Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estiria

(Al. Steiermark) Austriako hego-ekialdeko lurraldea. 16.384 km2 eta 1.300.000 biztanle. Hiriburua: Graz. Bi eskualdetan banatua dago lurraldea: Estiria Garaia iparraldean eta Estiria Beherea hegoaldean. Lurpeko aberastasunak handiak dira (lignitoa, grafitoa, magnesita eta burdina). Horri esker altzairugintza eta burdingintza garatu dira lurralde horretan (Donawitz, Judenburg). Nekazaritza garrantzitsua da (langileriaren % 40 ari da jarduera horretan).  v  Historia. Norica eta Panonia probintzia erromatarren barnean egon zen Estiria eta eslaviarrek (eslobeniarrek) hartu zuten VI. mendean. Bavariari lotu zitzaion bi mende geroago. XI-XII. mendeetan zehar hainbat jaurerritan zatitu zen, baina Steyr-ko jaunek (hortik lurraldearen izena) jaurerriak bateratzea lortu zuten eta 1180. urtean sortu zen Estiriako dukerria. Bohemiako erregearen (1278) eta Habsburgotarren (1282) mende egon zen eta emeki-emeki germaniartu zen dukerria. 1619. urteaz geroztik Austriako inperioaren barnean geratu zen Estiria. Hala eta guztiz ere, Saint-Germain hitzarmenaren ondorioz (1919), Estiriako barruti eslobeniarrak (Estiria Beherea) Jugoslaviaren esku geratu ziren eta egun Eslobeniako lurrak dira.