Erreforma
XVI. mendearen hasieran mundu kristauan gertatu zen zisma edo banaketa. Eliza kristauak inoiz izan duen zisma handiena izan zen. Banaketa horren ondorioz, sortu ziren eliza protestanteak. v Erreformaren sorburuak. Erdi Aroan kristau elizako hierarkiaren aurkako salaketa ugari izan zen: mugimendu asko izan ziren mende haietan, Aita Santu askok administrazioan, politikan nahiz etikaren alorrean zuten jarduera lotsagarriaren aurka. Erreforma hauetako batzuk ortodoxiaren barnean egin ziren (Gregorio VII.a, San Bernardo, San Frantzisko Asiskoa); beste batzuk, ordea, heresiatzat jo zituzten (Valdés, kataroak, fraticelli delakoak, Wyclif, Hus, Savonarola). Higikunde haiek guztiek, alabaina, kristautasuna bere oinarrietara bihurtzea zuten helburu. Bestalde, Errenazimentuko humanismoak pentsamendu molde askeagoak ekarri zituen Europara XV. mendetik aurrera (Erasmo izan zen antzinateko filofosofia, izpiritu klasikoa eta kristautasuna uztartu zituen pentsalari handiena). Horrez gainera, XV. mendeko asmakari handi batek, inprimategiak, irauli egin zituen ordu arteko liburugintza bide guztiak eta leku jakin bateko zisma bat baizik izan ez zitekeena Europako bazter guztietara hedatu zen, inprimategi esker. v Martin Lutero. Martin Luterok, Frederiko Zuhurra Saxoniako hauteslearen babesa hartu zuen fraide agustindarrak, ekin zion erreformari 1515. urtetik aurrera, bai erlijiozko jardueran (meza eta sakramentuen murrizpena, fraideen botoak eta apaizen kastitate botoa kentzea, hautapena) bai jarduera zibilean (printzeek aukeraturiko “ikuskatzaileen” zainpean ezartzea elizak). Ez zen, ordea, erreformatzaile bakarra izan: Karlstadti, Münzeri eta anabaptistei aurre egin behar izan zien, eta eztabaida biziak izan zituen Zwinglirekin eta beste batzuekin. Hala ere, Lutero izan zen erreformaren gidari nagusia. Ez zuen Augsburgoko dietan (1530) parte hartzerik izan, baina bere ideiei leial jarraituz, Karlos V.a enperadorearekin betikoz hausteko lehen urratsa eman zuen eta 1536an, Zwingli hil ondoren, erreformatzaileen batasunaren atzetik zebilela betiere, haren jarraitzaileekin bildu zen Wittenbergeko hitzarmenean. v Politika eta erreforma. Wormsko ediktutik aurrera (1521), Luteroren aurkako neurriak hartu zituen Karlos V.a enperadoreak. Hala ere, Germaniako printze batzuek (Saxoniako hautesleak, besteren artean) Lutero babestu zuten, elizaren ondasunez jabetzeko bidea emateaz batera, Inperioari aurre egiteko aukera ematen baitzien. Karlos V.ak ezin izan zien erantzun nahi bezala, garai hartan bestelako arazoak ere bazituen eta (Frantziarekiko lehia, Inperio otomanoaren mehatxua, Aita Santuen auzia), eta 1526an erlijio askatasuna eman zien printzeei, nork bere lurraldean komeni bezala joka zezan (cuius regio, eius religio). Atzera jo nahi izan zuen geroxeago, Wormsko ediktuaren arabera alegia. 1529. Urtean, sei printzek eta hamalau hirik asmo horren aurkako protesta egin zioten (horretatik protestante deitura), eta Augsburgoko dietan eliza berriaren fede aitorpena egin zuten (1530). Schmalkaldengo liga osatu zuten handik urtebetera. Elizako bi alderdi nagusiak adiskidetzeko hainbat ahalegin alfer egin ondoren (eztabaida teologikoak: Haguenau eta Wormsko hizketaldiak; Ratisbonako dieta, 1541), armetara jo zuen Karlos V.ak (Schmalkaldengo gerra, 1546). Mühlbergeko gudua irabazi ondoren, Augsburgoko interima aldarrikatu zuen (1548), baina berriro hasi zen gerra 1552an eta, hiru urte geroago, bi erlijioen izatea aitortu zuen Augsburgoko Bakeak (1555): Germaniako inperioko bi heren protestanteak ziren. Bestalde, gizarte eta politika higikundetzat ere hartu beharra dago luterotarren erreforma: Zaldunen matxinada Treverisko artzapezpikuaren aurka, 1522-1523; Laborarien matxinadak, 1524-1525, Luteroren laguntza zuzena izan zuen; Siongo erresuma baptista Münsterren, 1535ean. v Erreformaren zabalkundea. Suitzan, Zwinglik (Zurich, 1521. urtetik aurrera) eta Ecolanpadiok (Basilea, 1524etik aurrera) gidatu zuten erreforma. Bizkor hedatu zen higikunde erreformazalea Suitzan, hirietako gobernuek bultzatuta. 