Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

erlatibitate

iz. Fis. Fisikako teoria, erabateko mugimenduaren kontzeptua baztertzen duena eta horren ordez bi erreferentzia sistemen arteko mugimendu erlatiboa kontuan hartzen duena.  v  Espazioa eta denbora ez dira jadanik bakarka aztertzen, izaki independenteak balira bezala, aldiz, espazio-denbora izeneko lau dimentsiotako continuum-tzat hartzen dira. 1905ean Einsteinek erlatibitate teoria bereziaren berri eman zuen; teoria horren arabera, izadiaren sistema mugikor desberdinetan legeak berberak direla dioen hipotesia aplika dakioke argiaren hedapenari; hala, argiaren lastertasun neurria ez da aldatzen begiraleen arabera, alegia, nahiz eta berbera izan ez begiralearen mugimendua edo argiaren sorburuarena. Hipotesi horietan oinarrituta Einsteinek adierazpen berriak eman zizkien fisikako ekuazio matematikoei. Ohiko gertari gehienetan teoria bereziaren emaizak eta Newtonen dinamikan oinarritutakoak antzekoak dira, baina argiarenaren hurbileko lastertasunetan oso bestelakoak dira emaitzak. Teoria bereziaren baiezpen eta ondorioen artean proposizio hauek daude: unibertsoan lor daitekeen lastertasun handiena argiarena da; masak lastertasuna areagotzen du; masa eta energia baliokideak dira; gorputzak mugimenduaren norabidean txikiagotzen direla dirudi; mugitzen den erloju baten erritmoa moteldu egiten dela dirudi erlojuaren mugimenduaren lastertasuna areagotu ahala; sistema batean begirale bati aldiberekoak iruditzen zaizkion gertaerak ez zaizkio aldibereko iruditzen beste sistema batean. Einsteinek teoria berezia osatu zuen eta teoria orokorra (1915ean bukatua) eman zuen; teoria orokorrak grabitatearen ondorio nagusiak lantzen ditu batez ere. Grabitatea eta masa inertea baliokide direla dio, eta baiezten du gorputz materiadunek espazio-denbora continuum-aren kurbatura sorrarazten dutela, eta gorputz baten ibilbidea haren kurbaturaren araberakoa dela. Teoria orokorraren hipotesi bat zen grabitate eremu batek desbideratu egingo lukeela argi izpi bat; Eguzkiaren ingurutik igarotako izar argiaren azterketak, lehenik Arthur Eddingtonek eta bere laguntzaileek 1919an egin zutena, baieztu zuen teoria hura. Orobat zioen grabitate eremu bateko gaien espektru marrak gorrirako lerratzen direla, eta hori ere gero frogatu ahal izan zen, izar nano zurien argiaren ikerketaren bitartez. Azkenik, Merkurio argizagiak Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimendua ere, ordu arte Newtonen teoriak erdizka azaltzen zuena, osorik azaltzen du teoria horrek.