Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dunkerke

(Eusk., «Dunetako eliza»). Frantziako iparraldeko suprefetura hiria, Ipar Itsasoaren ertzean (Nord). 84.173 biztanle. Egungo Dunkerke hiriak Rosendaël alboko herria (20.000 biztanle) hartzen du bere barnean. Bigarren Mundu Gerraren ondoren guztiz hondatua geratu zen. XVI. mendeko Saint-Éloi eliza eta Notre-Dame-des-Dunes kapera gorde ditu. Frantziako hirugarren portua da (33.329.000 tona 1984an. Inportazioak: burdina, ongarriak, artilea, kotoia, laboreak, olioak eta petrolioa. Esportazioak: landuriko produktuak eta findutako petrolio gaiak). Kanal batek lotzen du Valenciennes hiriarekin. Industriagune garrantzitsua: ontziolak, ehunak, petrolio findegiak. Indar etxea. Altzairugintza. v Historia. Erdi Aroan Flandesko, Burgundiako eta Austriako etxeen mendean egon ondoren, Espainiako koroak hartu zuen Dunkerke eta bertan antolatu zuten Espainiaren eta Herbehereen arteko portu nagusia. Turenne marexalak hiria konkistatu zion Condé printzeari (1658) eta Pirinioetako Bakearen ondorioz (Irun, 1659) Frantziako koroaren esku geratu zen. Ingelesak hiria hartzen saiatu ziren 1793an. 1940an oso gudu bortitzak gertatu ziren Alemaniako osteen eta Belgika aldean zeuden britainiar eta frantses osteen artean. Alemaniarrak nagusitu ziren eta oste aliatuen atzeratzea bultzatu zuten.