Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ekuatorial 1

izond. Ekuatoreari dagokiona. v Klima ekuatoriala. Ekuatorearen inguruko lurraldeetan egiten duen eguraldia beroa eta euritsua da. Herrialde horietan lurrazalarekin ia angelu zuzena osatzen dute eguzki izpiek; hori dela eta, tenperaturan ez da beste lekuetako urtaro aldaketarik nabari (urtean zehar duen gorabehera 2,5° C-koa besterik ez da), eta urte osoan garaia da (Duala, 25° C, Manaos, 27° C, Bandung, 22 ). Hala ere, hezetasun handiaren eta euri ugariaren eraginez, egunetik gauera eguraldiak nabarmen hozten du (10° C baino gehiago). Beroa, hezetasuna eta euria, presio apalak eta haize barea dira lurralde hauetako klimaren beste ezaugarriak. Hezetasunez betetako haize beroak gora egiten du etengabe (haize alisioek jotzen dute ekuatorean); garaiera jakin batera iristean, haizea hoztu egiten da eta euri zaparradak ekartzen ditu egunoro. Klima ekuatorialak dira Amazonasen ingurukoa, Kongoaren ingurukoa, Gineakoa eta monzonikoa. Euriari esker, lurralde hauetan daude munduko ibairik handienak (Amazonas eta Kongo ibaiak), eta era berean klima egokia da landareentzat; oso landaredia oparoa izaten da (oihana). Gizonarentzat berriz ez da aproposa, nekez jasaten baitira hezetasun handia eta tenperatura altuak.