esaera
iz. Esateko era. || Asko erabiltzen den esaldia; bereziki, herriak ontzat ematen duen iritzi edo uste bat adierazten duena. || Esaera zaharra. Arbasoengandik jasotakoa, atsotitza. v Esaera zaharra. Arbasoengandik jasotakoa, atsotitza. Esaerak zaharrak esapide labur trinkoak izan ohi dira, ideia eta uste jakinak adierazten dituztenak gehienetan. Hizkuntza guztietan izaten dira, eta ahozko hizkeran jatorria duten herri literaturako beste formekin izaten dute lotura, hala nola igarkizunekin eta alegiekin. Munduko leku desberdinetako esaeren konparazioak aditzera ematen du antzeko jakituria dagoela era askotako kulturen eta hizkuntzen azpian. Bibliako “Begia begi (begian) truk” esaerak, (esp. “Ojo por ojo, diente por diente, fr. “Oeil pour oeil, dent por dent”, ing. “An eye for an eye, a tooth for a tooth”), esate baterako, baliokidea du Afrikako ekialdeko handi leinuan. Halako esaerek (“Atzerri otserri”, “Ezkon ezak semea nahi duanean, eta alaba ahal dagianean”) jokabide kodeak adierazten dituzte, eta lekuan lekuko jakituria eta jokaera arauak transmititzen dituzte. Sarritan, antzeko ideologiaz gainera, esaera zahar bera aurkitzen da herri askotan, aldaketa txikiak gorabehera. Europari dagokionez, Erdi Aroan latinezko esaerek izan zuten hedaduragatik azal daiteke hori. Estilo antzekotasunak ere badira, oso urruneko herrietako ez diren esaeretan behintzat; hala, hizkuntza askok erabiltzen dituzte errima, aliterazioa, eta hitz jokoak (“Goiz gorri, euri daidi; arrats gorri, eguraldi”, “Emerdi oro, zoro”). Herri esaerek erabiltzen dituzten irudiak etxe inguruko irudiak izan ohi dira, eguneroko bizimodukoak, etxe abereenak… (“Errementeriaren etxean zotza burduntzi”; fr. “Les cordonniers sont toujours les plus mal chaussés”; esp. “En casa del herrero, cuchillo de palo”). Esaera zaharrek era askotako iturburuak dituzte; anonimoak izaten dira gehienetan eta jatorria aurkitzen zailak. Idatzizko lehen agerpenak ahozko literaturan izaten du sarritan oinarria. Batzuetan sineskeriak adierazten dituzte (“Direnik ez sinetsi, ez direnik ez esan”), eguraldiari buruzko jakituria (“Goiz gorri, arrats euri” edo osasunari buruzkoak (“Goizean porrusalda, eguerdian aza; aise kabituko zaizkik ipurdian galtzak”). v Aspalditik eman zaio garrantzia esaera zaharren azterketa eta bilketari. Euskal Herrian ezagutzen den lehenenego bilduma 1596an argitaratu zen Iruñean. Biltzailearen izenik ez da ezagutzen eta bizkaieraz daude idatzita. Julio de Urquijok berriro argitaratu eta aztertu zituen RIEV aldizkarian. Esteban Garibaik (1533 - 1599) ere bildu zuen esaera zaharren sorta bat, XVII. mendera arte argitara eman ez zena. XVII. mendean bi esaera zaharren biltzaile ezagutzen dira: Bertrand de Sauguis (1627 aldera hila) eta Arnauld Oihenart (1592 -1653). Oihenarten bildumak 1657an ikusi zuen argia Parisen, berak egindako poema batzuekin batera (Les proverbes basques recueillis par le Sr. D’Oihenart, plus les poésies basques du mesme auteur). XX. mendean biltzaile asko izan da; hauek dira aipagarrienak: Resurrección Mª Azkue (1945, Euskalerriaren Yakintza III. liburukia); Jean Elissalde “Zerbitzari” (1936, Atsotitz, zuhurhitz, eta erran zahar). Damaso Inza (1974, Naparroa-ko euskal esaera zarrak); Pablo Zamarripa, Justo Mokoroa eta Antonio Zavala.