Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erloju

iz. Denbora neurtzen eta ordua adierazten duen tresna, ordularia. || Erloju(-)denda. Erlojuak saltzen direna. || Erloju(-)konpontzaile. Erlojuak konpontzen dituena, bizibidez bereziki. || Erloju(-)saltzaile. Erlojuak saltzen dituena, erloju dendako nagusia.  v  Denbora-zati berdinetan banatutako mugimendu erregularrak eragiten ditu erlojuak. Bi atal nagusi izaten ditu: batak mugimendu jarrai erregularra du, eta bestea finkoa da (esfera eta orratza adibidez); era horretan, alderdi mugikorraren eta finkoaren diferentziaren bitartez sumatzen da denboraren joana. Antzina eguzki erlojuak (gainalde lau batean itzala egiten zuen orratzak adierazten zuen ordua, itzalaren tamaina eta lekua kontuan hartuta), hondarrezko erlojuak (kristalezko ontzia hondarrez betea, erdian estua, eta alde batetik bestera hondar aleak igaroz denbora epe motzak neurtzeko erabiltzen zena) eta urezko erlojuak (beheko aldean zuloa egin zaion ontzi bateko urak behera joateko duen erregulartasunean oinarritzen zena) besterik ez zen ezagutzen, baina X. mendean baztertuak izan ziren Gerberto fraideak pisu mugiarazlea asmatu zuenean. XII. mendean erlojuei gurpil horztunak eta mailu txirrina ezarri zitzaien, eta XVean bultzatzaile kiribildua. Handik aurrera erloju motak ugaldu egin ziren eta ordu arte baino neurri txikiagokoak egiten hasi ziren. XVII. mendean Huygensek pendulua ezarri zien erlojuei, eta geroztik gutxi gorabehera gaurko egitura bera izan dute. 1940an A. Brainek erloju elektrikoa asmatu zuen, pila elektrikoz zebilena, eta ondoren erloju elektronikoa agertu zen; zehaztasun handikoa da, kuartzozko kristalak erabiltzen baititu denbora-zati erregularrak neurtzeko. 1954ean erloju molekularra eta atomikoa sortu ziren; horietan energia kanpoko eraginik gabeko eremu elektromagnetikoetan beti modu berean sortzen denez gero, zehaztasun handiz neur daiteke denbora.  v  Hiru parte ditu erlojuaren egiturak: motorra, erregulatzailea eta transmisio katea. Pendulua duten erlojuetan, motorra zilindro batean biltzen den katea batetik edo soka batetik zintzilik dagoen pisua da. Pisuak sortzen du mugimendua. Bestelako erlojuetan, motorra kiribilduta dagoen altzairuzko xafla mehea da. Xaflaren tentsioak eragiten du mugimendua. Erregulatzaileak edo zabuak beti berdin mantentzen ditu mugimenduak. Azkenik, transmisio katea elkarren artean lotutako gurpilez dago osatua, eta motorraren mugimenduak, erregulatzaileak berdindu dituelarik, orratzetaraino eramaten ditu.