Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erradioterapia

iz. Med. Izpi erradioaktiboek eta X izpiek ehun organikoetan izan ditzaketen eragin biologikoak sendagai gisa erabiltzen duen teknika. Gaitz mota bakoitzarentzat irrada dosi desberdinak erabiltzen dira, eta dosiaren arabera ehun gaixoa desegiten da edo bere zelulen jokaera aldatzen. Dosi handiak tumoreak desegiteko erabiltzen dira, horietan zelulak inguruko ehunetakoenak baino askoz ere lasterrago ugaltzen baitira. Erradiazio kopuru handietarako zenbait neurri hartu behar dira: zenbat irrada eman doi zehaztu behar da, ehun gaixoaren inguruko ehunak metalezko xaflaz inguratu behar dira eta behar ez diren irradak eragotziko dituzten iragazkiak erabili. Dosi txikiagotan, zelulen jarduera aldatu besterik ez da egiten, eta halakoak artritisa, artrosia eta antzeko gaixotasunak sendatzeko erabiltzen dira. Gaitza ehunaren azalean dagoenean, irradaren fokua zuzenean ipintzen da zauriaren gainean.