Elxibei, Abulfaz
Azerbaijandar politikaria (Najecevaneko Errepublika Autonomoa, 1938). Orientalismoari buruzko ikasketak egin zituen beka baten laguntzarekin. 1970eko hamarraldian saiatu zen erakunde bat ezkutuan sortzen, Azerbaijanen independentzia eskatzeko helburuarekin; horren ondorioz, 1975ean espetxeratu egin zuten. Urte eta erdi egin zuen espetxean. Komunismoaren hondoratzearekin batera Herri Frontea antolatu zuen, eta Azerbaijan Estatu Burujabeen Batasunean sartzearen kontra azaldu zen. 1992an hauteskunde orokorretara aurkeztu zen; garaile irten zen, eta presidente izendatu zuten. Errusiatik aldentzeko eta Turkiara hurbiltzeko ahaleginak egin zituen (Estatu Burujabeen Batasunetik atera zen Azerbaijan 1992an) eta mendebaldeko herrialdeekin petrolioaren esportaziorako hitzarmenak lortzen ahalegindu zen. Baina ez zuen lortu ez ekonomiak hobera egitea, ez Nagorno-Karabakheko gerra amaitzea. Guseinov koronelaren jarraitzaileek estatu kolpe bat eman zuten. Elxibeik ihes egin zuen, eta Kontseilu Nazionalak Heydar Aliev komunistaren esku utzi zituen ahalmenak (1993).
- elurtze
- Elusa
- Elvas
- Elvillar
- Elvin-Lewis, Memory
- Elxibei, Abulfaz
- Ely uhartea
- Ely
- Élysée
- Elytis, Odysseus Alepudhelis
- Elzevir