Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ekuador

(Izen ofiziala, Ekuadorko Errepublika; Gazt., República de Ecuador) Hego Ameriketako estatua, Ozeano Barearen ertzean. Ekuatoreak zeharkatzen du. 283.561 km2, Galapagos uharteekin batera, eta 14.233.123 biztanle (ekuadortarrak, 2008). Mugak: iparraldean, Kolonbia; hegoaldean eta ekialdean, Peru; mendebaldean, Ozeano Barea. Hiriburua: Quito. Hiri nagusiak: Cuenca, Guayaquil eta Machala. Herriak: mestizoak % 55; amerindiarrak % 25; espainiarrak % 10; beltzak % 10. Hizkuntzak: gaztelania (ofiziala), eta hizkuntza amerindiarrak, batez ere kitxua. Erlijioa: katolikoak (% 95). Dirua: sukrea. ■ Biztanleak. Ekuador dentsitate handiena duen herrialdea da Latinoamerikan (44 bizt./km2). 1998an Ekuador-eko biztanleen % 60 hirietan bizi zen, Quito, Guayaquil eta Cuenca hirietan batez ere. 1995. urte inguruan egindako ikerketa baten arabera, hiriko biztanleen % 25 eta herrietakoen % 47 pobreak ziren, eta hiritarren % 10 eta nekazarien % 22 pobreziaren mailatik behera daude. Bizi itxaropena 72,16 urtekoa da (69,54 gizonezkoetan eta 74,9 emakumezkoetan), eta jaiotza tasa 2,63 haur/emakumeko da.   v  Ekonomia. Urteetan kakao ekoizle nagusietako bat izan da Ekuador, baina 1970. urtean ekonomia erabat aldatu zen, petrolio hobiak aurkitu baitziren. LPEEko kide egin zen eta Latinoamerikako bigarren petrolio esportatzailea bihurtu zen. 1980. urtetik aurrera, petrolioaren prezioen jaitsiera zela-eta, Ekuador ekonomia krisi larrian sartu zen, eta, horrez gainera, atzerriko zorra ere hazi egin zen. 1990. urtean, aldiz, nekazari gaien esportazioari esker, ekonomiak nolabaiteko gorakada izan zuen. 1992an LPEE utzi, eta pribatizatu eta liberalizatu egin zituen bere merkataritza harremanak. Petrolioari esker herrialdea modernizatu egin bada ere, ez du lortu azpigarapen egoeratik irtetea. 1998. urtean, ekonomia eta finantza krisi larrian sartu zen Ekuador berriz ere. ■ Lantzen diren lurrek Ekuadorko lurraren % 10 hartzen dute; oso era tradizionalean lantzen dira, batez ere, Sierra eta Costa lurraldeetan. Bananak, azukre kanabera, artoa, arroza, patata, kafea, kakaoa eta zitrikoak dira gai nagusiak. Lore ekoizpena ere garrantzi handikoa da Ekuadorko ekonomian. Munduko balsa zura erreserba nagusietako bat dago Ekuadorren. Horrez gainera, mangle zura, ogiaren zuhaitza, kina, tagua eta kautxua ugari dira bertako basoetan. Galapagos uharteen inguruko uretan atuna eta langostinoak arrantzatzen dira ugari. Meatzei dagokienez, urre, zilar, berun eta zink meategiak daude Ekuadorren. Petrolio hobiak industriaren oinarri dira. Hobi horiek gobernuarenak badira ere, atzerriko enpresa handien esku dago horien ustiakuntza. Industria alor nagusiak nekazaritzaren ingurukoa, elikagaiak (edariak, batez ere), petrolioa eta tabakoa dira. Hala ere, esportaziorako industria alorrak, besteak beste, kimika eta papera dira. Industriagune nagusiak Quiton eta Guayaquil-en daude. Ekonomiaren liberalizazioak, inportazioak % 25 eta esportazioak % 13 igotzea ekarri zuen. Ekuadorrek Estatu Batuekin, eta Andeetako Hitzarmenaren kideekin (Txile, Peru, Bolivia, Kolonbia) ditu merkataritza harremanak.  