Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

elektronika

iz. Elektroi askeek esku hartuz jazotzen diren gertakariak aztertzen dituen fisikaren atala; jakintza horren ondoriozko teknologia.  v Elektronika, hasieran, elektrizitate esperimentuekin lotuta zegoen, 1883an T. A. Edisonek eta beste ikertzaile batzuek hari gorizko lanparen emisio termoionikoa aurkitu zutenean. «Edisonen efektua» argitu gabe geratu zen 1897an Thompson fisiko britainiarrak efektu hori elektroien eraginez gertatzen zela erabaki zuen arte. XX. mendearen hasieran J.A. Flemingek efektu termoionikoa korronte alternoak zuzentzeko erabili zuen (diodoa) eta 1906an L. Forestek beste elektrodo bat sartu zuen (sarea) anodoaren eta katodoaren artean oso potentzia gutxi kontsumituz kontrolatu ahal izateko (triodoa). Esan daiteke une horretan hasi zela elektronika, aurkikuntza horrek osziladoreak eta anplifikadoreak egiteko bidea ematen baitzuen. Hortik aurrera elektrodo gehiagoetako balbulak egin ziren: pentodoa, hexodoa… Elektronikaren beste alderdi garrantzitsua fotoelektrikarekin zerikusia duena da. Alor horri Hertzek eman zion hasiera, 1887an zelula fotoelektrikoa aurkitu baitzuen, gertaera hori Einsteinek 1905ean azaldu zuen arren. Hasierako garai horietan elektronikak eta telekomunikazioak batera egin zuten aurrera. XIX. mendearen bukaeran Marconik lehenengo lotura irratitelegrafikoak egin zituen eta geroago, trantsistoreak oinarritzat hartuta, gero eta osagai elektroniko txikiagoak egiten hasi ziren. Dentsitate altuko zirkuitu txiki horiek (mikroprozesagailuak) aurrerapen handiak ekarri dituzte ordenagailuen teknologiarako eta robotikarako, alde batera utzi gabe kontsumoko gai ugari, hala nola bideokasetak, segurtasun sistemak eta abar. Optika eta elektronika batzean fotodetektagailuak, laserrak, zuntz optikoak eta abar sortu ziren.  v  Elektronika tresneria. Zirkuituen teoriak baliabide matematikoak erabiltzen ditu karga elektrikoen mugimenduen gertaera fisikoak aztertzeko, eta osagai elektronikoak, berriz, gero eta maiztasun altuagoak erabiltzen dituzten teknologia berezien ondorio dira. Zirkuituen teoriak eta osagai elektronikoen teknologiak bat egiten dute elektronika tresneria sortzeko, hau da, anplifikagailuak, osziladoreak, sorgailuak, moduladoreak, eta beste zenbait funtzio betetzen duten tresnak.