1531. urtean, kantonamendu katolikoak nagusitu ziren Kappel (bertan hil zen Zwingli) eta Zugerbergko hirietan. Hala ere, Kappelgo bakearen ondorioz, kantonamenduek hartu zuten erlijioa aukeratzeko eskubidea (1531). 1536an Kalbino Genevan finkatu zen eta 1541. urtetik aurrera ezarri zuen aginte teokratiko estuaren oinarriak hedatu ziren Frantzia, Nafarroa eta Herbehereetara. Bestalde, azkar hedatu zen Luteroren higikundea Europako ipar eta erdialdera: Prusia (1529), Suedia (1529), Danimarka (1535), Norvegia (1537). Herbehereetan, Espainiako agintariek gogor zapaldu zituzten lehen mugimendu luterotar eta anabaptistak. Ondoren hedatu zen kalbinismoak laguntza handia izan zuen espainiarren aurka ziharduten Herbeheretako abertzaleen artean eta erlijio nazional bilakatu zen. Ingalaterrako erreforma oso bestelako baldintzetan mamitu zen, eta bertako koroaren eta Aita Santuen arteko tirabirak izan ziren nagusi. Haietatik sortu zen anglikanismoa. Eskozian, John Knox predikari kalbinozalearen eraginez sortu zen presbiterianismo izeneko higikunde kristaua. Frantzian, Frantzisko I.ak hasieran utzi eta gerokoan biziki zigortu zituen erreformazaleak. Chateaubriantgo ediktuak (1547) lanbide publiko guztiak galarazi zizkien erreformazaleei; Compičgnekoak (1557), heriotz zigorra ezarri zuen fede berria aitortzen zuen edonorentzat, eta Écouengoak, erreforma errotik kentzea agindu zuen. Euskal Herriari dagokionez, 1555. urtean Joana III.a Albretekoak, Nafarroako erreginak, kalbinismoaren aldeko kanpainari ekin zion eta ez zuen hil arte bide horretan etsi. Nafarroa Behereko eta Zuberoako jende gehientsuena artean katoliko bazen ere, kalbinismoak berebiziko indarra hartu zuen bi euskal lurralde horietako handikien artean. Joana Albretekoaren semeak (Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa) berebiziko papera jokatu zuen Frantziako erreformaren garaian: higanoteen edo kalbindarren buruzagi nagusia zelarik, Frantziako errege bihurtu eta, katolikotasuna onartu arren, erlijio askatasuna aldarrikatu zuen Frantziako eta Nafarroako erresumetan (Nantesko ediktua, 1596). Frantziako ondorengo erregeen eginek hutsean utzi zituzten protestanteen eskubideen aldeko legeak. Eliza katolikoak, bestalde, kontraerasoari ekin zion Trentoko kontzilioaren ondoren (1545-1563) eta, Espainiako koroak lagunduta (ik. Kontraerreforma), bidea eragotzi zion erreformari Espainiako koroaren mendeko lurraldeetan (Herbehereetan izan ezik) eta Italiako alde guztietan, eta izugarri moteldu zuen haren hedatzea Frantzian, Austrian, Flandesen, Germaniako inperioan eta Suitzan. v Dotrina eta liburuak. Gizaki bekatariaren aurrean eraikitzen den Jainkoaren handitasuna eta giza nahiz eliza erakundeen kritika dira Luteroren dotrinaren oinarri. Jainkoak bere dohainez (fedearen bidez) eta hitzaz (Bibliaren bidez) hornitzen du gizakia. Fedea eta hitza norberaren barnean mamitu eta bizi beharreko zerbait dira, eta ez Eliza batek aginduta egin beharreko betekizuna. Eliza Kristorengan bizi direnen bilkura da (haiek aukeratzen dute predikaria), eta ez Erromako hierarkiaren araberako antolamendua. Hortaz, gurtza, santuak, erlikiak, irudiak, erromesaldiak, induljentziak eta purgatorioa sineskeriak dira. Zwingliren eta bere jarraitzaileen arabera, sinbolo hutsa dira sakramentuak. Kalbindarrak erabateko teozentrismoaren aldeko dira. Erreformazaleek idatzi zituzten obrez gainera, dotrina bakoitzak bere fede arau bereziak ditu: Luteroren larogeita bost tesiak (1517), Zwingliren hirurogeita zazpi tesiak (1523), Confessio augustana (Augsburgoko Aitorpena, Melanchthonek idatzia, 1530), Confessio tetrapolitana (Estrasburgo, Konstantza, Lindau eta Memmingen hirietakoa, Bucerrek idatzia, 1530), Confessio gallicana (Rotxela, 1559), Confessio scotica (Knoxek idatzia, 1560), Confessio belgica (Guy de Brčsek idatzia, 1561), Confessio helvetica posterior (Bullinger, 1562).