Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erronkariera

iz. Erronkariko ibarrean XX. mendea arte hitz egin den euskalkia, zubereraren antzeko zenbait ezaugarri eta gainerako euskalkien aldean berezitasun handiak zituena. Bonaparte printzeak 1869. urtean euskalkiei buruz egin zuen lehen sailkapenaren arabera, erronkariera zuberera mota bat zen, baina euskalki berezitzat jo zuen 1880ean, Azkuek ondoren egingo zuen bezala. XIX. mendearen bukaeran hasi zen gaztelania Erronkariko bazter guztietara zabaltzen eta XX. mendeko hirugarren hamarkadan desagertzear zegoen euskara bertan. Erronkarierak ez du aparteko literaturarik eskaini, Bonaparte eta Azkuerekin harremanetan egon ziren informazio emaileen eta itzultzaileen lanak izan ezik. XX. mende erdialdetik aurrera, Izaban sorturiko Estornes Lasa anaiak izan dira erronkariera idatzia landu duten bakarrak. Badirudi 1990. urtean hil zela Iruñean erronkarieraz haurretan ikasirik mintzo zen azken euskalduna.