entziklopedia
iz. Alfabetoaren hurrenkeraz edo beste bideren batez, giza ezaguera guztien (edo zientzia jakin bati dagozkionen) berri ematen duen obra. v Oro har, entziklopediak bi irizpide nagusiren arabera antolatu izan dira: gaien arabera eta idazkeraren arabera (alfabetoa erabiltzen den hizkuntzetan, alfabetoaren arabera). Gaien arabera antolaturiko entziklopedietan idazkeraren araberako ordena ezinbestekoa bada ere, alor eta gai bakoitzari dagokion azalpena nahiko sakona izan ohi da eta hiztegi sarrerak, ordea, gutxiago. Alfabetoaren araberako entziklopedietan edo hiztegi entziklopedikoetan, sarrerak gehiago eta zuzenagoak dira, askotan oinarrizko azalpenak baizik ematen ez dituzten arren. Gisa honetako hiztegiak erabiltzeko errazak izan ohi dira eta horrexegatik dira zabalduenak. Askotan, ordea, bi mota horiek bateratuta agertzen dira. Hiztegi entziklopedikoek aurkibideak, koadro sinoptikoak, taulak, mapak eta apaingarriak izan ohi dituzte lagungarri. Aldian aldiko eranskinek, bestalde, informazioaren gaurkotasuna ziurtatzen dute. v Entziklopedia historian zehar. Rabelais idazle frantsesa izan zen entziklopedia hitza erabili zuen mendebaleko lehen idazle modernoa (Pantagruel, 1537), baina Plutarcori hartu zion zentzuan erabilita, giza jakitate guztiak hartzen dituen heziketa gisa alegia. Errenazimentuko giro eta urte beretsuetan, Paulo Skalic idazle kroaziarrak entziklopedia hitza maiz azaltzen den bilduma bat eskaini zuen. Alabaina, “jakitate osoa” biltzen zuen obraren aldeko grina hori bizirik zegoen antzinako garaietan ere. Terencio Varron (Rerum divinarum eta Humanarum antiquites eta Disciplinarum libri IX, K.a. I. m.) eta Plinio Zaharra (Historia naturalis, K.o. I. m.) idazle erromatarrak izan ziren entziklopediazkotzat jo litezkeen lehen obra ezagunen egileak. K.o. V. mendean Marciano Capellak garai hartan giza jakitatea osatzen zuten zazpi alorrak (gramatika, dialektika, erretorika, geometria, astrologia, aritmetika, musika) bildu zituen obra batean. K.o. VII. mendean lan osoagoa idatzi zuen Isidoro Sevillakoak (Etimologiarum libri, 622-633) eta XIII. mendean, Vincent Beauvaiskoak eskaini zuen Erdi Aroko jakitate bilduma liburu hoberena (Speculum historiale, naturale et doctrinale, 1260?). Haren jarraitzaile batzuek osatu zuten obra (Speculum morale, 1310?). Garai beretsuan eman zuen argitara Bartolome de Granville idazle ingelesak bere De proprietatibus rerum (1240), urte haietako kulturaren bilduma. Europaz bestalde, aipatzekoa da, guztien artean, Txinan Ming dinastiaren garaian XV. mendearen hasieran argitaratu zen Yung-lo ta-tien entziklopedia, Txinako entziklopedia handiena, bost urtez 2.000 jakitunen artean idatzia, eta 11.000 liburu hartzen dituena. nLehen entziklopedia modernoak. XVII. mendetik aurrera ohikoa bihurtu zen entziklopedia hitza. 1620. urtean, Johann Heinrich Alsted alemaniarrak Encyclopedia VII tomis distincta obra eman zuen argitara Holbornen. Francis Bacon filosofo ingelesak (1561-1626), ezagutzen alorrean egin zuen sailkapenak aurrerantzean bilduma osoagoak egin ahal izateko aukera eman zuen Instauratio magna bukatu ezin izan zuen lanaren bidez. 1674. urtean, Louis Moreri apaiz frantsesak alfabetoaren ordena erabili zuen lehenengo aldiz bere Grand Dictionnaire Historique delakoa antolatzeko. XVIII. mendearen hasieran, entziklopedia batzuk agertu ziren Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian. Ephraim Chambers ingelesak 1728an argitara eman zuen Cyclopedia or An Universal Dictionnary of Arts and Sciences obra gailendu zen guztien artetik. Bilduma hori entziklopedia modernoen eredu bihurtu zen; Diderot eta d’Alembert horretan oinarritu ziren beren Encyclopédie egiteko. Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers, Denis Diderot idazle frantsesak (Jean Le Rond d’Alembert idazleak egin zion Atariko diskurtsoa, sarrera atala) 1751-1772 bitartean ondu zuten lana da, inola ere, lehen entziklopedia moderno nagusia. Jean-Jacques Rousseau, Voltaire eta Montesquieu idazle eta filosofoak aritu ziren entziklopedia hartan lanean, eta Frantziako Iraultzaren ideologia oinarri nagusia izan zen entziklopedismoa ekarri zuen. 1772an Joseph Panckoucke argitaldaria hasi zen alfabetoaren hurrenkeran azaldu zen Dideroten obra gaien arabera sailkaturik ematen (Encyclopédie méthodique et par ordre de matières, 1772-1832). 1768-1771 urteetan argitara eman zuten Londresen, Encyclopaedia Britannica delakoaren lehen emanaldia. Britannica munduko entziklopedia ospetsuenetako bat da egun ere. v XIX. eta XX. mendeko entziklopediak. Eginbide nazional gisa hartua, herri askotan ikusi zuten entziklopedia baten beharra eta entziklopediak han-hemen zabaldu ziren munduan, hiztun asko dituzten hizkuntzetan idatziak nagusiki. 1866. urtean, Larousse argitaldari frantsesa bere hiztegi entziklopediko ospetsuak hasi zen argitaratzen. Ehun urte geroago, 1968an, Encyclopaedia Universalis, gaien arabera antolaturiko entziklopedia agertu zen Parisen, frantsesez idatzia. Alemaniak tradizio handia du, XVII. mendetik, gisa honetako obretan. Aipagarriak dira Ersch von Gruberren Entzikopedia Unibertsala obra erraldoia (1818. urtetik aurrera), Brockhaus-en entziklopedia (1796. urtetik aurrera) eta Meyer-en Der grosse Conversations-Lexikon (1840-1852, lehen argitalpena). Estatu Batuetan, 1829. urtean hasi zen Enciclopaedia Americana delakoa eta Errusian 1926an ekin zioten Bolshaia sobietskaia entsiklopedia obra handiari. Italian, Gerolamo Boccardok argitaratu zuen Nova Enciclopedia italiana obra (1875-1888) eta Giovanni Treccanik hasi zuen Enciclopedia italiana delakoa (1929-1936). Polonian Entziklopedia Poloniarra argitaratu zen 1868. urtetik aurrera, S. Orgelbrandek egina. Espainieraz hitz egiten den herrietan entziklopedia ugari eman da argitara: Diccionario enciclopédico hispano-americano (Montaner y Simón, 1887-1910); Enciclopedia universal ilustrada europeo-americana (Espasa-Calpe, 1908-1930), Espasa deitua, eta Enciclopedia Salvat, besteren artean. Portugesez hitz egiten den herrietan ere obra aipagarriak dituzte (Grande Enciclopédia portugesa e brasileira). Euskal Herrian, 1969. urtean hasi zen Enciclopedia General del País Vasco obra handiaren argitalpena, espainieraz, eta 1991. urtean kaleratu zen Lur Hiztegi Entziklopedikoa, euskaraz idatzi den lehenengo entziklopedia.