Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stockholm

(Suedieraz, Stockholm) Suediako hiriburua eta portua, Mälar eta Saltsjön aintziren bilgunean eraikia, Baltikoko itsasadarrean. 663.217 biztanle (1986). Izen bereko konderriko (6.488 km2 eta 1.593.333 biztanle) hiriburua da. Kontinentean eta 13 uharteetan hedatzen da hiria. Nazioarteko aireportua (Arlanda). Nobel sarien egoitza hiria da. Oraindik karrika estuak eta antzinako etxeak gordetzen dituen hiri zaharra hedatzen da Norrström izeneko uharteetan (biztanlerik izan zuen lehen uhartea Staden mellan Broarna, «Zubiarteko Hiria», izan zen). Iparraldean eta mendebalean, merkataritza eta administraritza auzoak daude, ekialdean, berriz, etxebizitzak. Auzo-hiri berriak sortu dira hiria hedatu ahala (Vällingby mendebalean, Skärkholmen hego-ekialdean, Farsta hegoaldean).  v  Monumentu jakingarriak ditu: erregearen gaztelua (XVIII. mendean Tessin Gazteak eraikia), Storkyrkan (XV. mendeko eliza, bertan koroatzen dituzte errege suediarrak), Riddarholms (XIII. mendekoa, bertan hilobiratzen dira erregeak), Riddarhuset (nobleen etxea, XVII. mendekoa), udaletxea (1911-23). Museo ugari ditu: Museo nazionala, arte modernokoa, historiakoa, Iparraldeko museoa, eta agerian dagoen Skansen museoa (Suediako antzinako etxeak). Merkataritza portu garrantzizkoa da, baina duen sarrera zailagatik Göteborgek hartu dio aurrea. Stockholm da Suediako industria eta merkataritza hiri nagusiena: eraikuntza mekanikoak, metalgintza, petrolio findegiak, tresneria elektrikoa eta elektronikoa, ehungintza, larrugintza, kautxua, ikerketa nuklearrak.  v  Historia. 1255ean sortu zuen Birger Jarl-ek, eta Erdi Aroan garrantzi handiko lekua izan zuen Hansako merkataritzan. Kalmarko Batasunaren ondoren, daniarren eta suediarren interesen arteko arazoak sortu ziren: 1520an Kristian II.ak hiria hartu zuen eta alderdi nazional suediarreko buruzagi guztiak hil zituen (Stockholmeko sarraskia, azaroaren 8an). 1523an, daniarrak bota zituen Stockholmetik Gustavo Vasak, agintea hartu ondoren. Suediako hiriburu egin zuten 1634an.