Erronkariko ibarra
Nafarroako ipar-ekialdeko ibarra (Pirinio aldea). Zazpi udalerrik osatzen dute: Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari, Garde, Bidankoze eta Burgi. 414 km2 eta 2.044 biztanle. Mugak: Zuberoako Basaburua, iparraldean; Biarnoko Baretetze ibarra, ipar-ekialdeko muturrean; Aragoiko Anso edo Berari ibarra, ekialdean; Zaraitzuko ibarra, mendebalean eta Nabaskoze, hego-mendebalean. v Orografia eta klima. Erronkari eskualde garaia da. Bertako iparraldean (Uztarroze eta, batez ere, Izabako udalerrietan) daude Euskal Herriko gailur gorenak: Ezkaurre, Antsabere, Arlas, Anielarra, Hiru Errege Mahaia (2.434 m). Mendi horien erdialdean zabaltzen da Belagoa, Euskal Herriko goi-haran ederrena. Haran horretan sortzen den Ezka ibaiak gurutzatzen du ibarra, ipar-hegoalde, eta Esako urtegian amaitzen da. Erronkariko hegoaldeko herriak (Urzainki, Erronkari, Bidankoze, Garde eta Burgi) menditsuak dira baina ez hain garaiak. Ezka ibaiak arroil sakonak ebaki ditu herri horietan zehar. Erronkariko negua luzea eta hotza da (1-2° batez beste). Euria eta elurra ugaria izaten da abendua eta maiatza bitartean. Uda epela eta lehorragoa da. v Hizkuntza. XX. mendean nagusitu da gaztelania Erronkarin. Euskara, erronkariera, joan den mendearen bigarren erdialdean galdu zen. Euskaldunberriek eta kanpotik joandako euskaldunek osatzen dute egungo Erronkariko euskaldungoa. v Ekonomia. Erronkariko ibarraren ekonomia mendiak eta basoek eskaintzen dituzten produktuei loturik dago (zuraren ekoizpena, artzaintza). Dagoen industria apurra jarduera horietatik eratorria da (gaztagintza, zerrategiak). Azkenaldi honetan, turismoa ari da gero eta garrantzi handiagoa hartzen. v Historia. Erronkariko ibarra burujabe izan da historiako une askotan. Bertako Batzar Nagusiak gobernatzen zuen Erronkari, eta ibarreko biztanle orok zuen lurrak eta zura ustiatzeko eskubidea. Tradizioaren arabera, Abd ar Rahman I.a garaitu eta hil zuten erronkariarrek 785. urtean, Erronkariko ibarrean bertan. 821. urtean, Antso Gartzea Iruñeko erregeak erronkariarrekin bat eginik, Errege Bardeetan eraso eta azpiratu zituen mendeku asmoz zetozen oste musulmanak. Garaipen haren ondorioz, ahalmen bereziak eman zizkien Iruñeako erregeak erronkariarrei: azienda batere zergarik gabe hazteko eskubidea, arma zerbitzua bertan egiteko eskubidea eta Pirinioez bestaldeko herriekiko merkataritzan aduana-zergarik ordaindu gabe aritzeko eskubidea. Hiru Behien Zerga ohitura ospetsuak oraindik behar bezala zehaztu ez den jatorria du, baina haranen arteko gerrak ekartzen ditu gogora. Tradizioaren arabera, 1373. urtean Izabako biztanle batek Baretetzeko gizon bat hil zuen, mendiko iturri baten erabilpena zela eta. Biarnesen erantzun bortitzak gerra ekarri zuen bi aldeetara. Azkenean, Berariko artekarien erabakietara makurtu eta urtero erronkariei hiru behiren zerga ordaintzea onartu zuten biarnesek. Ez zen hori izan ibarren arteko azken gatazka. 1428. urtean, Tutera, Berari eta Zuberoako biztanleen aurka borrokatu ziren erronkariarrak, haranen arteko mugak eta haranen gaineko eskubideak zirela eta. Agramondar eta beaumondarren arteko gerran, Joan erregearen alde jarri ziren erronkariarrak 1451. urtean, baina alboko nafar guztiak agramondarrak izaki (Zaraitzuko ibarra, Zangozako Merindadea eta Mendialde osoa), ez zioten Vianako Printzearen aurkako borrokan laguntza handirik eman erregeari. 1512. urtean, Fernando Katolikoak Nafarroa bereganatu ondoren, amore eman behar izan zuten erronkariarrek Albako dukearen aurrean. 1525. urtean jende asko hil zuten Erronkarin, sorginak zirelako salakuntzapean. Espainiako Erregetzarako Gerran (XVIII. mendearen hasieran) Filipe V.a Borboikoaren alde jokatu zuten erronkariarrek, Karlos Artxidukea nahiago zuten aragoitarren aurka. Konbentzioko Gerraren garaian (1793), oste frantsesen aurka altxatu ziren. Napoleonen soldaduak berriro Espainiako estatuaz jabetu zirenean, Erronkariko ibarra hartu zuten frantsesek 1809. urtean, baina erretiratzeko orduan gizon asko galdu zuten. 5.000 frantses inguratu ziren Zaragozatik erronkariarrak zigortu asmoz, baina Burgiko herria erre zuten arren, erronkariarrek oste haiei eutsi eta bakean utzi behar izan zituzten frantsesek. Minak eta Cruchagak gidaturiko gerrilletan nabarmendu ziren erronkariarrak eta Elisabet II.aren alde borrokatu ziren lehen karlistadan.
- erronka
- erronkari
- Erronkari
- erronkariar
- erronkariera
- Erronkariko ibarra
- errore
- errosela
- errosta
- errota
- errotari 2