Erlijio gerrak Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian eta Biarnon 1562-1572 bitarteko urteetan izan ziren gerra zibilak. Kalbinoren erreformak arrakasta handia lortu zuen XVI. mende erdialdetik aurrera eta Europako bazter askotara zabaldu zen indar handiz, Frantziako eta Nafarroako erresumak barne. Joana III.a Albretekoa Nafarroa eta Biarnoko erreginak (1555-1572) erreformaren aldeko hautua egin zuen bete-betean; ministro protestanteak ezarri zituen Donapaleun, Oztibarren eta Bastidan, eta kalbindarren kristau dotrina nahiz Itun Berria euskarara (Leizarraga, Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, 1571nn argitara emana) eta biarnesera bihurtzeko agindua eman zuen. Nafarroa Behereko eta Zuberoako jende gehienak katoliko zirauen (Zuberoa Frantziako koroaren mendean zegoen 1510. urtetik, baina administrazio mailan Nafarroako erresumarekiko loturak zituen). Erlijioen arteko gorabeherak nahasi ziren Euskal Herria askoz ere lehenagotik hedatuak ziren ahaide nagusien arteko liskarrekin; katolikoak Lukuzeko etxearen ingurura bildu ziren, eta protestanteek Agramonteko etxea hartu zuten gidari, Joana erreginarekin batera. Oinarrian zegoen gainera, Nafarroako konkistaren aurrean, agramondarrek eta beamontarrek izan zuten jarrera desberdina (Bernat Etxepare idazle garaztar katolikoa [Linguae Vasconum Primitiae, 1545] gaztelauen alde jokatu zuelako salaketapean sartu zuten kartzelan). Giro honetan, katolikoak Karlos Lukuzekoa Mauleko gobernariaren alde jarri ziren eta protestanteak Antonio Gramont edo Agramonterenaren alde. 1560an Joana III.ak fede katolikoa ukatu eta protestante bihurtu zen. Hurrengo urtean fede askatasuna eman zuen, baina 1566an bidea eragotzi zion fede katolikoari. 1568an, Lukuzeko jaunak gidaturiko osteek Garruzeko gotorlekua inguratu eta preso hartu zuten Marc Larrea kapitain protestantea. Antonio Gramontekoak Donibane-Garazi hartu zuen erantzun gisa eta Zuberoako katolikoek, bestalde, Montoriko herri agramondarra erre zuten. Henrike printzeak, Nafarroako Henrike III.a eta Frantziako Henrike IV.a izango zenak, bi alderdietako buruzagi nagusiak bildu eta fede askatasuna onartu eta bakea agindu zuen. Alabaina, Joana III.ak eman zuen barkamenetik kanpo geratu ziren buruzagi katoliko nagusiak (Lukuze, Domintxine eta Etxauzko jaunak, beste hogeita zortzi lagunekin batera). Zuberoan, ordea, lanpostu publikoetan zeuden higanoteen aurkako karguak jaso zituzten. 1568an berean, Pauera jo zuten buruzagi katoliko nafarrek eta erreginaren barkamena lortu zuten. 1569. urtean, Henrike III.a Frantziakoak Nafarroa Behereaz, Biarnoz eta Albretekoen lurralde guztiez jabetzea erabaki zuen, higanoteen mendean zeudelako aitzakian. Karlos Lukuzekoaren esku utzi zuen lurralde hauetako gobernua. Katolikoek Zuberoako eta Biarnoko hiri ugari hartu zuten, baina Montgomeryko kondeak gidaturiko armadari ezin aurre eginik, Zuberoara jo zuten atzera eta Donibane-Garazi hartzen saiatu ziren ondoren. Montgomeryko kondearen osteek triskantza handiak eragin zituzten Zuberoan. Lukuzeko jaunak ez zuen etsi eta Mauleko gaztelua berreskuratu zuen. 1570. urtean Nafarroa Beherea protestanteen esku zegoen eta erabat galtzera utzi zuen fede katolikoa. 1571ean Saint-Germaingo bakea sinatu zuen Katalina Medicik, Frantziako erregeordeak, higanoteekin eta, horren eraginez, fede katolikoari bidea zabaldu zion Joana Albretekoak bere erreinuan. 1572an hil zen erregina, eta gatazkak bukatu ez ziren arren, Henrike III.a Nafarroako errege eta Frantziako higanoteen buruzagi nagusiak (Frantziako Henrike IV.a izena hartuko zuenak) fede askatasuna aldarrikatu zuen, berriro ere, gehienean katolikoa zen Nafarroa Beherean. Bastida, Oztibarre, Donapaleu, Maule eta Montori izan ziren Ipar Euskal Herriko protestantegune nagusiak. Lapurdi gatazka handi haietatik kanpo samar geratu zen, eta Baionako erakundeak eramankor samarrak izan ziren higanoteekin. Protestantismoa zabalduko zelako aitzakian, Filipe II.a Espainiako erregeak bere mendean zeuden Baionako apezpikutegiko herriak banatu eta Iruñekoan sartzea lortu zuen Aita Santuarengandik 1566. urtean. Lurralde hauek ziren: Hondarribia, Irun, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteria, Gipuzkoan; Bortziriak, Leringo harana, Bertitzarana eta Baztan, Nafarroan. Kexuak ugari izan ziren baina ez zen aurrerantzean erabaki hura indarrik gabe uzteko neurririk hartu.
- erlekume
- erle-lore
- erlezain
- erlezaintza
- erliebe
- Erlijio gerrak Euskal Herrian
- Erlijio gerrak Frantzian
- erlijio
- erlijioso
- erlikia
- erlisione