Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erroma

Antzinako Europako inperio nagusietako bat. Erromako hiriaren inguruan sortu zen eta handik aurrera Italiara, Mediterraneo Itsasoaren inguruko lurraldeetara eta Europako mendebaldeko eremu askotara zabaldu zen.  v  Erromako hiriaren jatorria. Augustoren inperioaren jainkozko izaera laudatzeko asmoz, Tito Livioren kondairek (Ab urbe condita libri) eta Virgilioren poema epikoek (Eneida) egituratu zuten betikoz Erromako hiriaren jatorriari buruzko elezaharra. Horren arabera, Eneas troiarra, suntsitutako Troiatik ihes egin eta Lazioko lurraldean babestu zen. Bertako Latino erregea ezagutu zuen, eta haren alaba Laviniarekin ezkondu zen. Lavinium hiria sortu zuten Eneasek eta Laviniak. Haien seme Askaniok Alba izeneko hiria sortu eta hamabi erregeren dinastia bati hasiera eman zion. Numitor, dinastia horretako azken erregearen alaba, Rea Silvia, Marte jainkoarekin batu eta lotura hartatik jaio ziren Romulo eta Remo bikiak. Bikiak basoan utzi zituzten; baina otseme batek hartu eta haren esneaz hazi ziren. Romulok sortu zuen Erromako hiria K.a. 751. urtean. Harrezkero, Romulo izan zen Erroma hiriko eta inperioko irudi nagusia, jainkoen mehatxuei aurka egin ziezaiekeen bakarra, berak ere jainkozko izaera baitzuen. Romuloren ondoren, errege sabino bik (Numa Ponpilio eta Tulo Hostilio) eta errege latino batek (Anko Martzio) gobernatu zuten K.a. 715-616 urteetan. Hiru errege etruriarrek hartu zuten haien lekua K.a. 616-509 urteetan (Tarkino Zaharra, Servio Tulio, Tarkino Harroa). Tarkino Harroak herri xehearen alde bideratu zuen tirania ezin eramanik, Erromako patrizio edo aitonen semeak haren kontra altxatu ziren, Bruto buru zutela, eta errepublika ezarri zuten K.a. 509. urtean. Luzaroan onartu zen Erromako hiriaren jatorriari buruzko elezahar hori eta azken mendeetako aurkikuntza arkeologikoek berretsi egin dute oro har haren oinarria. K.a. X. mendean hasi ziren herri latinoak lurralde haietan jartzen eta K.a. VIII. mendean sortu zuten Erromako hiria: zazpi mendietako (septimontium) herri latinoak liga bakar batera bildu ziren, sabinoak nagusi betiere.  v  Lazioko herrien jatorria. K.a. 2.000-1.000 urte bitartean, herri indoeuroparrak (Terramare eta Villanova) sartu ziren oldetan Italiako penintsulan eta bertako herriekin (Liguriak) nahasi ziren. Kultura, teknika eta hizkuntza askotako herriak sortu ziren nahasketa haien ondorioz: iapygiarrak, venetoak, samnitak, oskoak, latinoak, sabinoak, marsoak, ekuoak, volskoak, unbriarrak. Feniziarrek eta greziarrek eragin handia izan zuten Italiako penintsulan, baina Lazioko iparraldean bizi ziren etruriarrek egin zuten herri haien guztien batasun politikorako lehen saioa. K.a. VI. mendearen hasieran Erromaz jabetu ziren etruriarrak eta K.a. 474. urtean egotzi zituzten erromatarrek Laziotik kanpora, Cumako gudua galdu ondoren. Etruriarrek berebiziko eragina izan zuten Erromako historian: garai hartan eraiki zen lehen harresia, biztanleak lau hirialdetan banatu ziren eta armada antolatu zuten. Etruriako zibilizazioaren bidez, Erromak izugarri bizkortu zituen Greziarekiko harremanak. Garai hartan eraiki ziren lehen monumentuak: Jupiterren tenplua Kapitolioan, Vestaren tenplua Foroan, Zirku Handia. Erlijioaren oinarriak sendoak ziren eta Erroma Lazioko lehen hiria zen.  v  Errepublikaren hastapenak eta Italiako konkista (K.a. 509 - K.a. 272). Azken errege etruriarra eraitsi ondoren, patrizioek jaun eta jabe gobernatu zuten Erroman lehen urteetan. Erregeari zegozkion aginte guztiak bereganatu zituzten. Patrizioak gens edo familia lurjabe handietan banatzen ziren. Haien zerbitzuan zeuden cliens edo mendeko herri xehea. Senatuko kideak eta agintariak (magistratus), pretore nahiz kontsulak, patrizioak ziren. Patrizio aristokraten eta plebe edo herri xehearen arteko gatazkak izan ziren nagusi errepublikaren hasierako urteetan. Erromako hiriak berak zehazten zuen klase bereizketa hori: patrizioak Palatinoaren inguruan bizi ziren eta haientzat baizik ez zen Kapitolioko kultua; plebeioak, ordea, Aventinora biltzen ziren, Zeres jainkosaren tenpluaren inguruan. Arian-arian, antolamendu militarrean