entzima
iz. Erreakzio biokimikoak eragiten edo bizkortzen dituen gai urkorra. v Entzima proteina bat da funtsean, eta bizia izan dadin beharrezko diren erreakzio guztiak eragiten eta bizkortzen ditu; prozesu horretan, ordea, entzima bera ez da suntsitzen. Era askotako entzimak daude, eta horietako bakoitzak eginkizun jakin batzuk ditu izaki bizidunen baitan. Esate baterako, entzima batzuek (hidrolasek) janaria gero eta molekula txikiagoetan zatitzen laguntzen diote organismoari, hark funtsezko gaiak (proteinak, gantzak eta karbohidratoak) beregana ditzan; beste batzuek, zelularen osagaien eraketa errazten dute, eta energia erretzen eta pilatzen laguntzen diote izakiari; beste entzima batzuek (oxidorreduktasak) zelulen arnasketa prozesuak katalizatzen dituzte. Horrela bada, entzima mota bakoitzak zelulen erreakzio jakin bat eragiten eta bizkortzen du. v Entzimek nola diharduten. Zeluletako molekulak oso orekatuak eta egonkorrak dira, atomoen arteko loturetan energia handia pilatuta baitago. Berez erreakzio bat eragiteko, lotura horiek hautsi beharko lirateke, eta energia kopuru handia beharko litzateke horretarako. Entzimei esker, ordea, ez da behar horrelakorik, gai organiko horiek molekulekin bat egin eta oso erraz banatzen diren gai berriak eratzen baitituzte. Entzimak, ordea, erreakzioetatik kanpo geratzen dira aldaketarik izan gabe, eta prest geratzen dira katalizatzaile lana betetzen segitzeko eta beste gai berriak eratzeko. Entzima mota bakoitzak gai edo molekula jakin batean dihardu; beraz, bai gaiaren egiturak bai entzimarenak bat etorri behar dute elkarrekin. Prozesu hori irudi bidez aditzera emateko, sarrailarekin eta giltzarekin konpara daiteke; hala, sarraila mota bakoitzak (gaiak) bere giltza (entzima) berezia du, eta giltza horrek irekitzen du erreakzioaren atea.