v  Historia. Ekuadorko lehen biztanleak, dirudienez, ozeanoko punoko arrazakoak izan ziren. Jatorrizko taldeen artean, aipatzekoak dira karibeak edo araguak, jatorriz Antilletakoak direnak; txibtxak, maiak eta kitxeak, Ameriketako erdialdetik etorriak; kolla-araguakoak eta kitxuak, Peruko eta Bolibiako goi-ordokietakoak. Antolakuntza politikoari dagokionez, elkarteak zituzten, ayllu deituak. Ayllu bakoitzak bere totem edo jainkoa zuen, bere usadioak eta bere hizkera. Tupak Yupanki inkak XV. mendean hasitako Quitoko erreinuaren konkista, Huayna-Kapak-ek, haren semeak, burutu zuen, Quitoko biztanleen eraso gogorra gainditu ondoren. Baina lurraldeak ez zuen bake osorik izan Huayna-Kapak, Quitoko Konfederazioko Toa buruzagiaren alabarekin ezkondu zen arte. Ezkontza horretatik jaiotako semea izan zen Atahualpa. Era honetan eratu zen Tahuantisuyo edo inken inperioa; Ekuador Txintxasuyo edo iparraldeko eskualdea zen. Huayna-Kapak hiltzean, bitan zatitu zen inperioa: Atahualparen esku geratu zen Quito, eta Huaskarren esku Peru.  v  Kolonia garaia. Pizarro espainiar konkistatzailea lurralde haietara heldu zenean (1533), Huaskar menderatu berria zuen Atahualpa atxilotu zuen Cajamarcan. Buruzagia hil ondoren (1553ko abuztuaren 29an), inperioa berehala desegin zen. Inka herria eta gainerako indiarrak menderatu ondoren hasi zen kolonizazioa; hiriak sortu ziren, eta espedizio berriei ekin zieten espainiarrek. Francisco de Orellanak adibidez Amazonetara jo zuen (1542ko otsailaren 12an). Ekuador Peruko erregeorderriaren mendeko lurralde edo gobernazio bat zen, hiru hiri nagusi hartzen zituena: Quito, Portoviejo eta Guayaquil. Eremu zabalak hartzen zituen hiri bakoitzak. 1563ko abuztuaren 29an, Filipe II.aren aginduz, gobernazioa errege auzitegi bihurtu zen. Peruko erregeorderriaren mende egon zen beti, baina lege arazoetan burujabea zen. 1718ko azaroaren 3an, auzitegia kendu egin zuten, eta Santa Fe de Bogotari lotu zitzaion, baina lau urte geroago berriro lehengora bihurtu zuten. Azkenik, 1739ko abuztuaren 20ko errege agindu batez, Granada Berriko erregeorderriaren manupean geratu zen Quitoko auzitegia.  v  Askatasunaren garaia. Ekuador izan zen, Ameriketako kolonien artean, askatasun asmoa azaldu zuen lehena, 1809ko abuztuaren 10ean Espainiako agintariak kendu eta Gobernu Autonomoko Batzarra eratu baitzen. Baina azkenetakoa izan zen askatasun osoa eskuratzen, 1822ko maiatzaren 24an lortu baitzuen burujabetza, Sucre jenerala zela gidari (Pichinchako Gudua). Egun horretatik aurrera, Simón Bolívarrek sortu zuen Kolonbia Handiko parte izan zen Ekuador, baina Askatzailearekin batera hil zen Kolonbia handia, Venezuela 1829an eta Ekuador 1830ean bereizi egin baitziren hartatik. Orduan jaio zen Ekuadorko Errepublika. Juan José Flores izan zen lehenengo lehendakaria (1830-1835, 1839-1845).  