zeukan garrantziari esker, gero eta eskubide gehiago eskuratu zuen plebeak eta K.a. 471. urteko matxinadaren ondoren plebearen tribunoak sortu ziren (herri xeheak bere eskubideak babesteko aukeratzen zuen kargu politikoa). K.a. 450. urte aldera berridatzi zituzten oinarrizko legeak (Hamabi Taulen Legea) eta K.a. V. mendearen bukaeran aginte karguetara heltzeko eskubidea, magistratus izateko ahala, eskuratu zuen herri xeheak. Patrizioen esku jarraitzen zuen, ordea, benetako ahalak. Errepublikako gobernuak aginpideen arteko oreka zuen oinarri eta Senatuak, agintariek eta herri xeheak elkarri ezarritako kontrolak bermatzen zuen oreka hura. Herriak aukeraturiko agintariek, hau da, bi kontsulek (consul, errepublikako agintari nagusia), pretoreek (praetor, legeak interpretatu eta betearazten zituen agintaria), edilek (aedilis, hiriaren egoeraz eta horniduraz arduratzen zen agintaria) eta kuestoreek (quaestor, finantzez arduratzen zen agintaria) aginte eragilea zuten beren esku, baina benetako aginte nagusia Senatuak zuen betiere. K.a. V. mendetik aurrera, Erromako hiria etruriarren, latinoen, volskoen, ecuoen eta galiarren aurka borrokatu zen, baina herri samnita izan zuen arerio sendoena. Samnium izeneko lurraldeaz jabetu ondoren, Erromako hiriaren esku geratu zen Italiako penintsula, hegoaldeko hiri greziarrak izan ezik. K.a 272. urtean, Tarentoko hiriaz jabetu ziren erromatarrak. K.a. III. mendearen hasieran, Italiako penintsulako herri nagusia zen Erromako hiria.  v  Mediterraneo Itsasoaren inguruko herrien konkista (K.a. 264 - K.a. 118). K.a. 264. urtean, erromatarrek Siziliara igaro eta kartagotarren aurkako erasoari ekin zioten. Greziarren hiriak arriskutsuak ez baziren ere, Kartagoren indar militarrak kolokan jar zezakeen Erromako hiriaren nagusitasuna, eta, beraz, gerra hasi zen. Hiru aldi nagusi izan zituen Erromaren eta Kartagoren arteko gerrak (Gerra Punikoak). Bigarren Gerra Punikoaren ondoren (Zamako garaipena, K.a. 202), Filipo V.a Mazedoniako eta Antioko III.a Siriako erregeen aurkako erasoari ekin zion Erromak eta, Zinoskefalos (K.a. 197), Termopilas (K.a. 191) eta Sipiloko Magnesiako (K.a. 189) garaipenei esker, ezereztu ziren errege haien inperioak. Pertseo, Filipo V.aren semea, saiatu zen Mazedoniako inperioa berriro jasotzen, baina Erromak azpiratu zuen Pidnako guduan (K.o. 168). K.a. 146. urtean berriro ere saiatu ziren mazedoniarrak eta greziarrak erromatarrak beren herrietatik kanpora egozten, baina Erromak Korintoko hiria suntsitu eta Erromaren mendeko herrialde bihurtu ziren lurralde haiek. 146. urtean berean amaitu zen hirugarren eta azken Gerra Punikoa. Kartagoko hiria birrindu ondoren, Ipar Afrikako probintzia hasi ziren eratzen erromatarrak. K.a. 133. urtean, Atalo Pergamoko erregeak erromatarren eskuetan utzi zuen bere erresuma eta Asiako probintziako lurralde bihurtu zuten lau urte geroago. Eszipion Emiliano Afrikarrak Hispaniaren konkista hasi zuen, bere aitonak K.a. 209. urtean hasi zituen urratsei jarraituz. Lusitaniarrek eta zeltiberiarrek, ordea, ez zuten onez eraman asmo hura eta erromatarren aurka altxatu ziren. K.a. 139. urtean, Viriato lusitaniarren buruzagia hil zuten erromatarrek eta K.a. 133. urtean Numantziako hiri zeltiberiarra hartu zuten, hamar urtez luzatu zen setio baten ondoren. K.a. 178. urte aldera antolatu zuten konkistatzaileek Euskal Herriko lehen hiri erromatarra (Gracurris, egungo Alfaro), Ebro ibaiaren ertzean. Italiako penintsularen eta Hispaniaren artean, Narbonensis izeneko probintzia antolatu zuten erromatarrek K.a. 118. urtean. Berrogei urteko epean, Mazedoniaz, Asia Txikiaz, Ipar Afrikaz, ia Hispania osoaz eta Narbonensis herrialdeaz jabetu zen Erroma. Zabaltze horrek errotik aldatu zituen erromatarren ohiturak eta bizimodua, Katon zentsoreak besterik nahi izan zuen arren. Aristokrazia lurjabeak hiriko politikari loturik jarraitzen zuen arren, beste politikari mota bat agertu zen Erroman: ekintza militarrei uko egin gabe, alderdi humanista intelektualak landu nahi zuena. Estoikoen filosofiak eragin berezia izan zuen Erromako intelektualen artean eta Eszipion Emilianoren zirkuluak berebiziko bultzada eman zion tradizio erromatarra eta greziarra uztartzen zituen joera humanista berriari. K.a. II. mendetik aurrera, aldatzen hasi ziren Erromako ohiturak eta legeak. Onartu ondoren, errepublikaren amaierako urteetan guztiz hedatu zen dibortzioa. Emakumeek ondasunen jabetzarako eskubideak lortu zituzten eta familiek ordu arte izan zuten erabateko nagusitasuna galdu zuten. Garai hartan hasi ziren Erromako emakumeak politika eta kultura inguruneetan nabarmentzen. Hala ere, Erromako oreka ekonomikoa guztiz hautsi zuten konkista militarrek eta errepublikaren amaiera ekarri zuen gizarteak bizi zuen egoera larriak.  