eliza, eliz
iz. (E larriz). (Gr. Ekklesia «batzarra»; Lat. Ecclesiam). Jesu Kristoren erlijioari jarraitzen zaizkion sinestunen bilkura; kristautasunaren barnean bereizten diren bilkuretako bakoitza. Greziako Eliza ortodoxoa. Eliza Katolikoa. || Eliza Katolikoa; herri bateko katolikoen bilkura. Euskal Herriko Eliza. || Elizgizonen multzoa; Eliza erakundetzat hartua. Baserri hori, herriz Mendatakoa, elizaz Arratzukoa da. || Eliza gizon*. e. elizgizon. || Elizkizunetarako bereziki prestatzen den eraikuntza. Eliza batean ehortzi zuten, aldare aitzinean. || Eliza xori. Txolarrea. v Eliza Unibertsalak, Kristoren «gorputz mistikoak», hartzen ditu gaurko fededunak (lurreko Eliza), salbatuak (zeruetako Eliza), eta, katolikoen ustez, Garbitokiko arimak (sufritzen duen Eliza). Kristo da Elizaren sortzaile eta buru, eta, katolikoen ustetan, Aita Santua da haren ordezkoa lurrean. Historian zehar, tokian tokiko batzarrak bateratu ondoko batasunak osatu du Eliza, arian-arian. Alabaina, hausturak gertatu dira bide horretan (ik. zisma). Eliza askok Eliza Unibertsalaren ataltzat hartzen dituzte beren batzarrak. Eliza katolikoak uste du apostoluengandik sortua izaki, bera dela benetako eliza bakarra, eta apezpikuen jarraipenaren tradizioari eusten dio. Vatikanoko II. kontzilioaz geroztik, Erromako elizak harreman hertsiagoak bultzatu ditu Erromako elizak gainerako elizekin, ekumenismoa sendotuz. Eliza ugari dago. v Ekialdeko elizak. Bost talde daude ekialdeko deituriko eliza kristauetan: armeniarra (monofisita), kaldearra (Persian, Nestorioren jarraitzaileak), bizantziarra (Eliza ortodoxoak), koptoa (monofisita) eta siriarra (monofisita). v Eliza uniatak. Hauek dira, aldendurik egon ondoren, Erromaren agintea onartzen duten elizak. Aurrekoan aipaturiko bost taldeetako kristauek eta Libanoko maronitek osatzen dute eliza uniaten multzoa. v Eliza protestanteak. Hauek dira Luteroren Erreformaren ondoren, zuzenean nahiz zehar bidez, sortu ziren elizak: anabaptistak, Eliza anglikanoa, bautistak, Christian Science, anaia moraviarrak (Nikolaus Zinzendorfen jarraitzaileak), Eliza luteranoa, mennonitak (Menno Simonszen jarraitzaileak), metodistak (John Wesleyren jarraitzaileak), ez-konformistak (Galesko eliza), mormoiak (Joseph Smithen jarraitzaileak), presbiteriarrak (John Knox-en jarraitzaileak, Eskoziako eliza), puritanoak, kuakeroak (George Fox-en jarraitzaileak), erreformatuak (kalbinistak). v Eliza txikia. Frantzian 1801eko konkordatua onartu ez zuten apezpikuek eratu zuten eliza. Frantzia mendebaleko Poitou eskualdean bizirik dago oraindik. v Beste eliza batzuk. Horiez gainera, beste eliza katoliko txikiago batzuk sortu dira historian zehar, Erromatik aldenduta: jansenistak (Holandan. ik. Jansenius.) eta 1870ean erabaki zen Aita Santuaren huts egin ezina onartzen ez duten katoliko zaharrak (Alemanian.). v Historia. Eliza Diasporan barreiaturiko juduen eta grekoen nahiz erromatarren artera zabaldu zen Jerusalemdik. K.o. I. mende bukaerarako, kristauak Antiokia, Asia Txikia, Grezia, Erroma eta Alexandria aldera hedatuak ziren. Afrikako iparraldea, Italia, Galia, Germania eta Hispaniara joan ziren hurrengo (II-III. m.). II. mendeaz geroztik, Erromako apezpikuak gailendu egin ziren beste guztien artetik, San Pedroren hurrenak zirela