Eritrea
Afrikako ekialdeko estatua (Izen ofizialik ez: Eritreako estatua). Mugak: ekialdean, Itsaso Gorria; hego-ekialdean, Djibuti; hegoaldean, Etiopia; iparraldean eta mendebaldean, Sudan. 121.320 km2 eta 4.669.638 biztanle (eritrearrak). Hiriburua: Asmara (400.000 biztanle). Hizkuntza: tigrigna (ez dago hizkuntza ofizialik). Erlijioa: kristau koptoak, musulmanak. Dirua: nafka. ■ Bigarren Mundu Gerran, italiarren mendean zegoela, Britainia Handiak hartu zuen. 1952. urtea arte Britainia Handiaren babespean egon zen, eta urte hartan Etiopiarekin federatu zen. 1963an Etiopiako estatu burujabea sortu zenean –Eritrea probintziatzat hartzen zuen–, gerra zibil luze bat hasi zen bi herrien artean. Eritreak 1993an lortu zuen burujabetasuna. ■ Lurraldea. Lau alderdi bereiz daitezke: Itsaso Gorriko kostalde zelaia, erdialde-hegoaldeko goi-ordokia, iparraldeko eta erdialde-mendebaldeko mendiak, eta mendebaldeko ordoki zabalak. Itsaso Gorriko kostak 1.000 kilometro baino gehiago ditu (itsasoaren izenetik dator herrialdearen izena; greko latinizatuan, erythraea “gorria” da). Lur zerrenda estu bat da, oso euri gutxi izaten da eta oso-oso beroa da. Danakilgo depresioa, hego-ekialdean, itsas maila baino beherago dago, eta munduko tenperatura beroenetakoak izaten ditu. Kostaldetik mendebaldera lurraldeak gora egiten du bat-batean, eta 1.830-2.440 metro bitarteko goi-ordoki bat eratzen du. Kostan baino askoz euri gehiago egiten du han. Iparraldeko eta mendebaldeko mendiak 760-1.370 metroko garaiera dute, eta goi-ordokiak baino euri gutxiago hartzen dute. Ordoki zabalak daude Baraka ibaiaren mendebaldean eta Setit-en iparraldean. Gash (edo Mereb), Baraka eta Anseba ibaiak goi-ordokitik mendebaldera doaz, Sudan aldera; Falkat, Laba eta Alighede ibaiak, berriz, iparraldeko mendietatik Itsaso Gorrira. Ibai gehienek euri sasoian bakarrik baizik izaten dute ura. Goialdeetan udan izaten da euri sasoia, eta kostaldean, berriz, neguan. ■ Biztanleak. Eritrearrak bederatzi etniatan banatuta daude: tigrignak, tigreak, bilenak, afarrak, sahoak, kunamak, narak, hidarebak eta rashaidak. Etnia nagusiak lehenengo biak dira, tigrignak eta tigreak; tigrignak hegoaldean bizi dira eta tigreak iparraldean. Etnia bakoitzak bere hizkuntza eta bere kultura ditu. Hizkuntza nagusiak bi etnia handi horienak eta arabiera dira; italiera eta ingelesa ere zabal erabiltzen dira. Biztanleen erdia gutxi gorabehera kristaua da eta tigrigna hizkuntzaz mintzatzen da; etnia hori goi-ordokian bizi da. Biztanleen beste erdia musulmana da, eta etnia eta hizkuntza talde askotan dago banatuta. Tigrigna hizkuntza erabiltzen duten musulmanak iparraldeko kostaldean eta mendebaldeko lur behereetan bizi dira; sahoak, berriz, Mesewatik hurbil bizi dira, kostaldean. Bilena hizkuntza erabiltzen duten herri gehienak Keren aldean bizi dira, musulmanak dira, afarrak bezala, hego-ekialdeko kostan eta Dahlak uharteetan bizi direnak. Hidarebak, ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko nomadak, beja hizkuntza erabiltzen dute eta musulmanak dira gehienak. Narak eta kunamak hego-mendebaldean bizi dira eta haiek ere musulmanak dira, baina hizkuntza nilotiko bat erabiltzen dute; Eritreako gainerako etniek, berriz, afro-asiar hizkuntzak erabiltzen dituzte. Aniztasun handi hori gorabehera, etnien arteko istiluak ez dira arazo handia izan Eritrean; etiopiarrei elkarrekin aurre egiteak batasun handia eman die. Estatuak, beraz, ez du batasunik ez etnian ez hizkuntzan, eta italiarren mendean egon zen garaian ezarritakoak ditu egungo mugak. Biztanle gehienak artzaintzatik edo nekazaritzatik bizi dira, herrietan. Biztanleen % 15 baizik ez da hirietan bizi, Asmaran, Mesewa-n (37.000 biztanle), Asseb-en (50.000 biztanle) eta Keren-en (70.0000 biztanle). Mesawa eta Asseb itsas portuak dira. Biztanle gehienak lur garaietan bizi dira, epelagoak eta euritsuagoak baitira. Etiopiaren aurkako gerrak eta XX. mendearen bukaerako gosete izugarriek Eritreako biztanleak lekuz aldatzera behartu ditu. Burujabetasuna lortu zuenenan biztanleriaren % 20ek bizilekuz aldatu behar izan zuen; 500.000 inguru iheslari joan ziren Sudana, 40 mila inguru Europara eta 14 mila Estatu Batuetara. Eritrearren bizi itxaropena 50 urtekoa da. Bi mediku dituzte 100.000 biztanlerentzat. Emakumeek 5,5 seme-alaba izaten dituzte batez beste. Biztanleen erdiak ere ez daude alfabetatuta. ■ Ekonomia. Eritrean nekazaritza izan da bizibide nagusia goi-ordokian, iparraldean eta mendebaldean, euri gehiago egiten duelako horretarako baldintza egokiagoak dituzten lurretan hain zuzen. Kostalde zelaian eta iparraldeko eta mendebaldeko eremu lehorretan, berriz, abeltzaintza izan da bizibide nagusia. XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, lurraldea italiarren eta britainiarren mendean egon zen garaiko politika, lehengaien produzkio ahalik eta handienari eta esportazioari begira egin zen. Denbora horretan industria arina ezarriz joan zen Asmara eta Mesewa inguruetan. 1952an Etiopiarekin federazioa eratu zuenean Eritrearen ekonomia hazkundea Etiopiarena baino handiagoa zen, baina Eritrea Etiopiaren mendean geratu zenean, industriaren hazkundea urrituz joan zen, lantegi asko bertan behera utzi ziren, edota Etiopiara eraman ziren. 1974. urteaz gero Etiopiako erregimen marxistak estatuaren mendean utzi zuen industria gehiena. Eritreako ekonomiari, beraz, kalte handia egin dio Etiopiarekiko harremanak eta gerrak, 1960tik aurrera, eta orobat aldian behin pairatzen dituen lehorte luzeek eta horren ondoriozko goseteek ere. Herrialdeak burujabetasuna lortu zuenerako, herrialdearen industria oinarria hondakinetan zen, eta biztanleen % 75 nazioarteko laguntzaren beharrean zegoen bizitzeko. Errepide sarea erabat hondatuta zegoen, eta baita burdinbidea ere. Gerrako hondamendiaren ondoren, plangintza on baten premian zegoen, oneratuko bazen: zituen baliabide urriak banatu, nazioarteko laguntza jaso, biztanleei etxebizitza eman, behar beste janari lortu, garraio azpiegitura berreraiki, eta abar. Gobernuak herrialdea aurrera bideratzeko programa bat proposatu du irizpide kapitalistetan oinarrituta eta sektore estatala pribatizatuz. ■ Historia. Kristautasunaren aroko lehen mendeetan, Aksumgo erresuma koptoaren mendeko lurraldea izan zen Eritrea. Eritreako kultura K.o. VI. eta VII. mendeetan Eritrean eta egungo Etiopiaren iparraldean garatu zen. Aksumgo zibilizazioaren eragina izan zuen; zibilizazio kristau hori barnealdeko Afrikaren eta Mediterraneo aldeko zibilizazioen arteko zubia izan zen. XVI. mendearen hasieran musulmanak jabetu ziren Abisiniako lurralde guztiez eta mende horretan bertan hasi ziren kolonizatzaile portugesak kostalde haietara hurbiltzen. 1869. urtean konpainia italiar batek erosi zuen Eritrea; Italiako gobernuak 1882an konpainiari eskubideak erosi zizkion eta 1935. urtean Etiopiako konkistari ekin zioten bertatik. Eritrea Ekialdeko Afrika italiarreko sei herrialdeetako bat izan zen. 1941. urtean oste britainiarrak sartu ziren bertan eta 1952. urtean Etiopia eta Eritrea federazio berean egotea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak, autonomia eta berezko gobernuz hornituta betiere. 1961. urtean Eritrearen Askapenerako Frontea sortu zen, Eritrearen independentziaren aldekoa eta, 1962. urtean, Haile Selassie Etiopiako Negus edo erregeak erantzun gisa Etiopiako probintzia soil bihurtu zuen Eritrea. 