Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erlijio

iz. Jainkotasunari buruzko sineste eta elizkizun multzoa; sineste eta elizkizun horiek gauzatzen dituzten sistema jakinetako bakoitza. || Erlijiozko. izlag. Erlijiozko bizitza.   
 v  Gizonak gizon denetik izan du premia munduari nolabaiteko azalpena emateko, eta bere izaerari dagozkion funtsezko galderei erantzun bat bilatzeko; hala, ezagueraren jabe izan zenetik bere inguruarekin zituen harremanak ulertzen saiatu da. Antzinako gizonak arrazoiaren bidez ulertu ezin zitzakeen gertaerei eta gauzei izadiz gaindiko izaera eman zien, eta uste izan zuen izate goren izpirituzko bat bazela arrazoiaren gainetik; hala, mitoak, magiazko errituak eta gurtzak sortu zituen arrazoiz ulertu ezin zezakeen orori erantzun bat eman nahian. Erlijioak antzinako mitoen funtsezko ezaugarriak gordetzen ditu, honek ere izpirituzko izate goren batengan sinesten baitu eta izadi guztia jartzen baitu haren meneko. Horrela bada, erlijioa gizonen eta izpirituzko izate goren baten arteko harreman eta sinismen multzoa dela esan izan da. Munduko erlijioak sailkatzea aski zaila bada ere, bi sail handitan banatu ohi dira, oro har : hasierako erlijioak eta goi mailakoak.  v  Hasierako erlijioak. Arbasoak gurtzen hasi ziren antzinako gizonak izan ziren, antza, giza gogoaz eta izpirituaz kezka bat izan zuten lehenak, eta hala, zenbait filosofok eta historilarik —Evemerok k.a. IV. mendean, adibidez— uste izan zuten gizarte haietan sortu zela erlijioa. Paleolito Aroko ehorzketek garbi ematen dute aditzera antzinako gizarte haiek heriotzaren ondorengo bizitzan sinesten zutela eta uste osoa zutela haien arbasoek bazutela halako ahalmena edo eragina leinuko bizitzan; horregatik, aldi hartako gizonak behartuta sentitzen zuen bere burua bere arbasoekiko zenbait erritu betetzera, agian hildakoen zigorraren beldur zelako, agian haiengandik mesederen bat espero zuelako edo jainkotzat zeuzkalako. XIX. mendean, Edward Burnett Tylor britainiar antropologoak egin zituen azterketen ondorioz, animismo kontzeptua sortu zen, eta harrezkero hasierako erlijio guztiak izendatzeko erabili izan da hitz hori. Tylor-en iritziz, antzinako gizonak uste zuen izaki bizi guztiek, eta baita higitzeko gai zirenek ere (ibaiek, zuhaitzek, zeruko argizagiek, etab.), arima bat zutela beren baitan. Gauzak horrela direla, izadiaren fenomenoei zien beldurrak eraginda, edo haiengandik mesedeak lortzeko zuen premiak hartara bultzatuta, gizonak gurtu eta beneratu egin zituen ustez arimaren jabe ziren gauzak.    
 v  Erlijio garatuak. Denboraren ariaz, gizona arrazoian oinarrituta hasi zen bizitza antolatzen, eta antzinako animismoak ez zion egoki erantzuten munduaz hartu zuen ikuspegi berriari. Hala, erlijio politeistak, panteistak, deistak eta monoteistak sortu ziren; erlijio mota horiek guztiak gizadiaren historiaren aldi jakin bateko kulturaren eta gizarte motaren ezaugarrien adierazpide dira. Erlijio politeistek jainko bat baino gehiago dagoela baieztatzen dute. Bi teoria daude politeismoaren sorburuari buruz: aditu batzuen ustetan erlijio lehena eta jatorrizkoa da, eta hortik sortu zen gerora erlijio monoteista. Beste batzuen ustetan, berriz, hasieran monoteismoa izan zen, eta handik sortu zen politeismoa gerora. Politeismoak jainko bat baino gehiago du, izadiaz gaindiko gertaerak azaltzeko; hala ere, erlijio politeistetan bat da jainko nagusia, eta harengandik sortuak dira beste jainko gehienak. Politeistak izan ziren, adibidez, grezia zaharreko eta erromako erlijioak; gaur egun, hinduismoa da bizirik dagoen erlijio politeista. Panteismoak azken muturreraino eramaten ditu Jainkotasun kontzeptuak (absolutu izatea, mugagabetasuna,…); erlijio horrentzat Jainkotasuna da izatea duen bakarra, eta munduarekin bat egiten du. Horren argigarri, ezaguna da Baruch Spinoza XVII. mendeko filosofoaren esapidea: Deus sive natura (Jainkoa ala izadia). Panteistak izan ziren greziako estoikoak eta beste filosofo batzuk, eta panteista da, halaber, budismoaren oinarria eta funtsa. Deismoa filosofia ikusmolde bat da. Aitortzen du Jainko absolutua bakarra dela eta izadiaz gaindikoa dela, baina horren ustetan hain dago urruti eta hain da erabatekoa bere ahalmena non ez dagoen inolako harremanik gizonaren eta Jainkoaren artean. Gauzak horrela direla, gizonak Jainkoari