eta (San Pedroren lehentasuna, aitasantutzaren oinarria). Kristauak indartu egin ziren Erromatar Inperioaren barruan eta esetsaldiak, orokorrak nahiz tokian tokikoak, jasan zituzten (Neron, Domiziano, Marko Aurelio, Commodo, Septimo Severo, Maximino, Dezio, Valeriano, Diokleziano enperadoreen garaian). Konstantinoren garaipenak eta Milango ediktuek (313) erlijio ofizial bihurtu zuten kristautasuna, eta handik aurrera Elizak berebiziko garrantzia hartu zuen politikaren alorrean. Erromatar Inperioa bitan banatu zenean (Sartaldeko inperioa, 476an eroria, eta Sortaldeko inperio bizantziarra) zatiketa sakona izan zuen elizak ere: teologia gatazkak (arrianismoa, Nestorio, monofisitak, monoteletak, ikonoklastak, Filioque adierari buruzko eztabaida), Eliza frankoen babespean (756, Elizaren estatuak), Greziako eta Erromako elizen arteko haustura (867, Fozio; 1054, eliza ortodoxoak). Erdi Aroaren hasieratik, apezpikuek gero eta esku handiago izan zuten politikan, eta horren ondorioz, Karlomagnoren aginte alditik aurrera, erregeak eta enperadoreak elizaren gaineko aginpidea bereganatzen saiatu ziren. Elizak monasterioetako ordenen laguntzaz (Cluny; Cîteauxko zistertarrak) egin zuen eraberriketa gregorianoaren ondorioz (Gregorio VII.a Aita Santua, 1073-1085), enperadorearen eta elizaren arteko harremanek okerrera egin zuten (Inbestiduren auzia, X-XII. m.). Aita Santuen garaipenak (Inozentzio III.a, 1198-1216) ez zuen ordea elizaren eraberritzearen premia baztertu: Santo Domingo, San Frantzisko eta Eliza ahaltsu haren aurka sortu zen hainbat heresia dira horren lekuko (kataroak, Pataria, Vaudèsen jarraitzaileak, Wyclif, Huss). Eliza ofizialak, bestalde, Inkisizioa sortu zuen, heresiari aurre egiteko (XIII. m.). Ibilbide honen amaian, erreforma protestantea etorri zen (1517), eta Europaren mendebaleko erdia Eliza Katolikotik bereizi zen. Ondoren etorri zen kontraerreformak ia gaur arte iraun duten molde eta egiturez hornitu zuen eliza katolikoa (Trentoko kontzilioa, 1545-1563). Arrazionalismoak eta Frantziako Iraultzak nabarmen mugatu zuten Elizaren nagusitasuna. Pentsamoldearen, jakintzaren eta Estatuaren sekulartzeak Elizari jokaera aldarazi zion: joera «modernisten» gaitzespena, Elizaren Estatuen galera, Alemaniako Kulturakampf delakoa, Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa Frantzian. Hartaz, Elizak, azkenaldi honetan, «misio-lurralde» gisa hartzen du mundua, tradizio kristauko mundua barne, paganismo berriaren aurrean. v Eliza eta Euskal Herria. K.o. lehen mendeetan Euskal Herrian talde kristauak baziren ere, kristautasunaren benetako hedatzea ez zen hasi IV. mendearen bigarren erdialdera arte. Egungo Euskal Herria hartzen zuten lehen eliz barrutiak Oka, Kalagorri, Iruñea eta Akize hirien mendekoak ziren. Baionako eliz barrutia V. edo VI. mendean sortu zen. Euskal Herria osorik kristautua zen VIII. mendean, salbuespenak salbuespen, eta mende horren bukaeratik aurrera, euskal eliz barrutiko apezpikuek eta elizgizonek garai hartan sortu ziren konderriekin eta erreinuekin harreman estuak izan zituzten. X. mende aldera hasi ziren monasterioak zabaltzen euskal geografian zehar, Nafarroan eta Errioxan batez ere. XIII. mendean, Inozentzio III.ak bultzaturiko politikaren ildotik (Letrango IV. kontzilioa, 1215), Teodebaldo