Eastwood, Clint
Estatubatuar antzezlea eta zinema zuzendaria (San Francisco, 1930). Western filmak egin ditu batez ere; ustelkeriaren kontra borroka egiten duen gizon bakarti, zorrotz eta independenteak antzezten ditu gehienetan. Zineman hasi aurretik hainbat lanbidetan aritu zen. Hollywooden hainbat saio egin ondoren, eta ikusirik han ez zuela etorkizunik, Italiara joan zen Sergio Leone zuzendariaren western-etan lan egitera. Leonekin A Fistful of Dollars (1964), The Good, the Bad, and the Ugly (1966) egin zituen besteak beste. Film haiek arrakasta handia izan zuten eta Estatu Batuetara itzuli zen Eastwood. Han bere produkzio etxea sortu zuen (Malpaso Company). Antzezle gisa aipagarriak ditu: Dirty Harry (1971), Alcatrazeko Ihesa (1979), In the Line of Fire (1993). Zuzendari eta antzezle gisa aritu den filmen artean garrantzizkoak dira: Sudden Impact (1983), Zaldiko zurbila (1985), Unforgiven (1992), Madison-eko zubiak (1995). 1992an Hollywoodeko Akademiak Oscar saria eman zion Unforgiven filmean egin zuen zuzendari lanagatik, eta sari bera eskuratu zuen 2004an, Million Dolar Baby lanagatik.