v  Gerra zibilak eta errepublikaren amaiera (K.a. 133 - K.a. 27). Konkistek ematen dituzten errentetatik urrun baitzeuden, nekazariak izugarri pobretu ziren azken mende horretan. Erromaren mendeko probintzietako nekazariak lurjabeen aurka altxatu ziren eta senatuko oligarkiak ez zien beharrezko erreformei biderik eman. Egoera horrek hala bultzatuta, bi taldetan banatu ziren patrizioak: optimates kontserbadoreek bere horretan jarraitu nahi zuten eta, haien aurka, populares izenekoak, Tiberio eta Kaio Grako buru zirela, gizarte mailako berrikuntzak bultzatzearen alde agertu ziren. Senatuak, ordea, galarazi zituen Graccoek proposaturiko lege berritzaileak. Popularrek Jugurta Numidiako erregearen aurkako gerran nabarmendu zen Mario aukeratu zuten kontsul K.a. 107an. Haren kontra altxatu zen Sila, Senatuko kontserbadoreen jarreraren alde egin zuen gizona. K.a. 88. urtean kontsul izendatu zuten Sila. Gerra zibil baten ondoren, Sila nagusitu zen K.a. 82. urtean eta bi urte geroago oligarkia kontserbadoreak berreskuratu zuen aginte guztia. Bitartean, Erromako armadak etengabeko borrokan ziharduen leku askotan. K.a. 80. urtean, Sertorio, Marioren laguntzailea, Silaren jarraitzaileen aurka altxatu zen Hispanian, lusitaniarrei lagundu zien erromatarren borrokan eta erresuma berezi bat antolatzen saiatu zen Oskako hirian (egungo Huesca). Ponpeio, Silaren laguntzaileak, menderatu zuen K.a. 72. urtean. Herri euskaldunek parte zuzena izan zuten gerra hauetan: oste euskaldunak altxatu ziren Sertorioren alde eta K.a. 75-74eko neguan Iruñean finkatu zuen Ponpeiok bere kuartel nagusia, Galiaren eta Hispaniaren arteko komunikabideak sendotzearren. Historialari erromatarrek Pompaelo izenaz adierazten duten hiria, euskaldunen Iruñea, Ponpeiok sortu zuen. Bestalde, K.a. 73. urtean esklaboek eta nekazariek osaturiko armada bat altxatu zen Italian erromatarren aurka, Espartako buru zutela, baina Krasok eta Ponpeiok menderatu zuten K.a. 71. urtean. Urtebete geroago, Kraso eta Ponpeio Erromako kontsul izendatu zituzten eta Silak kenduriko aginte guztiak berreskuratu zituzten popularrek. Ponpeiok amaiera eman zion Mitridatesen aurkako gerrari (K.a. 66) eta, bitartean, barne gatazkek (Katilinaren saioa) lehen mailan ezarri zuten Julio Zesar militar eta politikaria. Ekialdetik itzulita, Ponpeiok ez zuen Erroma diktadura baten mendean ezarri nahi izan eta lehen hirutariko agintaldia osatu zuen, Kraso eta Zesarrekin batera. Zesar egoera horretaz baliatu zen nagusitzeko. Zesar hil ondoren (K.a. 44), bi gizon lehiatu ziren agintearen alde: Marko Antonio, Zesarren lehen laguntzailea, eta Oktavio, Zesarren semeordea. Elkarren etsai izan ziren hasieran (Modenako gudua, K.a. 43ko martxoa), baina elkarrenganatu eta bigarren hirutariko agintaldia osatu zuten Lepidorekin batera (K.a. 43ko azaroa). Barne arazoak ez ziren, ordea, amaitu, eta errepublikazaleen aurkako neurriak hartu zituzten (Zizeronen hilketa, Bruto eta Kasioren hilketa eta Sexto Ponpeioren aurkako gerra). K.a. 40. urtean, hiru agintarien artean banatu ziren Erromako lurraldeak: Sartaldea Augustorentzat, Sortaldea Antoniorentzat eta Afrika Lepidorentzat. K.a. 36. urtean lurralderik gabe utzi zuen Oktaviok Lepido eta K.a. 31. urtean Antoniori nagusitu zitzaion Actiumgo itsas guduan. K.a. 30. urtean Erromaren mendeko probintzia bihurtu zen Egipto eta Erromak agintari bakar bat zuen: Oktavio.  