Ellet, Charles
Estatu Batuetako ingeniaria (Penn’s Manor, 1810 - Kairo, 1862). Kableetatik zintzilikatutako Ameriketako lehenengo zubia eraiki zuen. Parisen egin zituen ingeniaritza ikasketak eta Frantziara, Suitzara eta Britainiara egin zituen bidaiak. 1832an Estatu Batuetara itzuli zen eta Potomac ibaiaren gainean, Washington-en, 305 m-ko zubi zintzilikatua egiteko proposamena egin zion Kongresuari. Hasieran, era horretan egindako beste zenbait lanekin gertatu zen bezala, zubi zintzilikatua egiteko ideia hori aurreratuegia zen bere garairako, eta ez zioten proposamena onartu. 1842an Schuylkill ibaian, Filadelfian, bukatu zuen Ameriketako lehenengoa; altzairuzko bost kable zituen alde bakoitzean, eta 109 m zen luze. 1846-1849 bitarteko urteetan inoiz eraiki den zubi zintzilikaturik luzeena (308 m) diseinatu eta egin zuen, Baltimore eta Ohioko burdinbide konpainiak eskatuta, Ohio ibaiaren gainean. 1847an 3 km-ko zubia egin zuen Niagara ibaian, ur-jauzien azpian; zubi horri esker lehenengo aldiz gurutzatu zen Niagarako mendilepoa. Zubi hori egiteagatik ordaindu behar zioten diru kopurua zela eta, istiluak izan zituen, eta bukatu gabe utzi zuen.