Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Errolan

(Fr. Roland; Esp. Roldán; It. Orlando). Karlomagno errege frankoaren inguruko elezaharretako pertsonaia nagusia. Karlomagnoren iloba zen. Eginhardo kronikari frankoaren arabera, Bretainiako Markako kondea zen (Hrudlandus izenaz) eta 778. urtean hil zuten euskaldunek Orreagan, Zaragozako mairuekin borrokatzetik zetozen Karlomagnoren osteei eraso ondoren. Errolan mairuen aurka borrokatu zen zaldun kristauen irudi bihurtu zuen elezaharrak. Frantzian lehenik (La Chanson de Roland) eta Italian ondoren (Orlando innamorato; Orlando furioso), Errolan Europako epikako pertsonaia nagusienetakoa izan da. Euskal Herrian, Errolan edo Arrolan indar handiko mito pertsonaia bihurtu zen, izugarrizko harri eta haitzak aireratzeko eta bere ezpataz arroil sakon handiak ebakitzeko ahalmena zuena; hala, erraldoi hitza Errolan izenetik dator. Pastoraletan ere maiz agertzen da Karlomagnorekin zerikusia duten gaietan.