v  Augusto eta Erromako Inperioa (K.a. 27 - K.o. 14). Historian lehenengo aldiz, aginte politiko bakar batera bildu ziren Mediterraneoaren inguruko lurralde guztiak. Senatuak agintari nagusitzat onartu zuen Oktavio eta augustus («guztiz ohoragarri») titulua eman zion. Augustok estatu berri bat, munduko ordena berri bat, osatu nahi izan zuen. Hasteko, mugak sendotu eta probintzia guztietako administrazioa antolatu zuen. Inperioaren beharkizun berriei erantzun nahi izan zien, baina egiteko horretan ez zuen erromatarren antzinako kultura ondarea arriskuan jarri. Ezarri zuen pax romana («Erromatar bakea») haren emaitzak ez ziren txikiak izan: inperioaren garaian ez zen gerra zibilik izan, barne gatazka batzuetako gorabeherak izan ezik, eta inperiotik kanpoko herrien aurkako gerrek mugako lurraldeak baizik ez zituzten ukitu (Augustoren garaian beretu zituzten erromatarrek Kantabria eta Asturiasko lurraldeak [K.a. 19]. Bestalde, urte haietan hasi ziren erromatarrak Euskal Herri osoa nolabait kontrolatzen). Legezko eta ideologiazko bateratzearen aldeko saioak erdizkako emaitzak baizik ez zituen eman. Inperioa oso zabala zen, herri eta zibilizazio guztiz desberdinak hartzen zituen bere baitan, eta erromatarrek hiri berriak baizik ez zituzten benetan menderatzen. Hiriak hazi egin ziren baina landetako nekazarien egoera ez zen nabarmenkiro hobetu, esklabotasunaren antzeko erregimenek zutik zirauten eta hiri nagusietatik kanpora nekez sartzen ziren erromatarren kultura molde, ohiturak eta hizkuntza. Bestalde, Augustoren garaian mamitu zen erromatarren literatura klasikoa (Horazio, Virgilio, Tibulo, Propertzio, Ovidio, Tito Livio) eta artea. Augustok bultzatu zuen arte ofizialak Italiako penintsulako arte molde errealistak eta enperadorea goratzeko arte molde berezia (erretratuak egiteko molde bat ezarri zuen Augustok) bildu nahi izan zituen. Greziako tradizio estetikoak bere egin bazituen ere, zibilizazio berriak ekarri zituen arazoei erantzuten saiatu zen Erromako artea. Arkitekturak egoera ekonomiko-sozialari erantzun behar izan zion bete-betean: hiri kontzentrazio handiak eraikuntza erraldoiak eraiki beharra ekarri zuen eta, horrenbestez, neurri handiko bainu-etxeak, anfiteatroak eta akueduktuak egin ziren Erroman. Horrez gainera, handitasun horrek berak arkitektura forma berriak ekarri zituen. Orobat Augustoren garaian erretratuak egiteko molde orekatsu bizia nagusitu zen eta ikuspegien pintura ere oso zabaldu zen, etxeetako barne dekorazio gisa (pintura helendarraren modura). Bestalde, lorategiak, iturriak eta aisiarako etxeak ugaldu ziren aberatsek horretarako hautatutako lekuetan. K.o. I. eta II. mendeetan eraiki ziren Erromako eta inperio osoko monumentu gehienak (Bakearen aldarea, Apoloren tenplua, Palatinoko etxeak).  v  K.o. I. eta II. mendeetako Inperioa: julio-Klaudiotarrak, flaviotarrak eta antoniarrak (K.o. 14 - 192). Augustoren ondoren, julio-Klaudiotarrek agindu zuten Erromako inperioan (Tiberio, Kaligula, Klaudio, Neron). Odol giroan igaro ziren erreinaldi hauetan barne nahiz kanpo arazo larriak izan zituzten erromatarrek, eta beren mendeko herriek jaso zituzten ondorio latzenak: germaniarrei nagusitu zitzaizkien erromatarrak (K.o. 14-16), Britainiaz jabetu ziren K.o. 43-47 urteetan, Boadizeo erregea menderatu zuten Britainiako uhartean (K.o. 60), Vologesio partiarren erregea azpiratu zuten K.o. 58-66. urteetan). Eraikuntza lanak ugaldu ziren, bestalde: Ostiako portuaren zabaltzea, Koloniako hiriaren sorkuntza. Bestalde, hiritarren eskubide politikoak berdindu ziren neurri batean, Erromako herritartasuna ia inperioko lurralde guztietara hedatu ondoren. Militarrek beren enperadoreak (Galba, Odon, Vitelio) ezarri zituzten krisialdi baten ondoren, Vespasianok hartu zuen berriz aginpidea, eta flaviotarren dinastia hasi zen (69-96, Vespasiano, Tito, Domiziano). Domizianoren tiraniaren ondoren agertu ziren antoniarrak (96-192). Enperadore antoniarrak liberalagoak izan ziren; haien garaian heldu zen inperioa bere gorenera (Nerva, Trajano, Hadriano, Antonino Pio, Marko Aurelio) eta lurralde berriak hartu zituen (Dazia, Mesopotamia, Armenia, Nabatene). Alabaina, milaka gotorleku, harresi eta harresi-hiri eraikiagatik, germaniar eta parto herriak inperioko mugak erasotzen hasi ziren. Comodo enperadoreak, Marko Aurelioren semeak (180-192), enperadore Klaudiotarren giro beldurgarria ezarri zuen berriro. Administrazio zentralistari esker, dirutza ikaragarriak irabazi zituen aristokraziak, eta aisiarako (otium) besterik bizi ez zen klase bat nagusitu zen Erroman, herriarentzat bi euskarri baizik uzten ez zuela: ogia eta zirkuko jokoak (panem et circenses). Inperioaren gainbehera igartzen hasi zen garai hartan: klaseen arteko desberdintasun sakona iraunarazi nahi zuen politika molde paternalistak, gehiegikeriek, pitagorismoaren, estoizismoaren eta kristautasunaren zabalkundeak, erlijio ofizialaren esklerosiak eta arazo ekonomiko larriek (nekazaritzaren krisiak, merkataritza sarearen pobreziak) arras ahuldu zuten inperioa, eta armadaren eragina gero eta nabarmenagotu zen. Inperioa oso zabala zen eta etnien arteko desberdintasunak erabatekoak. Giro horretan landu zen literaturak iraganera eta satira edo kritikara jo zuen sarritan (Tazito, Plinio Gaztea, Kintiliano, Martzial). Estoizismoak kutsaturiko filosofia joerak nagusitu ziren (Persio, Lucano, Seneka). Molde akademiazale klasiko hotz bat jarraitu zitzaion Augustoren garaiko arteari. Obra beraren errepikapenak zabaltzen ziren han eta hemen inperio osoan barrena (Antinoo -ren eskulturak esate baterako).  v  III. mendeko krisia: anarkia militarra eta enperadore iliriarren zuzentze saioak (193-305). Comodoren hilketak argi eta garbi utzi zuen zein sakon zen agintari politikoen eta militarren arteko aldea eta lejioak aginpidea eskuratzeko lehian abiatu ziren garai nahasi bat hasi zen. Hiru hilabetez agintean egon ondoren, Pertinax enperadorea hil zuten kargu hartan ezarri zuten pretore berberek (193) eta Didio Julianori saldu zioten inperioa, enkantean (193). Septimo Severok eraitsi zuen Didio Juliano eta severotarren dinastia sortu zuen (193-235, Septimo Severo, Geta, Karakala, Elagabal, Severo Alexandro). Septimo Severok ezarri zuen antolamendu politiko berriaren arabera, Senatua inolako ahalmenik gabe geratu zen eta armadak hartu zituen eskubide guztiak. Krisiak gorena jo zuen Severo Alexandro hil ondoren. Germaniar herrien (frankoak, alamanak eta godoak) eta persiarren erasoei erantzutearren, militar onenak aukeratu zituzten enperadore (Maximino I.a, Gordiano I.a, II.a eta III.a, Filipo Arabiakoa, Dezio, Valeriano, Galiano). Armada inperioko mugetara eraman zuten barbaroen erasoei eusteko, baina gobernu egonkorrik ezin antolatu zutela, haien agintaldiak laburrak izan ziren eta banakuntzarako saioak izan ziren probintzia batzuetan (Postumo Galian, Zenobia Ekialdean). Enperadore iliriarrek sendotu zuten berriro inperioa (268-283, Klaudio II.a Gotikoa, Aureliano, Probo, Karo). Armada eta administrazioaren antolamendua indartu zituzten eta eguzkiaren erlijioa sustatu zuten. Diokleziano izan zen azken enperadore iliriarra (284-305): barbaroak ahuldurik zeudela eta, inperioa berriro osatu eta tetrarquia izeneko gobernua ezarri zuen (lau agintari nagusi, bi augustus eta bi caesar, Erromako inperioko lau lurralde nagusietako gobernari nagusiak). Diokleziano, Maximiano, Konstantzio Kloro, Galera, Severo eta Maximino Daia izan ziren tetrarkiako enperadoreak.  v  Inperio kristaua: Konstantinoren agintalditik Teodosioren heriotzara (305-390). Dioklezioanoren ondoren, ekialdeko erregetza baten tankera gero eta handiagoa hartu zuen inperioak. Konstantinok kristau bihurtu zuen; agintea izugarri zorroztu zuen eta enperadoreak beretzat hartu zuen mendeko guztien kristautze lana, erromatarren benetako Aita Santua bailitzan. Bestalde, gizarte egiturek bere horretan iraun zuten eta aristokrata handien ekonomia ahalmena handitu zen. Bi ekoizpen molde indartu zuten lurjabeek nekazaritzan: coloniae edo kolonietan, lantzen zuten lurrari loturik bizi ziren nekazariak (libre baziren ere, ez ziren lantzen zuten lurraren jabe, eta lur horrek emandakoaz ordaintzen zuten errenta) eta patronato delakoaren bidez, lurjabe txikia lurjabe edo nagusi handi baten zerbitzupean jartzen zen. Zergak zirela eta, estatuak babestu egin zituen jabetza kontzentrazio handi horiek, baina lurjabe handi haien ahalmen handiak kolokan jarri zuen estatua bera behin baino gehiagotan. Juliano Apostatak (361-363) aurreko erromatarren erlijioa (eguzkiaren gurtza) suspertzen eginiko saioa Teodosiok galarazi zuen, eta kristau jarraitu zuen Erromak inperioa desegin zen arte.  v  Inperioaren banakuntza (395-476). Teodosiok bitan banatu zuen inperioa bere testamentuan: Arkadiori eman zion Sortaldea eta Honoriori Sartaldea. Inperioren batasuna hautsia zen betiko. IV. mende bukaeratik aurrera, godoak eta bandaloak nabarmendu ziren inperioko armadako buruzagien artean. Estilicon bandaloak eta Rizimero sueboak, esate baterako, ahalmen handia izan zuten beren garaian. Gainera, mugaz haraindiko barbaroen erasoek luze gabe jo zuten inperioko bihotza: 410. urtean, Alarikoren bisigodoek birrindu zuten Erromako hiria, beste horrenbeste egin zuten 455. urtean Genseriko bandaloaren osteek, eta 476. urtean, Odoakro heruloak inperioko agintaritzatik kendu zuen Romulo Augustulo Mendebaleko inperioko azken enperadore erromatarra. Erromako Ekialdeko Inperioak zutik iraun zuen 1453. urtea arte (ik. Bizantzio).  v  Artea. Erromatarren antzinateko zibilizazioak bere arte propioa izan zuen, haien aurreko greziarren eta etruskoen lanetan oinarri hartuta, eta mendean hartzen zituzten herrien estiloak bereganatu ondoren. Erromako artetzat hartu ohi da Italiako penintsulan bilakatu zena K.a VIII. mende hasieratik K.o. IV. mendea arte. Kristau artearen hasieran hasi zen antzinateko Erromako artearen bukaera. Erromatarren arteak batasun berezia lortu zuen, batasun politikoari esker. Erromako zibilizazioak hiri handiak eraiki zituen, eta haien erakusgarri dira hiriak babesteko erabili ziren gotorlekuak (harresiak, etab.), eta herri lanak (errepideak, akueduktoak, zubiak, etab.).  v  Arkitektura. Erromako arkitekturak, Greziakoaren aldean, apainketaren erabilera findua zuen. Dekorazioek eta moldurek garrantzi erabatekoa izan zuten. Arkitektura ordenak aberastu egin zituzten, erromatarrek asmatu baitzituzten elkartua eta toskanoa (korintioaren eta dorikoaren aldaketak). Greziarrengandik eta etruriarrengandik hartu zituzten arkua eta ganga, eta haiek erabiliz eraiki zituzten, lan erraldoiak (Erromako panteoiaren ganga adibidez). Bestalde, elementu berriak ere sortu zituzten, hala nola harresi eta habe sendoen erabilera berezia, eta era horretan zutabeen funtzio apaingarri hutsa baztertu zuten. Beren lanetan, harria erabiltzen zuten gehienbat, eta adreilua nahiz zementua. Azken horiek material pobreak zirenez, marmola erabiltzen zuten haien estalgarri. Sortu zituzten hirietarako, etruskoen antolamendua hartu zuten eredu: bi ardatz elkarzut ziren bide nagusiak, kardoa eta dekumanoa; bien elkartzegunean foroa eraiki ohi zen, hiriko bizitza egiten zen lekua, eta han zeuden tenpluak eta basilikak (Trajanoren foroa, Erroman). Erlijiozko arkitekturarako greziarren tenplua hartu zuten eredu, baina ezberdintasun batekin: podium edo oinarri bat eraikitzen zuten azpian, eserlekuak aurreko aldean bakarrik zituztela (Fortuna Viril, Erroman; Maison Carrée, Nimesen). Oinarri biribilekoak ere eraiki zituzten (Vestarena eta Agriparen panteoia, Erroman). Erromatarrek elementu berriak sartu zituzten basiliken eraikuntzarekin. Oin lauki zuzeneko eraikuntzak ziren, bilkuretarako, merkataritzarako, eta epaiketetarako erabiltzen zirenak. Geroko eliza kristauen eredu izan ziren haiek. Erromatarren hiriek, gainera, termak zituzten, beren bainu, liburutegi, areto, eta atletentzako gelak barruan zirela (Karakalarenak esaterako, Erroman). Aisiarako eraikuntzak ere bazituzten; antzokiak greziarren erara antolatuak zeuden zirkulu erdian, baina ezberdintasun txiki batzuekin, erromatarrek ez baitzioten antzerki lanetan greziarrek adinako garrantzia ematen koruari (Meridako antzokia, Espainian). Aisiarako beste eraikuntza batzuen artean, zirkuak eta koliseoak zeuden, ikuskizunak eta jokoak egiteko (Zirku Maximo, eta Erromako koliseoa). Patrizioen etxebizitzetako gelak barneko hutsarte baten inguruan zeuden antolatuak. Hutsarte horretan elementu garrantzitsua izaten zen urmaela, euri ura jasotzen zuena. Etxe bakoitzak bere gurlekua zeukan, etxeko arbasoei eskainia. Hirietan, eta garaipenak ospatzeko, erromatarrek garaipen arkuak eraikitzen zituzten foroetan, zubien sarreratan edo galtzada bazterretan. Era horretako eraikuntzak ziren zutabeak ere, erromatarren asmaketa berez: enperadoreen gudu eta egitandi nagusien agergarri ziren, eta behe-erliebeetan azaltzen zituzten (Trajanoren zutabea, Erroman). Erabilgarritasunari asko begiratzen zioten erromatarrek, eta galtzada sare handi bat hedatu zuten inperioan zehar (via Apia eta via Flaminia). Galtzada haietan badira zubiak, akueduktuak (Segoviakoa, esaterako), gaur arte erabili direnak, sendo eta gotorrak.  