Engelmann, Bernt
Alemaniar idazlea (Berlin, 1921 - Munich, 1994). Soldadu izan zen Bigarren Mundu Gerran eta erresistentziako kide izan zen; preso hartu eta kontzentrazio esparru batera bidali zuten. Gerra amaitu ondoren kazetari gisa aritu zen lanean, eta 1961. urtetik aurrera literaturan sartu zen buru-belarri. 1977-1984 urte bitartean Alemaniar Idazleen Elkartearen bozeramaile izan zen. Engelmannen lanek lotura zuzena dute G. Wallraff-ek landu zuen erreportaje sozialarekin, eta literatura dokumentalaren barruan sartzen dira beraz. Anti-historiako liburuetan (Gu morroi, 1974; Zuzenbidearen eta askatasunaren kontra elkartuta, 1975; Izan ginena, garena, 1980), Engelmann-ek une historikoak gaurkotzen ditu gizarte talde apalenen ikuspegitik. Lan horietan nahastu egiten ditu fikzioa eta errealitatea, helburu berarekin beti, Alemaniaren alderdi txarrak agertzea. Lan monografikoetan ere (Prusia, 1979; Krupp, 1980) agintarien kontrako kritika zorrotzak egiten ditu. Historialariek eta literatura kritikariek kritika gogorrak egin zituzten Engelmannek gertaera historikoak azaltzeko modua zela-eta, haien iritziz edukia bigarren mailara eramaten baitzuen Engelmannek. Azkeneko lanak hauek ditu: Alemaniari buruzko erreportajea (1991); Hotel Bilderberg (1991); Funtzionarioak (1992) eta Gure Estatua Estatuan (1992).