Ende, Michael
Alemaniar idazlea (Garmish, Bavaria, 1929 - 1995). Gaztetan antzerkia eta idazketa landu zituen. 1954. urtean hasi zen haur literatura lantzen, eta 1961ean Alemanian argitaratutako Haur Liburu Onenaren Saria (Deutsher Jugendbuchpreis) eman zioten, Jim Boton eta Lucas makinista istorioagatik. Lan hori eta Jim Boton eta hamahiru basatiak lana liburu bakar bat bezala osatu zituen Endek, baina argitaldariek luzeegia zela eta bitan banatzeko aholkua eman zioten. Lan haiek harridura handia sortu zuten irakurleengan, protagonisten abenturak fantasia eta errealitatea nahasten ziren lekuetan gertatzen baitziren. 1970ean Monikakoen liburua idatzi zuen. Lan horrekin arrakasta handia lortu zuen. Baina Momo (1973) liburuarekin zabaldu zen mundu osora Enderen arrakasta. Pertsonen arteko harreman solidarioak mehatxatzen dituen kapitalismoari eta garapenari buruzko metafora bat da Momo. Historia amaitezina (1979) lanean ere errealismoa eta fantasia nahasten ditu; liburu honek izugarrizko garrantzia eta arrakasta izan zuen mundu osoan. Michael Enderen beste lan batzuk dira: Ispilua ispiluan (1984), Dragoia eta tximeleta (1985).