1970. urtean, Eritreako milaka lagunek utzi behar izan zuten etxea eta herria, Etiopiako armadaren napalm bonbardaketek eragindako izugarrikerietatik ihesi. 1971. urtean, bitan banatu zen Eritrearen Askatasunerako Frontea, baina handik aurrera Etiopiako armadak benetako gerra bati eutsi behar izan zion. 1976an, Haile Selassie hil ondorengo urtean, Etiopiako militarrak nagusitu eta nolabaiteko bide negoziatua eskaini zien Eritreako abertzaleei: autonomia eta amnistia. Baina aldi berean etiopiarrek inbasio bat prestatu zuten, Marokoko Hassan II.ak Sahara mendebalean egin zuen bezala; “ibilaldi gorriak” direlakoak porrot handia izan zuen ordea, eta bestalde entzungor segitzen zuten nazioartean Eritreako genozidioa salatzen ari ziren ahots guztien aurrean. 1977tik aurrera Sobiet Batasunak eta Kubak laguntza eskaini zioten Etiopiako gobernuari eta, negoziaziorik ezean, Eritreako talde armatuek zailtasun handiak izan zituzten Etiopiako armadaren erasoei eusteko. Goseak eta krisiak jo zituen Etiopia eta Eritrea, eta 1988tik aurrera Eritrearen Askapenerako Herri Fronteak erasoari ekin eta 1991. urtean garaipena lortu zuen. 30 urtez (1961-1991) luzatu da XX. mendeko Afrikako gerra luzeena, baina oraindik zalantzaz beterik dago Eritrea burujabearen etorkizuna. 1890ean Eritrea italiarren kolonia bihurtu zen. Bigarren Mundu Gerran britainiarrek beretu zuten eta beren babespean egon zen 1950. urtea arte. Urte hartan Nazio Batuen Erakundeak erabaki zuen Eritrea eta Etiopia federazio batean elkartzea, Etiopiak Eritrea beretzat nahi izateak eta Eritreak burujabe nahi izateak sortzen zuen arazoari irtenbidea eman nahiz. 1962an Etiopiako enperadore Haile Selassiek Eritrearen autonomia deuseztatu zuen eta Eritrea Etiopiako probintzia bihurtu zen. Eritrearen Askapenerako Fronteak (EAF), zeina Idris Mohamed Adem kazetari eta sindikatu buruzagiak 1958an sortu baitzuen Kairon, borroka armatura deitu zuen lurraldearen independentzia lortzeko. Gerra luzea izan zen, eta guztiz hondagarria bi aldeentzat. Antolakuntza eta ideologia gorabeherak zirela-eta, EAFren barruan borrokak eta zatiketak izan ziren, eta 1966an Eritrearen Askapenerako Herri Frontea (EAHF) sortu zuten EAFko erradikalenek. Etiopiako 1974ko iraultzaren ondoren, erregimen sozialista berria EAHF armez suntsitzen ahalegindu zen sobietarren eta kubatarren laguntzarekin. Baina etiopiar gudarosteak hiriak menderatzea besterik ez zuen lortu. 1980. urtetik aurrera EAHFk gero eta lurralde gehiago hartuz joan zen. 1990ean EAHFk Mesewa beretu zuen eta hurrengo urtean Asmara. EAHFren behin-behineko gobernu berriak, nazioarteko herrialdeen eta Etiopiako gobernu berriaren onespenarekin, burujabetasunari buruzko erreferenduma deitu zuen 1993ko apirilean, eta eritrearrek burujabetasunaren aldeko erabakia hartu zuten aho batez (% 99,8). 1993ko maiatzaren 28an Nazio Batuek bere kideen artean onartu zuten Eritreako estatua. 1994ko otsailean EAHF alderdi politikoa bihurtu zen, Demokrazia eta Justiziarako Herri Frontea, eta oraingoz hori da dagoen alderdi bakarra. Azkeneko urteotan Eritreak lehortea eta Sudanekiko tirabirak izan ditu aurrera egiteko oztopo nagusiak. Tirabira horiek Sudanen dauden milioi erdi iheslariak aberriratzea eragotzi dute. 1995eko urrian Eritreako gobernuko buruak, Isaias Afwerki-k, armak eskaini zituen Khartum-eko erregimenari aurre egingo zion edozein talderentzat. Gobernuak atzeratu egin ditu 1997rako iragarritako hauteskundeak. Biztanle gehienak behartasun gorrian bizi diren bitartean, turismoa bilakatu da diru iturri nagusietako bat. 1999ko otsailean berriro hasi zen Etiopiarekin borrokan, mugak direla-eta.
http://www.shabait.com/staging/index.html