Dunne, Irene
(Jaiotza izena, Irene Marie). Estatubatuar zinema antzezlea (Louisville, Kentucky, 1898 - Los Angeles, Kalifornia, 1990). New Yorkeko Broadway-en komediak antzezten hasi zen, eta Florenz Ziegfeld-en konpainian parte hartzera iritsi zen. 1929an hasi zen zineman lanean, Leather necking filmean. Handik aurrera berehala hasi zen gora egiten bere ibilbide profesionalean: Cimarron (1931), Theodora (1936), Love Affair (1939) eta I Remember Mama (1948) filmetako protagonista izan zen, eta azken horretan egindako lanagatik Oscar saria jaso zuen. Beste zenbait film apalagoren ondoren, arrakasta handia lortu zuen The White Cliffs of Dover (1944) eta Anna and the King of Siam (1946) filmekin. Zineman azken agerpena The Mudlark (1950) filmean egin zuen, Ingalaterrako Viktoria erreginaren paperean. Politikari ere lotu zitzaion, eta 1957-58 bitartean Estatu Batuetako ordezkaritzako kide izan zen Nazio Batuetan.