Echave Asu Romero, José Fernando de
Gipuzkoar politikaria (Getaria, ? - Usurbil, 1832). 1794ko uztailean Getarian egin ziren Batzar Nagusiek txandako Diputatu Nagusi aukeratu zuten, bera getariarra zelako. Echavek, bere koinatu Joaquín Barroeta Zarauz-ekin eta beste diputatuekin batera, urte bereko abuztuan, Konbentzioko Gerraren garaian herrialde hartan sartu ziren oste frantsesen eta Gipuzkoaren arteko hitzarmena izenpetu zuen. Hitzarmen horren arabera, Gipuzkoa Espainiako estatutik kanpo geratzen zen, Frantziako agintearen mendean, Gipuzkoari foruak errespetatzen zitzaizkiola betiere. Errepublikaren aldeko bazen ere, Gipuzkoa Frantziaren mende geratzearen aurka azaldu zen 1808an eta, hori zela eta, frantsesek preso hartu zuten.