v  Eskultura. Arkitekturan bezala, Greziako eragina jaso zuen Erromako eskulturak. Erromatarrek Greziako jainkoak erromatartu zituzten, eta, Grezia bereganatu ondoren (K.a. 146. urtean) haien eskultura moldeak ere jabetu ziren, eta haien marmolezko kopiak egin zituzten. Hiriak eskulturaz bete ziren eta erromatarren geroko sormenerako zertzeladak handik hartu zituzten. Erromatarrek erretratua eta kontakizun erliebea landu zuten batez ere. Haien ikusmoldea errealista zen, eta beren zibilizazioa iruditan emateko zaletasun handia zuten. Era guztietako erretratuak egin ziren (gorputz osokoak, burua, bustoa), eta beti errealismo handiz. Gorputz osoko irudiak ere egiten zituzten: zutikakoak, etzanak ala zaldi gainekoak. Enperadorearen erretratu ofizialaren ohitura sortu zen. Kontakizun erliebeak edo erliebe historikoak Asirian zuen jatorria, eta erromatarrek hartu eta pintura itxura handiagoa eman zion, perspektiba ikuspuntuarekin, ikuspegiei buruzko xehetasun ugari eta pasadizo askorekin. Augustoren garaian Ara Pacis apaintzen duen erliebea egin zen; eta garrantzi handikoa da, harekin batera, Trajanoren zutabeko kontakizun erliebea, enperadore horren egitandiak kontatzen dituena.  v  Pintura. Greziaren eragina handia izan bazen ere, bere estilo berezkoa izan zuen Erromako margolanak. Margolariek patrizioen etxeetako hormak apaintzen zituzten, gela bakoitzaren zeregina zein zen, halako gaia hartuz. Vesubio sumendiaren erupzioak Ponpeia herria lur azpiratua utzi zuen. Herriaren hondakinak aurkitu zirenean, bertan aurkitu ziren Erromako antzinako pinturaren eredurik hoberenak. Haiei esker bereizten dira gaur Erromako pinturak izan zituen hainbat garai. Lehen garaiak K.a II. mende osoa eta I.aren lehen herena bete zuen. Gai txertatuen garaia deitzen zaio, marmoletako apainketak eta txertaketak egiten direlako. Bigarren estiloa (K.a. 70. urtetik K.o 14.era), arkitekturazkoa da. Zutabeak, frontoiak eta era horretako beste elementu batzuk erabiliz prespektiba ikuspegiak lortzen zituzten. Hormen erdialdean mitologiazko pasarteak irudikatzen zituzten, izadi hilak edo paisaiak. Estilo horren eredurik garbiena Misterioen Etxeko frisoa da. Hirugarren estiloa K.o I. mendearen erdirainokoa izan zen. Aurreko garaiko arkitekturak estilizatu egiten zituzten eta irreal bihurtzen, hornidura ugariz, gruteskoez eta haur irudi txiki bihurrituez (Vetios etxea). Laugarren estiloa Neronen garaikoa da (37-68). Berez, estilorik fantastikoena da, bihurria, eta kargatua.  v  Margolanean, mosaikoa nahitaez aipatu beharra dago. Zoruak apaintzeko helburua zuten, eta tesela izeneko marmolezko lauza txikiz osatuak ziren. Denborarekin teselak beirazkoak eta esmaltezkoak egin ziren, eta argi efektu harrigarriak lortu ziren horrela. Dekorazioa eskuarki geometrikoa izaten zen, eta erdi parean enblema izeneko apaingarri bat izan zuen.  v  Literatura. K.a. VI. mendean Lazioko ordokian etruriarrek zuten jabetasuna bukatu zen, eta galoen inbasioaren ondoren, K.a 390. urtean, latinoek auzo herriak menderatzeari ekin zioten. Garai hartan Italiako penintsulan hizkuntza asko hitz egiten zen latinaz gain: osko hizkuntzak, Unbriakoak, etruriarrak eta grekoak. Lazioan bertan dialekto ugari zen. Lurraldeak menderatu ahala, ordea, gutxiengo latinoak bestelako gehiengoaren eragin nabarmena jaso zuen. Horregatik esaten da auzo hizkuntzez nahastua edo osatua dela latina. Latin idatzia, gainera, hainbat jatorritako idazleek egin zuten. Literaturaren historian sei aro finkatzen dira, hurrenez hurren. 