Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erregetzarako Gerra, Espainiako

Karlos II.a Espainiako erregeak, seme-alabarik gabe hil eta Filipe Anjouko duke borboitarra, Luis XIV.aren biloba, testamentuan bere ondorengotzat utzi zuenean hasi zen gerra (1701-1714). Gerra horren ondorioz, Austria edo Habsburgoko etxeak Espainiako erregetza utzi eta borboitarrak nagusitu ziren Espainian. Horrez gainera, Espainiako koroak Europan zeuzkan lurraldeak galdu zituen, eta Espainiako nazioek eta lurraldeek eskubide guztiak galdu zituzten, Euskal Herriak izan ezik. Hasieran Leopoldo I.a Germaniako enperadorea baizik ez zegoen ados testamentu horrekin (bere seme Karlos artxidukearentzat nahi zuen koroa). Baina Gilen III.a Orangekoa Ingalaterrako erregeak ez zuen onartu Frantzia eta Espainiak familia bakar baten mendean egoterik eta bi herrialde horien aurkako aliantza osatu zuen Herbehereekin, Germaniako inperioarekin, Portugalekin eta Savoiarekin batera. Frantsesak indartsu hasi ziren Italian eta Alemanian (1701-1704), eta Madrilen borboitarra Filipe V.a izenaz errege izendatu bazuten ere (1701), Kataluniak independentzia aldarrikatu zuen, Aragoi eta Valentzia foruen alde altxatu ziren, Karlos Austriako artxidukeak armada bat osatu zuen eta Ingalaterrako osteak Belgikaz eta Ipar Frantziaz jabetu ziren. Nafarroa borboitarraren alde jarri zen (borboitarrak ziren Frantziako eta Nafarroako erregeak) eta gainerako euskal herrialdeetan erabaki bera hartu zen. Hasieran nagusitu baziren ere, frantsesek atzera jo behar izan zuten Marlborough dukearen eta Eugenio Savoiakoaren osteen aurrean eta Alemaniako (Rhin aldea) eta Italiako iparraldea utzi zuten. Karlos artxidukeak 1705. urtean ekin zion Espainiako kanpainari. Indartsu hasi zen (bi aldiz setiatu zuen Madril), baina etsi behar izan zuen geroago, Frantziak Filipe V.ari eskainitako laguntzari esker. Errege borboitarrak Kataluniako erasoari ekin zionean aurka altxatu zitzaizkion beren foruen alde ziharduten Aragoi eta Valentzia, baina menderatu zituen Almansan (1707). Gudu horren ondorioz, beren foruak galdu zituzten Aragoiko eta Valentziako lurraldeek. Kataluniak benetako nazio burujabe gisa eutsi zion erasoari 1714. urtea arte. Bartzelonako hiria hamalau hilabetez setiatuta eduki ondoren, Filipe V.aren osteak 1714eko irailaren 11n sartu ziren hirian. Zapalkuntza gogorra izan zen. Ordudanik, irailaren 11 izan da Kataluniak galdutako eskubideen egun gogoangarria. Gaur ere egun horretan egiten dute kataluniarrek beren Diada Nacional de Catalunya edo Aberri Eguna. 1716an, Filipe V.ak eman zuen Nueva Planta dekretuaren arabera, nazio eskubide guztiak galdu zituen Kataluniako nazioak eta indarrik gabe utzi zituzten bertako erakundeak. Beste hainbeste egin zuen geroxeago Balear Uharteetan. 1711. urtean Karlos artxidukea Austriako lurraldeetako nagusi bihurtu zen eta Bartzelonan zeuzkan osteak kendu zituen. Frantziak neurri handi batean murriztu zion Filipe V.ari laguntza. 1713an Utrechten izenpetu zen itunaren arabera, Filipe V.a Espainiako eta Ameriketako kolonietako erregea zen, baina koroak Europako lurralde guztiak galdu zituen. Victor Amedeo Savoiakoa Siziliako errege bihurtu zen eta ingelesak Gibraltar eta Menorcaren (1802 arte) jabe geratu ziren. Bestalde, bi eskubide garrantzitsu erdietsi zituzten britainiarrek espainiarren esku zeuden kolonietarako merkataritzan: esklabo salerosketaren monopolioa eta bertan manufakturak saldu ahal izateko eskubidea. Nafarroako eta penintsulako euskal lurraldeak Filipe V.a borboitarraren alde agertu ziren hasieratik. Hala ere, gerra bukatu eta lau urtera Filipe V.ak euskal foruen aurkako neurri murriztaileak eman zituen (aduanak Ebrotik itsas portuetara eta Bidasoara igarotzea, 1718). Herri matxinadei esker, Bizkaian bereziki, ez zuten ondoriorik izan neurri horiek, baina oso gogorra izan zen matxinada haien ondorengo zapalkuntza.