Erne
Euskal Autonomia Erkidegoko Ertzaintzaren sindikatuetako bat. 1998an, Ertzaintzaren sindikatu nagusia bilakatu zen, ELAri lehen zeukan nagusigoa kenduz. 1999an 3.000 afiliatu zituen, eta urte horretan egin zuen bere V. Biltzarra. Biltzar hartan oso kritiko agertu zen Ertzaitzaren arduradunek kale borrokaren eta ETAren jardunaren aurrean zuten jarrerarekin. Aurretik ere maiz kritikatu zituen Ernek Eusko Jaurlaritzaren Barne Saileko eta Ertzaintzako buruzagiak. Kritika horiek zirela eta, Teo Santos Erneko bozeramaile izandako ertzaina espedientatu egin zuen Barne Sailak. 2000. urteko otsailean, Erne sindikatuak Basta Ya ekimenaren ETAren aurkako agiriarekin bat egin zuen. Sindikatuaren atxikimendu eta jarrera hartze politikoek ere jaso zuten kritikarik Erneren lehen urteetako buruzagien aldetik. 2001. urteko urtarrilean, bere egoitzaren aurkako atentatua jasan zuen Ernek.