egun estatu burujabea da Estonia. ■ Azken urteak. 1992ko konstituzio berriak sistema parlamentarioa ezarri zuen. Urte horretan bertan Lennart Meri, Koalizioko Alderdi Nazionaleko kide, hautatu zuten presidente. Estonia izan zen errubloa utzi eta bere dirua sortu zuen ekialdeko Europako lehenengo herrialdea. Pribatizazio ugari egin zen, eta erregimen komunistan zehar kendutako ondasunak itzuli ziren. 1993an estatu nazionalista zorrotza onartu zen, errusiar biztanleengan (biztanleriaren % 30) eragina izan zuena batez ere. Neurri horri erantzun nahian, Boris Eltsin errusiar lehendakariak gas naturalaren hornikuntza eten zuen eta errusiar gudarostea Estoniatik irteteko prozesua ere geldiarazi egin zuen. Azkenik, errusiar gudarostea 1994an atera zen Estoniatik. 1995eko hauteskundeetan Koalizioko alderdia galtzaile irten zen, eta Tiit Vahi izan zen Lehen Ministro. Gobernu berriak eztabaida handia sortu zuen, komunista ohi asko baitzeuden bertan. Horrez gainera, urte horretan bertan Barne ministroaren ustelkeria salatu zuten, eta gobernu taldea desegin zen. Gobernu berri bat antolatu zen Erreformaren Alderdiko kideez osatua. 1996an Lennart Meri hautatu zuten berriz ere presidente. 1999an, Mart Laar izendatu zuten Lehen Ministro. 2002an eman zuen dimisioa, desadostasunak izan zituelako bere alderdiarekin. Haren agintaldian, Estonia izan zen sovietar errepublika ohien artean ekonomia sendoena zeukana, eta bidea urratzen hasi zen Europako Batasunean sartzeko. 2003ko erreferendumean, herritar gehienek Europako Batasunean sartzearen aldeko aukera egin zuten. 2004an, Estonia NATOn eta Europako Batasunean sartu zen. 2005ean, Andrus Ansip eskuindarra aukeratu zuten lehendakari.
http://www.eesti.ee/eng/