Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

egurats

iz. Planeta, izar bat, Lurra bereziki, inguratzen duen gas estalkia, atmosfera.  v  Lurraren eguratsa. Lurreko eguratsa gai hauek osatzen dute: nitrogenoa (bolumenaren % 78), oxigenoa (bolumenaren % 21), eta argoia. Badira beste zenbait gas ere (neona, helioa, xenona, etab.), baina horiek kopuru txikiagoetan azaltzen dira. 
Lurreko eguratsaren bi sailkapen nagusi daude: bata tenperaturaren araberakoa dena, eta bestea geruzen garrantzia eta ezaugarriak kontuan hartuta egiten dena. Lehenengoaren arabera bost dira eguratsaren geruzak. Lurrazaletik gertuen dagoen geruza troposfera da (12 km); troposferan mugimendu handiak izaten dira, eta bertako gertaerek eragiten dituzte eguraldiaren ezaugarriak. Tenperatura hoztu egiten da troposferaren lurrazaletik urruneko zatietan. Ondoren estratosfera (40 km) dago; troposferaren goiko zatiak baino tenperatura beroagoa du, eta bertan dago eguratseko ozono gehiena. Hirugarren geruza mesosfera da (40 km); gutxien ezagutzen den geruza da; tenperatura oso hotza izaten da (-75 ). Mesosferaren gainean termosfera dago (400 bat km); tenperatura beroa izaten du, 1.000 -rainokoa. Azkenik exosfera hasten da; mugatu gabeko garaiera du, eta eguratseko beste partikula batzuekin topo egin gabe Lurraren grabitazio indarretik ihes egiteko adina azkartasuna dute geruza honetako atomoek. Bigarren sailkapenak troposfera eta estratosfera bereizten ditu aurrekoak bezala, baina eguratsaren 55 km-tik gorakoari ionosfera izena ematen dio. Ionosferako ozonoak ezin ditu eguzkiaren uhin laburreko izpien irradak bereganatu eta horren ondorioz ioitu egiten dira gasak. 1.000 km-tik gora magnetosfera dago; lurraren eremu magnetikoaren eraginpean higitzen diren partikulak, karga handikoak, ditu osagai. v Beste planetetako eguratsa. Eguzki sistemako beste zenbait planetek eta gorputzek ere eguratsa dutela ikusi da. Kontinenteetatik eta ozeanotik sortzen diren gasen eta Lurraren eguratsari buruzko azterketetan oinarritu dira zientzialariak Lurraz beste zenbait planetek ere eguratsa dutela frogatzeko. Gainerako planeten eguratsa ere, gas arinez eta gai lurrunkorrez osatuta dago; hidrogenoa, helioa, metanoa eta amoniakoa dira osagai nagusiak.