estoizismo
iz. Antzinako Grezian sortu zen filosofia eskola. K.a. 300. urte inguruan sortu zuen eskola hori Zenonek, eta Kleante eta Krisipo (K.a. 280-207) izan zituen jarraitzaile. Krisipo jo izan da, bere lan oparoagatik, bigarren sortzailetzat. Estoizismoaren bigarren aro eklektikoago bati eman zion hasiera Rodasko Paneziok (K.a. 140). Greziako eskola estoiko guztietatik, huraxe izan zen Erromako estoikoetatik hurbilen egon zena. Erromakoak dira azken aldiko estoiko ospetsuenak: Seneka, Marko Aurelio enperadorea eta Epikteto. v Filosofia. Estoizismoak materialismo panteista da oinarrian, eta izan baden guztia materia dela aldarrikatzen badu ere, materia berezkoa, jasankorra, eta eragilea bereizten ditu. Azken hau, materia sotil bat da, eta Jainko edo Arrazoia deitu arren, guztia sutzen duen hats edo garra. Gizakiaren arima jainkozko hastapen horri lotua dago. Oinarri metafisiko horretatik, etikarako bi ondorio datoz: “izadiaren arabera bizi” (edo unibertsoaren jainkozko ordenaren arabera) da hastapenik funtsezkoenetakoa, eta garrantzirik handiena du lege naturalaren garapenean; bestalde, gertatzen den oro jainkozko antolakuntzaren arabera nahitaez betetzen dela dio bigarren hastapen nagusiak. Hala ere, esan daiteke etika estoikoa ez dela sortzen zuzenean metafisikatik, lehenago zinismoak aldarrikatu zuen ideal praktiko batetik baizik: gizaki jakintsuak ez du sumatzen bere egiazko ongitasuna kanpoko gauzetan, bere arimaren egoeran baino, bizitza nahasten duten irritsetatik eta gurarietatik libratzen den jakindurian alegia. Gizaki jakitun eta zuzenari berdin zaizkio kanpoko gauzak oro. Bikoiztasun zurrun hori malgutuz joan zen bereizkuntza berriak sartzen ziren neurrian, eta horrela ziurtatu zuen estoizismoak bere etorkizuna.
- estireno
- Estiria
- esto
- estoa
- estoiko
- estoizismo
- estokastiko
- Stockholm
- estola
- estolda
- estolderia