Germaniako Erromatar Inperio Santua
(Al. Heiliges Römisches Reich Deutscher Nation; Lat. Sacrum Romanum Imperium Nationis Germanicae). 962. urtean, Oton I.a Handia Saxoniako erregeak sortu eta Napoleon I.ak 1806. urtean deuseztatu zuen Europako inperioa. Erromako Sartaldeko Inperioa desagertu zenetik (V. mendearen bukaera), kristau guztiak aginte politiko bakar batera bilduko zituen erakunde baten ametsetan bizi zen elizako hierarkia. Inperio kristau horren aldeko lehen saio garrantzitsua 800. urteko Eguberri egunean egin zen: Leon III.a Aita Santuak enperadore hautatu zuen Karlomagno Erroman. Baina, Karlomagnok bestela nahi zuen arren, enperadore titulu horrek ez zuen mende t’erdi geroago arte baizik benetako aginterik ekarri. v Saxoniako etxea: Liudolfinger dinastia (962-1024). Errege frankoak jasotako enperadore titulua Saxoniako etxeak eskuratu zuen 962. urtean, Oton I.a Handiaren agintaldian. Saxoniako etxeko enperadoreak (Oton I.a, Oton II.a, Oton III.a eta Henrike II.a) Germaniako dukerrietan (Saxonia, Frankonia, Suabia, Bavaria, Lorrena), ekialdeko muga herrietan, Bohemian, Moravian eta Italiako iparraldean eta erdialdean izan ziren agintari. Frankoen erresuma inperio horretatik kanpo geratu zen hasieratik. Enperadoreek Aita Santuak hautatzeko parte hartzeko eskubidea lortu zuten. Oton II.aren garaian (973-983) «erromatar» deitura hartu zuen inperioak. Oton III.a Bizantzioko printzesa baten semea zen eta Erromara eraman zuen gortea, Erromako Inperioa berpizteko asmoz. Saxoniako etxeko enperadoreek Aita Santuen gaineko ahalak izan zituzten beti. v Frankoniako etxea: saliar dinastia (1024-1125). Konrado II.a lehen saliar enperadoreak (1024-1039) Burgundiako erresuma jarri zuen bere agintepean eta Henrike III.ak eraman zuen inperioa bere gorenera (1039-1056). Nikolas II.a eta Gregorio VII.a Aita Santuak enperadorearen aginpidetik kanpora hasi ziren jarduten eta tirabira horien ondorioz, 1076-1122 bitarteko urteetan luzatu zen Inbestiduretako gerra. Wormsko konkordatuaren arabera (1122), Aita Santuaren eta enperadorearen aginte eremuak bereizi ziren eta elizak, munduko arazoei buruzko aginte maila neurri batean galdu arren, inperioa erlijio eta etika gaietan bere mende izatea lortu zuen. Inbestiduretako gerren garaian hasi ziren Italiako hiriak inperioaren aurkako borrokan. v Hohenstaufengo etxea (1138-1250). Hohenstaufen etxeko enperadoreen garaian berriro piztu ziren inperioaren eta Aita Santuen arteko liskarrak. Frederiko Bizar-Gorriak (1152-1190) zisma bat erakarri nahi izan zuen Paskual III.a antipapari Karlomagno santu izendatzeko agindua eman zionean. Enperadoreen ahalmena indartu nahi izan zuen ekintza haren bidez. Inperioaren eta Erromako Aita Santuen arteko gerren ondorioz, inperiotik urrundu ziren Italiako hiriak. Siziliako koroa beretu ondoren, Henrike VI.ak Italiako hirien gain zuen aginpidea berretsi zuen, baina Konrado V.a Hohenstaufen etxeko azken enperadorea hil zutenean (1268), Italia Germaniako inperiotik bereiz zegoen, eta harekiko lotura betikoz hausteko zorian zegoen Burgundiako erresuma. Erromako eta Germaniako Inperio Santuak lurralde germaniarretan baizik ez zuen benetako indarra. v Habsburgoko etxea (1273 - 1806). Rodolfo I.a (1273 - 1291) izan zen Habsburgoko etxeko lehen enperadorea. Ehun eta berrogeita hamar urtez, Habsburgo, Luxenburgo eta Wittelschbacheko etxeetako enperadoreak txandaka izan ziren agintari. Karlos IV.a Luxenburgokoak Urrezko Bulda aldarrikatu zuen 1356. urtean. Bulda hark enperadoreak hautatzeko zehaztu zuen sistemaren arabera, Alemaniako zazpi printze hautesleen esku geratu zen enperadorea hautatzeko eskubidea. Aita Santuek esku izan zezaten galaraztea zuen bulda hark helburu nagusia, baina garbi utzi zuen hein berean germaniar hutsa zela inperio hura. XV. mendetik aurrera, herentziazko bihurtu zen enperadore titulua, printze hautesleek bete beharreko formak gorde ziren arren. Mende hartatik hasi eta inperioa amaitu zen arte, habsburgotarren eskuetan egon zen Germanietako inperioa. Erdi Aroan, Aita Santuen eta inperioaren arteko tirabirek amaierarik izan ez zuten arren, enperadoreak koroatzeko ohiturari eutsi zioten Aita Santuek. Maximiliano I.a (1493-1519) izan zen Aita Santuek koroatu ez zuten lehen enperadorea; Karlos V.a, haren hurrengoa, aldiz, azken koroatu zutena (1530). XVI. mendean, mamirik gabeko erakundea zen Erromako eta Germanietako Inperio Santua. Karlos V.a bizkortzen saiatu zen arren, Alemaniako printze hautesle gehienek Erreformaren alde egin zuten eta arras ahuldu zen enperadore katolikoaren aginpidea. Hogeita hamar Urteko Gerraren ondoren (1618-1648), enperadoreak Alemaniako lurraldeen gain zuen indarra guztiz galdu zuen, eta Habsburgoko etxeak zituen lurralde eta ondasunak baizik ez zituen gorde. 1804. urtean, Napoleonek enperadore izendatu zuen bere burua Aita Santuaren aurrean, antzinako Erromako Inperio hartako ordezkari gisa. Frantzisko II.a habsburgotarrak Austriako enperadore deitura hartu zuen eta 1806. urtean bertan behera utzi zuen enperadore titulu hura. Germanietaren eta Alemaniaren historian, I. Reich edo Lehen Inperioa izan zen Erroma eta Germaniako Inperio Santua; II. Reich-a izan zen Bismarckek eta Gilen I.ak bultzatu zuten Alemaniako Inperioa eta III. Reich izena eman zion Adolf Hitlerrek Alemaniako estatu nazionalsozialistari (1933-1945).
- errokizun
- Errolan
- errolda
- erroldatu, errolda, erroldatzen
- erroldatze
- Germaniako Erromatar Inperio Santua
- Erroma
- Erroma
- erromaera
- erromako zubi
- Erromako zubi