enperadore
iz. Inperio bateko buru den agintaria. || Erromako Inperio zaharreko buruzagi gorenari ematen zitzaion titulua. v Erromako Inperioan krisi egoeretan buruzagi militar batek bereganatzen zuen aginpide guztia, eta imperator titulua ematen zitzaion hari. Erromako enperadoreak diktadore izan ziren askotan; enperadoreak izan ziren, besteak beste, Oktavio Augusto, Kaligula, Neron eta Justiniano. Geroago, inperioa bitan banatu zenean, Ekialdeko nahiz Mendebaleko agintari gorenei enperadore izena eman zitzaien. Karlomagnok 800. urtean eta Oton I.ak (Erroma eta Germanietako Inperio Santuko buruak) 962an Erromako Inperioa izan zena berregin nahi izan zuten, eta enperadore izena hartu zuten titulutzat. Hala, Erdi Aroan Erroma eta Germanietako Inperio Santuko agintari gorenek enperadore izena hartu zuten; handik aurrera, inperio zabal bateko agintari gorena izendatzeko erabili izan da enperadore hitza.