Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

errefrakzio

iz. Fis. Argi edo hots uhinaren norabidea aldatzea, uhina ingurune batetik bestera igarotzean gertatzen dena, haren lastertasuna aldatu izanak eraginda. Esate baterako, arinago doa uhina ur sakonetan ur meharretan baino. Hots uhinak arinago doaz aire epeletan hotzetan baino. Argiaren osagai diren uhin elektromagnetikoak ingurune biren arteko muga zeharkatzean ere errefrakzioa gertatzen da, izaten duten lastertasuna aldaketa dela medio. Eguzki izpia uhin luzera askotarikoa izaten da, koloregabea lehen ikusian; prisma batean zehar igarotzean, ordea, uhin luzera desberdineko argi osagaiak banatzen dira.  v  Opt. Argi izpi batek ingurune bi banatzen dituen gainazalean jotzean, zati bat islatu egiten da eta bestea bigarren ingurunean zehar hedatzen da zekarrena ez bezalako lastertasunarekin; horren ondorioz, argiaren norabidea aldatu egiten da. Snellen legeak zehazten du zenbatekoa izaten den aldaketa hori. Errefrakzio angelua eta errefrakzioaren zenbatekoaren araberakoa izaten da.  v  Argizagien errefrakzioa. Astr. Izarraren argiaren norabideko aldaketa; izarretik Lurrera doan argiak norabidea aldatzen du Lurreko atmosferan zehar igarotzean.  v  Errefrakzio angelua. Fis. Ingurune biak banatzen dituen gainazalean jotzen duen argi izpiak eta errefrakzioaren ondorioz gertatzen den izpi berriak gainazalarekiko elkarzut den marrarekin eratzen dutena.  v  Errefrakzio bikoitza. Kristal edo beira batean jotzen duen argia, norabide paraleloa duten beste bitan banatzean gertatzen dena. Islandiako espato delakoan gertatzen da adibidez.  v  Errefrakzioaren indizea. Argi uhina ingurune batetik bestera igarotzean izaten duen norabide aldaketaren neurria edo argiak jotzean eratzen duen angeluaren eta errefrakzio angeluaren sinuen arteko erlazioa adierazten duen zenbatekoa. Erlazio hori beti berdina izaten da.