I.a Nafarroako erregeak bere gurutzada antolatu zuen ekialdeko musulmanen aurka. Eliza katolikoak bizi izan zuen zismak (1378-1418) eragina izan zuen Euskal Herriko agintari kristauen artean eta arazo politikoak (Ahaide Nagusien arteko guduak, Gaztela, Aragoi eta Nafarroako koroen arteko gatazkak) guztiz nahasi ziren erlijiozkoekin. XV. mendean fraticelli heretikoen mugimendua bizkortu zen Euskal Herriko alde batzuetan, Durangon batez ere. 1512-1523 bitarteko urteetan Nafarroa Garaiaz jabetu zen Gaztelako koroa Luterok abiarazitako erreformaren arerio nagusi bilakatu zen, eta Nafarroako gortea, berriz, protestante bihurtu zen. Erreformak arrakasta handia izan zuen Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Lapurdin. Ez, ordea, Iberiar Penintsulako euskal herrialdeetan. Ipar Euskal Herriko protestantismoa XVII. mendean iraungi zen, Frantziako erregeek bideratu zuten zapalkuntzaren ondorioz. Berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herrian Trentoko kontzilioak (1545-1563), haren eragina geroago arte nabaritu ez bazen ere. XVIII. mende bukaeran, Frantziako Iraultzak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako askatasun historikoen erabateko deuseztapena ekarri zuen eta, haren aurrean, lurralde haietako euskaldunak hertsiago atxiki zitzaizkion iraultzaren aurka agertu zen eliza katolikoari. Iparraldean bezala Hegoaldean ere, bereziki lotu zitzaizkion XIX. mendean, euskara eta euskal lurraldeetako askatasunen aldeko jarrerak Elizarekiko atxikipenari, liberalen aurka hegoaldean eta errepublikarren aurka iparraldean. Egoera hori ez zen, hala ere, guztiz orokorra izan eta eragin berezia izan zuen industrializazioak bazter utzi zuen nekazari giroan. XX. mendearen lehen laurdenean gorpuztu zen hego Euskal Herrian euskal nazionalismoaren aldeko eliza, Bizkaia eta Gipuzkoan batez ere. Ipar Euskal Herriko elizak, bestalde, frantses eskuinaren mendeko ideologia kontserbadorearen giroan segitu zuen oro har. Francoren matxinadak haustura ekarri zuen Hego Euskal Herriko elizara: apaiz euskaldun askok Errepublikaren alde jo zuen, Espainiako elizak oro har, agintariak buru, Francoren erasoa babestu bazuen ere. Ipar Euskal Herriko elizak, bestalde, ez zuen jarrera garbirik azaldu nazien inbasioaren aurrean. v Elizako Doktore. Eliza katolikoak bere teologo eta irakasle handienei ematen dien ohorea da. Hona hemen aipagarrienak: Alberto Handia, Alfontso Maria Ligoriokoa, Anbrosio, Antselmo, Antonio Paduakoa, Atanasio, Agustin, Basilio Zesareakoa, Bernardo, Bonabentura, Zirilo Alexandriakoa, Efren, Frantzisko Saleskoa, Gregorio I.a, Gregorio Nazianzokoa, Gregorio Nisakoa, Ireneo, Isidoro Sevillakoa, Joan Krisostomo, Joan Damaskokoa, Juan de la Cruz, Jeronimo, Leon I.a, Pedro Canisio, Pedro Krisologo, Pedro Damian, Roberto Bellarmino, Teresa de Jesus, Tomas Aquinokoa. v Elizaren Gurasoak. Elizak, bere idazleen artean, tradizio kristauaren emaile fidagarritzat onartu dituen idazleak dira. Eliza katolikoak hiru betekizun eskatzen ditu idazle bat gurasotzat hartu ahal izateko: antzinatasuna, santutasuna eta ortodoxia. Latinoen artean, antzinatasunak San Gregorioren garaia du muga (604. urtean hila); grekoen artean, ordea, San Joan Damaskokoaren garaia (749. urtean hila). Beste bi arrazoiengatik