Dutilleux, Henri
Frantses musikagilea (1916). Parisko Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. 1938an Erromako Sari Nagusia irabazi zuen L'Anneau du roi kantatarekin. Kantu irakaslea izan zen Operan (1942), eta Frantziako Irratiko musika sorkuntza zerbitzuko zuzendaria 1945 eta 1963 bitartean. Konposizio eskolak eman zituen Eccleko Musika Eskolan (1961) eta Parisko Kontserbatorioan (1970). Halaber, Kontserbatorioko Kontseilu Goreneko kide izan zen. Bere belaunaldiko musikari onenetakotzat daukate. Lehen lanetan nabarmena du hainbat musikariren eragina, Ravelena besteak beste, eta horregatik bere lehenbiziko obra gehienak desegin zituen. Lehenengo lanen artean aipagarriak dira, besteak beste, Sonatina (1942), txirula eta pianorako, Danse fantastique (1942, Dantza fantastikoa), orkestrarako, eta Sonata, pianorako (1947), urte horietako lanik aipagarrienetako bat. Nazioarteko ospea, baina, Lehen Sinfonia (1950) obrak eman zion. Lehen obra arrakastatsu hura Le double (1959, Bikoitza) obrarekin berretsi zuen, hamabi musika tresnaren eta orkestraren arteko elkarrizketa moduko batekin alegia. Urte batzuk geroago Cleveland Orchestrak Las Métboles (1964) obra enkargatu zion eta hurrengo urtean estreinatu zuen. 1967an Musika Sari Nazional Nagusia eman zioten eta bi urte geroago, M. Rostropovitxen enkarguz, Tout un monde lointain (1968-1970, Urrutiko mundu oso bat) egin zuen. 1972an Koussevitski Fundazioak Ainsi la nuit (1976) harirako kuartetoa eskatu zion.