buruz jakin uste duena ez daki hark aditzera emanda, arrazoiak atera dituen ondorioetatik baizik. Erlijio deista guztiz errazionala da, beraz. Ilustrazioak (XVII-XVIII. mendeetan) jainko arrazoia jarri zuen goreneko mailan. Iraultza frantsesak eginahalak egin zituen deismoa sendotu eta munduan zehar zabaltzeko. Erlijio monoteistek Jainkoa bakarra dela aitortzen dute, gorena dela, absolutua, eta guztiz ahalduna. Monoteismoaren auzi nagusietako bat munduko gaizkiari azalpen bat ematea da. Horren harira erlijio monoteistek sistema dualista egituratu dute bi ardatz nagusiren inguruan; ongiarena eta gaizkiarena (manikeismoa). Beraz, mundua bi ardatz horien inguruan mugitzen da; ongia (Jainkoa kristautasunean) eta gaizkia (Deabrua).Hiru dira munduko erlijio monoteista handiak: judaismoa, islama eta kristautasuna (Jainko bakarra dela garbi aitortzen duena, hirutasunaren misterioa dogma bada ere). v  Erlijio sistemen funtsezko ezaugarriak. Historian zehar izan diren erlijio gehienen funtsezko ezaugarriak atal hauetara bil daitezke: sinesmenak, errituak, jokaera arauak eta erakundeak. Erlijio orok oinarrizko sinesmen jakin batzuk ditu (heriotzaren ondorengo bizitza, izadiaz gaindiko mundua, etab.), eta horren arabera halako erritu jakin batzuk konplitzen dituzte horren jarraitzaileek. Sinesmenak, ordea, izan daitezke mitoen erakoak (elezahar sinbolikoak jainkoen jatorriari buruz, gizonen eta gauzen sorburuari buruz, etab.), edo izan daitezke dogma izaera dutenak (jainkoak nolabait aditzera emandako ezaguerak, liburu edo eskritura sakratuetan jasotzen direnak, irudi gisara batzuetan, hitzez hitz beste zenbaitetan). Erlijioen funtsezko ezaguerak eta kontzeptuak kredo edo fedezko aitorpen batean biltzen dira; hortik ateratzen diren ondorioak edo adierazpideak finkatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da teologia edo erlijio irakaskuntza. Adierazpideok jainkotasunari buruz hitz egiten dute, giza harremanei buruz, eta hauen funtsezko arazoei buruz (heriotzaz, moralaz, giza harremanez, etab.). Sinesmenek ikusmolde baikor eta esperantza onez betea ematen dute heriotzaren ondorengo bizitzari buruz; hala, erlijio motaren arabera, salbazioa mundu honetako nekeak bukatzea da, edo paradisuko zoriontasun betea iristea, edo nirvanan sartzea… Erlijio sinesmenak eta sentimenduak erlijio mota bakoitzak dituen erritu eta ekintza sakratuen bidez adierazten dira. Hala, budismoan ere, Budak berak horren aurka eginagatik, era askotako errituak sortu ziren. Erlijioa zerbait bizia da, eta pertsonak zerbait bizi duenean, erritu eta ospakizun bilakaraztzen du. Hori dela eta, era askotako errituak daude; badira jainkotasunaren ohoretan egiten diren errituak, hileta errituak, bendeinkapen eta alabantzazkoak, eta beste hainbat eta hainbat. Erlijio gehienek dituzte apaizak edo ministroak, eta errituak ospatzea eta jainkoari gurtza egitea da horien eginkizunik behinena. Otoitzen bidez eskaintzak eta sakrifizioak eginez gurtzen da Jainkoa erlijio gehienetan. Sakratutzat hartzen diren lekuetan egin ohi dira errituak, garai jakinetan, eta diren-direnean irauten dute denboran luzez. Bestalde, erlijio gehienek jokabide jakin bat, jokaera lege jakin bat finkatua dute Jainkoari eta gizonari buruz; erlijio bakoitzak ereduzko jarraibide bat ezarrita du, eta moral hori betetzera behartzen ditu bere jarraitzaileak. Hala, Jainkoa gurtzera, adoratzera, hari otoitz egitera eta zenbait erlijiotan maitatzera ere behartzen du lege horrek. Jokabideari dagokionez, berriz, etikako arau batzuk ezarri ohi ditu, erlijio batzuetan zabalak eta beste batzuetan oso estu eta zorrotzak direnak. Ia erlijio guztiek erakunde jakin batzuk eta apaizak badituzte, beren dogmak, legeak eta aginduak betearazteko; adibidez, kristauen elizak (katolikoak, protestanteak, ortodoxoak), apaizak, apezpikuak, etab. Erlijio erakunde horietako asko jarraitzaileen jokaerak arautu eta epaitzera heltzen dira, eta epaitegiak, zigorrak eta bestelakoak jartzen dituzte horretarako (Kristau katolikoen Inkisizioa Erdi Aroan, adibidez). Erakunde horiek taxu eta nortasun berezia ematen die sinistunei gizarteko talde gisa (erlijioa, herria, eliza, batzarra). Erakunde horiek, beraz, gizonen artean beharrezko den erlijioaren kanpoko azala eratzen dute; fedea, berriz, erlijioaren barneko izpiritua da, funtsezko mamia.