Enpedokles
(Gr. Empedoklês). Filosofo grekoa (Agrigento, Sizilia, K.a. 490 - 435). Gizon harroa eta nabarmena izan zen; elezaharrak dioenez, Etnaren barnera bota zuen bere burua. Politikan jardun zuen, tiraniaren kontra eta demokraziaren alde, erbesteratu zuten arte. Unibertsoaren izaeraz eta Garbikundeak dira idatzi zituen obra nagusiak baina 400 bertso inguru besterik ez dira geratu. Joera eklektikoa izan zuen filosofian: joniarrei, lau elementuen teoria materialista hartu zien; elearrei, lau elementuak guztiaren batasunean nahasten direlakoa, eta Heraklitorengandik Maitasun bateratzailea eta Gorroto banatzailea aldizkatzen diren etengabeko bilakaera. Enpedoklesen lana, nolanahi ere, sorkuntza poetiko bikaina da.