v  Azken urteak. Ekuadorko estatuak gorabehera asko izan ditu politikari dagokionez, eta diktadura ugari izan dira. 1942az geroztik, Perurekin izandako gerraren ondoren (1941-1942), militarrek Velasco Ibarra jarri zuten aginpidean (1944); baina 1972an militarren estatu kolpe batek agintetik bota zuen. Guillermo Rodríguez Lara jeneralak hartu zuen aginpidea. Gobernu berriak bost urteko ekonomia plan bat aurkeztu zuen, nekazaritza eta industriarako batez ere. Urte horretan bertan hasi ziren lehenengo petrolio esportazioak, eta Ekuador Latinoamerikako petrolio esportatzaile nagusietako bat bihurtu zen. Petrolioak diru sarrerak eta inbertsio funtsak ugaritzea ekarri zuen, baina aldi berean, nabarmendu egin zituen aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak. 1976an Rodríguez Lararen ordez Alfredo Poveda Burbano almirantea jarri zuten agintean. 1978an erreferendum bat ospatu zen konstituzio berria onartzeko, eta handik urtebetera lehendakaritzarako hauteskundeak ospatu ziren. Jaime Roldós Aguilera izan zen irabazle. Garai horretan gatazka berri bat izan zen Perurekin mugak zirela-eta; 1981. urtean amaitu zen gatazka hura. Handik gutxira Roldós presidentea hegazkin istripu batean hil zen eta Osvaldo Hurtado Larrea jarri zen buru. 1984an León Febres Cordero negozio gizona jarri zen haren ondorengo. Gobernu hark militarren zenbait matxinadari egin behar izan zien aurre; horien artetik nagusia 1987an izan zen; militarrek zenbait orduz bahituta eduki zuten presidentea, León Febres Cordero. Rodrigo Borja, Ezker Demokratikoa alderdikoa, aginpidera iritsi zenean, krisi ekonomiko larria bizi zen Ekuadorren. 1990ean indigenek Quitoko eliza bat hartu zuten eta horrela hasi zen indar hartuko zuen matxinada. Indigenek bi eskakizun nagusi egiten zituzten: lurren jabe izateko aukera batetik, eta bestetik, giza eskubideen errespetua. 1991n mila indigenatik gora Biltzarreko areto nagusian sartu ziren, 1990ean atxilotutako mila indigenen askatasuna eskatuz. 1992ko hauteskundeetan Sixto Durán Ballén irten zen garaile. Gobernu berriak programa berri bat jarri zuen abian; gobernuaren mendeko enpresak pribatizatzea eta egitura mugatzea zen proiektu haren oinarria; hori horrela izan zedin laguntzak gutxitu egiten ziren, eta oinarrizko zerbitzuen prezioak igo egin ziren. Legebiltzarreko oposizioa, Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa eta Langileen Fronte Bateratuak osatua, politika haren kontra agertu zen, nabarmen hazi baitziren pobretasuna eta langabezia. Gatazka nagusia gizarte segurantza, elektrizitatea, telekomunikazioak eta petrolioa pribatizatu zituztenean sortu zen. 1994. urtean Galapagos uharteetako Isabel uhartean izan zen sute izugarri bat izan zen: 6.000 ha erre ziren eta dortoka erraldoien bizitza arriskuan egon zen. Gertaera horren ondoren lege bereziak ezarri ziren turismoa kontrolatzeko eta baita legez kanpoko arrantza kontrolatzeko ere. Ballén presidenteak, bestalde, 1964 eta 1973ko nekazari erreformak deuseztatu zituen 1994. urtean. Erreforma haien bidez lursail handiak banatu ziren eta indigenei eta nekazari txikien artean. Deuseztatze hari erantzun nahian, Indigenen Konfederazioak hainbat herri eta hirietako bideak itxi zituen, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen; gudarostea bidali zuen gobernuak egoera kontrolatzera. 