1. Eragin helenikoaz aurrekoa. Kantu erlijiozkoak eta profanoak ezagutzen dira. Arvaleen kantua, izen bereko nekazari anaidiak esaten zuena, eta Marteren apaizek hots egiten zituzten Salioen kantuak. Profanoen artean Neniak daude (naeniae), edo hil ondorengo eresiak, sehaska kantuak, soldaduenak, amodiozkoak, etab., eta Fescenioko poema, edo bertako laborariek, mozorrotuta, antzesten zituzten elkarrizketak. Literatura lan hauen guztien neurkera bertso saturnioa zen. Hitz lauz oratoria politikoa gordetzen da (Luzio Bruto, Marko Valerio), hil ondorengo hitzaldiak, arautegi juridikoak eta testu historikoak (Kronikak). Ezagutzen den lehen idazle latinoa Apio Klaudio Itsua izan zen. 2. Aro zaharra (K.a. 240-88). Greziarren eragina hasi zen Livio Andronikok bere lehen tragedia antzestu zuenean (K.a. 240). Erromako zenbait jende ikasia tragediaren alde agertu zen (Eszipioien taldea) eta beste batzuk kontra (Katon Zaharra). Generoak ez ziren banan banan agertu Grezian bezala, aldi berean baizik, eta, sarritan, autore batek genero bat baino gehiago zituen. Antzerkian, tragedia eta komedia dira nagusi. Livio Andronikoz gainera, Enio, Plauto eta Terentzio aipatu behar dira. Livio Andronikok hasi zuen poesia epikoa, eta Neviok eta Eniok eman zioten jarraipena. Eniok genero berria sartu zuen literaturan: satira (satura), gero Luziliok landu zuena. Prosa arkaikoan idazlerik ezagunena Katon Zentsorea izan zen. Erromatarrek joera handia izan zuten oratoriarako, eta genero horretan idazle sorta ugaria dago; Lizinio Kraso da ezagunena. Eredutzat Hereniori Erretorika, ustez Cornifiziok egina, hartzen zuten denek. Bestalde, historia, nekazaritza, gramatika eta bestelako gaiak ere landu ziren. 3. Zizeronen garaia (K.a. 88-44). Lukrezioren didaktika lana eta Katuloren poemak dira garai horretan nagusi (eskola neorerikoa). Eskola horretakoak izan ziren Elvio Zina, Valerio Katon eta Lizinio Kalvo, poesia alexandriar erara egiten zutenak. Eskola horretatik kanpo, poesia epikoa landu zuen Terentzio Varronek. Baina sasoi hori hitz lauzko lanengatik da batez ere ezaguna. Ia genero guztiak erabili ziren. Elokuentzia (Zizeron, batez ere, baina baita Hortensio, Zesar, Marko Antonio), historia (Zesar, Salustio, Nepote, Pomponio Atico), filosofia elkarrizketa (Zizeron), erudizio azterketak, zuzenbidea (Sulpizio Rufo), eta gutunak (Zizeron). Garai hartan eztabaida eta iskanbila asko izan ziren, eta halaxe islatu zen literatura estiloetan. Zizeronen harmoniak eta doinuak, Zesarren purismo arrakalarik gabeak, Salustioren orijinaltasunak, arkaismo eta guzti, literatura bizi baten ezaugarriak bete zituzten. 4. Augustoren garaia (K.a. 44-K.o. 14). Aurrekoaren aldean bake garaia izan zen Augustorena. Eskuarki, generoak aurreko garaiaren kontrako moduan landu ziren, eta poesia nagusitu zen prosaren gainetik. Sei poeta dira gailenak: Virgiliok, alde batetik gizonaren lana eta nekazarien bizimodua izan zituen kantagai Georgiarretan, eta bestetik Erromaren patuarekin batera gizonarena Eneidan; Horaziok giza askatasuna kantatu zuen, lirika orekatu batez eta perfekzio formalez; Tibulok eta Propertziok elegia landu zuten inork ez bezala; Tito Liviok Erromaren epopeia idatzi zuen hitz lauz, eta Ovidiok, geroxeago, amodioaren gorabeherak ondu zituen (Ars amatoria). 5. Augustoren heriotzatik Marko Aurelioren heriotza bitartekoa (K.o. 14-180). Augustoren heriotzaren ondoren hasi zen klasizismoaren ondorengo garaia. Garai horren ezaugarri nagusia jatorriz Italikoak ez ziren idazleak ugaritzea izan zen. Idazkeran joera arkaikozalea eta buruzagien kontrako jarrera nabarmendu ziren, errepublikaren oroiminez. Genero guztiak landu ziren, eta ordukoak ziren idazle ezagunenak: Seneka (tragedia, satira, filosofia) Martzial (epigramak), Plinio zaharra (zientzia literatura) eta Plinio gaztea (oratoria eta gutunak), Kintiliano eta Tazito (erretorikan), Petronio, Apuleio (eleberrian). 6. Marko Aurelio hil ondorengoa. III. mendean literatura paganoak etena izan zuen, susperraldirik izan bazuen ere, eta kristau literatura sortu zen IV. mendean, Dioclezianoren antolaketa berriarekin batera. Bien bitartean kristau literatura garatu zen San Anbrosio, San Jeronimo eta San Agustinen eskutik hitz lauz, eta Juvenco, Sedulio eta Prudentzioren eskutik poesian.