Eduardo IIIa Plantagenet
(Ing. Edward). Ingalaterrako erregea 1327-1377 bitarteko urteetan (Windsor, 1312 - Richmond, 1377). Eduardo II.aren semea zen; Frantziako Elisabeten eta Roger Mortimer-en babespean hasi zuen erregetza, baina estatu kolpe bat eman ondoren biak bota zituen (1330). Eskozia menderatu nahi izan zuen. Frantziako Filipe IV.a Ederraren biloba zenez, Frantziako erregetza berari zegokiolakoan (1337), Ehun Urteko Gerrari hasiera eman zion. Bere erreinaldian izurrite beltza gertatu zen (1349) eta ekonomia krisiak astindu zituen Ingalaterrako bazter guztiak. Wyclifen heresia ere urte haietan sortu zen (1360-1370).