Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ekuatore

iz. Geogr. Bi lurburuetatik distantzia berera dagoen irudizko zirkulua, Lurra iparraldeko eta hegoaldeko hemisferioetan banatzen duena. v Ekuatore magnetikoa. Fis. Iman orratza etzanda geratzen den puntu guztiak lotzean eratzen den lurrazalaren gaineko irudimenezko lerroa. v Zeruko ekuatorea. Astr. Lurraren ardatzarekiko angelu zuzenean dagoen irudimenezko zirkulua, Lurreko ekuatorea zeruko esferarantz proiektatzen denean osatzen dena.  v  Roemer-en ekuatore teleskopioa. Astr. Elkarzut dauden bi lente mugikorren bidez argizagien leku aldaketak neurtzeko tresna. v  Ekuatoreko itsaslasterrak. Haize alisioen eraginez (ipar-ekialdetik hego-mendebalera doan norabidea dute, Ipar hemisferioan, eta hego-ekialdetik ipar-mendebalera dihoana, Hego hemisferioan) sortzen diren itsaslasterrak. Haize horien eraginez mendebaleko norabidea dute ekuatoreko itsaslasterrek, eta ekuatoreko marraren bi aldeetan izaten dira, iparraldean eta hegoaldean. Haizeen eraginez Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean sortzen diren itsaslasterrek norabidez aldatzen dute kontinentearekin topo egitean: ekuatorez iparraldeko itsaslasterrak eskuinera bira egiten du, eta ekuatorearen hegoaldekoak ezkerretara.