…eta kitto!
Eibarreko euskara hutsezko herri aldizkaria, …eta kitto! euskara elkarteak argitaratzen duena. 1987an kaleratu zen lehen aldiz. Garai hartan euskarako batzordeak argitaratzen zuen eta hilabetekaria zen. 1992an euskara elkartea sortu zenean, elkartearen esku geratu zen kudeaketa eta koordinazioa. Itxuraz aldatu ondoren, hamabostean behin kaleratzen hasi zen. Astekaria da 1994az geroztik, 7.200 ale argitaratzen dira eta doan banatzen da. 28 orrialde izaten ditu normalean aldizkariak baina ale berezietan orri kopurua hazi egiten da. Hilean behin, gainera, Ermua, Elgeta eta Soraluzeko herri aldizkariekin batera gehigarri berezi bat kaleratzen da. Herri mailako informazioan oinarritzen da, batez ere, aldizkaria.