Erresistentzia
Bigarren Mundu Gerran, nazien eta faxisten okupazioaren kontra eraman zen borrokari ematen zaion izena. v Talde horien ekintzak era askotakoak ziren: ezkutuko aldizkariak argitaratzea, juduei eta soldadu aliatu zaurituei ihes egiteko laguntza ematea, alemaniarrei gerran trabak jartzea, soldaduak inguratzea, edo aliatuentzat informazioa jasotzea. Orokorrean talde batua izan zen erresistentzia, baina herrialde batzuetan zatiketak izan ziren komunisten eta komunista ez zirenen artean. Banaketa horiek Jugoslavian, Alemanian eta Grezian izan ziren, eta geroago Polonian eta Sobiet Batasunean. Belgikan mugimendu komunista nagusiari armadako soldadu izandako talde batek kontra egin zion. Frantzian, berriz, komunistak ziren erresistentziaren buru, Frantziako armadako soldadu ohiek, sozialistek, laboristek eta intelektualek erresistentzia taldeak osatu zituzten arren. 1943an Erresistentziaren Kontseilu Nazionala eratu eta izendatu zuten ezkutuan, erresistentziaren talde guztien arteko lotura izan zedin. Europako iparraldeko erresistentziakoek ere ekintza militarrak egin zituzten aliatuei laguntzeko.