ez dira Elizako Guraso Tertuliano, Klemente Alexandriakoa eta Origenes. Hauek dira Elizaren Guraso aipagarrienak: Anbrosio, Atanasio, Agustin, Basilio Zesareakoa, Efren, Gregorio I.a, Gregorio Nazianzokoa, Gregorio Nisakoa, Hilario Poitierskoa, Ireneo, Isidoro Sevillakoa, Joan Casiano, Joan Krisostomo, Joan Damaskokoa, Jeronimo, Zipriano eta Zirilo Alexandriakoa; santuak dira guztiak. v Elizaren Estatuak. Aita Santuek 756-1870 bitarteko urteetan beren mende izan zituzten Italiako erdialdeko lurraldeak. Po ibaitik Fermoraino luzatzen ziren Adriatiko aldean; Toskanatik Terracinaraino Tirreniar Itsaso aldean, eta Ekialdeko Emilia, Unbria, Markak eta Erroma hartzen zituen. v Historia. Gregorio I.a Handiaren garaietatik aurrera (590-604), Aita Santuek, Italiako lurralde zabalena beren esku edukitzeaz gainera, autonomia handiz jokatzen zuten Ravennako exarken (Ekialdeko enperadoreen ordezkarien) aurrean. Lonbardiarrek Ravennako exarken mendeko lurra hartu ondoren, Eztebe II.a Aita Santuak Pepin Laburra errege karolingioaren laguntza eskatu zuen eta, hark, lonbardiarrak garaitu ondoren, Erroma, Peruggia, Ravenna eta Pentapolis (Rimini, Pesaro, Fani, Sinigaglia, Ancona) ezarri zituen Aita Santuaren esku (756). Karlomagnok berretsi zuen emaitza hau (774). Ondoko urteetan, Spoletoko dukerriaz eta Ferraraz jabetu ziren Aita Santuak. Aita Santuak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren ordezkari eta buru nagusi bihurtu ziren eta harrezkero Aita Santuek gobernatu zuten Italiako erdialdea. Erdi Aroan zehar, tirabira handiak izan ziren Aita Santuen eta jaun feudalekin eta Erroman bertan, Aita Santuen arrimuan, sortu ziren familia ahaltsuekin. Aita Santuen eta agintari germaniarren, frantziarren eta italiarren arteko harremanak ere korapilatsuak izan ziren eta, Erroma barneko anarkiak eraginda, Elizaren politikak gorabehera handiak izan zituen mendeetan zehar: enperadore germaniarrekiko auziak (X-XII. m.), Avignongo erbesteratzea (1309-1377), Sartaldeko Zisma (1378-1417). Errenazimentuaren garaian zuzendu zen Elizaren egoera politikoa, borgiarren (Alexandro VI, 1492-1503; Cesar Borgia, 1507. urtean hila) eta Julio II.aren (1503-1513) eskutik. Frantziako Iraultzak ekarri zuen Elizaren Estatuen hondamena, Frantziaren mendean geratu baitziren 1791-1799 bitarteko urteetan. 1814. urtean, Napoleonen gainbehera hasi ondoren, berriro ere egituratu ziren Elizaren estatuak; bizkundea, alabaina, azalekoa izan zen, Italiako herriaren abertzaletasunak ez baitzuen besterako aukerarik eman. Gregorio XVI.ak eta Pio IX.ak Austria eta Frantziako gobernuengana jo zuten laguntza eske. 1860. urtean, Romagna, Marche eta Umbria Piemonteko koroaren eskuetara igaro ziren eta Erroman zeuden oste frantsesek galarazi zuten hiria Viktor Enmanuelen erreinuko lurralde bihurtzea. 1870. urtean, Italiak Erroma bereganatu zuen eta Elizaren Estatuak desagertu ziren. Pio IX.ak ez zuen Italiako erreinu berria onartu. 1929. urtean, Gasparri kardinalak eta Mussolinik Letrango jauregian izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Vatikanoko hiriko estatua sortzearekin batera, Aita Santuak uko egiten zien Erroma eta Elizaren Estatuen gainean mendeetan zehar izan zituen eskubideei eta Italiako estatuak eskubide bereziak eman zizkion Elizari.