Elorza González, Odón
Gipuzkoar politikaria (Donostia, 1955). PSE-PSOE Euskadiko Ezkerra alderdiko kidea. Zuzenbidean lizentziatu da, eta Donostiako udalean hasi zuen bere ibilbide politikoa, bertako zinegotzi 1979. urtean hautatu baitzuten lehenengo aldiz. Hainbat urtez Donostiako udaleko talde sozialistaren bozeramaile izan ondoren, 1991ko udako hauteskundeetan Donostiako alkate hautatu zuen udalbatzak, eta kargu hori berriztatu egin zuen 1995. eta 2000. urteko hauteskundeetan. 1984tik 1991ra bitartean biltzarkide izan zen Euskal Legebiltzarrean, eta alkatetzaren ardurak bete ahal izateko utzi zion legebiltzarkide izateari. 1999az geroztik, EUDEL Euskal Herriko udalen elkarteko Batzorde Eragileko kide da, baita FEMP (Federación Española de Municipios y Provincias) Estatu mailako erakundeko Trafiko eta Garraio Batzordearen buru ere. Bere alderdian, abertzaleekiko harremanak sendotzearen aldeko agertu da azken urte hauetan Elorza, baita elkarrizketa politiko zabalaren aldeko ere, eta irizpide horien arabera hartutako hainbat jarrera eta erabakiren ondorioz liskarrik ere izan du bere alderdiarekin.