Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Errezil

Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Urola-Kosta). Mugak: iparraldean Aia eta Zestoa, hegoaldean Beizama eta Bidegoian, ekialdean Asteasu, Alkiza eta Albiztur, eta mendebalean Azpeitia. Goratasuna 301 m. 32,2 km2. 1997ko datuen arabera, 636 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (errezildarrak). Auzoak: Arzallus, Errezil, Ezama, Ibarbia eta Letea. Errezil errekak Urola ibaiaren adarrak igarotzen du udalerria. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa 1996an: 614 euskaldun, 8 ia euskaldun eta 4 erdaldun. Herri nekazaria bada ere, bertako langile asko ari da lanean Azpeitiko lantegietan.  v  Historia. Errezil 1027. urteko Iruñeako Apezpikutegiko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Erretzil izenaz, Antso Handia Nafarroako Erregeak izenpetu zuen dokumentuan, alegia. Aia, Beizama, Bidania eta Goiazko herriekin batera osaturiko Saiazko Bailarako kide izan zen, 1563. urtean Filipe II.a Gaztelako erregearen dokumentu baten bitartez berezko alkatetza eskuratu zuen arte.