1995ean gatazka berriak izan ziren Perurekin Cóndor mendilerroan. Durán Ballének larrialdi egoera ezarri zuen berriz, eta biktima asko izan zen. Urte horretan bertan, Kongresuak zenbait ministro eraman zuen auzitara diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik. 1996ko hauteskundeak Abdala Bucaram populistak irabazi zituen. Haren lehenego lana enpresaburuak eta finantza gizonak lasaitzea izan zen, haiek larrituta baitzeuden Bucaram-ek hauteskunde kanpainan pobreei agindu zizkien erraztasunak zirela-eta. Baina gobernuak egin zituen zerga aldaketak egoera larritu besterik ez zuten egin. Sindikatuek greba orokorra antolatu zuten; bestalde, prezioen igoera izugarriak onartu zituen, besteak beste, telefono tarifak % 1000 igo ziren, elektrizitatea % 300, gasa % 240 eta hiriko garraioa % 60. Legebiltzarreko gutxiengoak ez zuen onartu Bucaramen aginpidea. Hiru eguneko larrialdi egoeraren ondoren –hiru egun horietan hiru lehendakari izan ziren–, Fabián Alarcón-ek legebiltzarraren eta gudarostearen babesa izan zuen. Plebiszitu batean lehendakari berriak babes handia izan zuen. Aldi berean, biltzar nazional bat osatu zen konstituzioa berri bat idazteko. Quitoko Gorte Gorenak Panaman erbesteraturik zegoen Bucaram atxilotzeko agindua eman zuen, ustelkeria salaketapean. 1998ko hauteskundeetan Jamil Mahuad kristau-demokrata atera zen garaile. Urte hartan bertan, Ekuador eta Peruko gobernuek hitzarmen bat izenpetu zuten bi herrialdeen arteko muga arazoak amaitzeko. Gobernuak hartutako neurri ekonomiko zorrotzak eta herrialdearen egoera larria zela eta, 1999ko martxoan Fronte Abertzaleak (Frente Patriótico) 48 orduko greba orokorra deitu zuen. Deialdeari erantzunez, gobernuak herrialde osoan hedatu zuen gudarostea. 2000. urtean ere herrialdeak ez zuen egonkortasun politikoa berreskuratu, eta gudarostearen zaintzapean egon zen. Urtarrilean, botere betearazlea, legislatibo eta betearazlearen erreforma eskatzen zuen mugimendu baten ondoren, estatu kolpea gertatu zen, indiarren eta gudarosteko ofizial talde baten ekimenez. Hilaren 21ean 5.000 indiarrek Kongresua hartu zuten, bertan herri gobernu bat ezartzeko asmoz. Hasieran, gudarosteko buruzagi gorenak Jamil Mahuad lehendakari kristau-demokratari leial egon ziren, baina babesa ukatu eta kargua uzteko eskatu zion gero. Oro har, baina, herrialdea bakean egon zen. Egun hartan bertan, gauean, Batzorde bat eratu zen, kide hauekin: Ekuadorko Indiar Nazioen Konfederazioko lehendakaria, Defentsa ministroa, agintaritza osoaren buruzagia eta talde sozialen ordezkari bat. Probintzietako buruzagi militarren eta ofizial nagusien babesik gabe, Batzordea ordu batzuen buruan desegin zen. Hurrengo egunean, urtarrilaren 22an, errepublikako lehendakariorde Gustavo Noboak bere burua izendatu zuen lehendakari. Handik ordu gutxira, Kongresuak, Guayaquilen bilduta, karguan berretsi zuen lehendakaria. Egoerak baina ez zuen hobera egin, eta indiarrak berriro matxinatu ziren 2001eko otsailaren hasieran. 2002ko hauteskundeak Lucio Gutiérrez koronol erretiratuak irabazi zituen Partido Sociedad Patriótica alderdiarekin (eskuineko alderdia). 2005. urtean, ordea, Kongresuak kargutik kendu zuen Gutiérrez, matxinada handien ondorioz. Alfredo Palacio lehendakariordea izan zen ondorengo. 2006an Rafael Correa hautatu zen, alde handiarekin, 2007-2011 bitarterako lehendakari. 2007an Biltzar Konstituziogilea hautatu zen eta Konstituzio berria jarri zen indarrean.
http://www.presidencia.gov.ec/