Esnal, Karmele
Gipuzkoar irakaslea (Orio, 1932). Umetan joan zen, senideekin batera, Donostiara bizitzera eta bertan eman ditu ondorengo urte guztiak. 1950eko hamarraldian amaren aholkuak jarraituz maistra ikasketak egin zituen eta euskarazko irakaskuntzan hasi zen Elbira Zipitria aitzindariaren eskutik. 1955ean bere lehenengo ikastola sortu zuen Donostiako Amara Zaharra auzoan. Handik hamar urtera, Donostiako Santo Tomas Lizeoan hasi zen lanean. Ikastola horretan bertan, irakasle lanetan ezik, administrari, zuzendari eta idazkari lanetan ere aritua da. Ramon Saizarbitoria eta Xabier Lete, besteak beste, izan zituen lagun, Jarrai antzerki taldearen garaietan; Zeruko Argian lan egin zuen Maribeltz ezizenaz, baita Panpin haurrentzako aldizkarian eta Arrate Irratian ere. 1997an erretiroa hartu zuen eta hainbat urteren buruan egindako lanaren ordaina hainbat sarirekin jaso zuen: 1997an Abbadia saria jaso zuen eta 1998an Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten.