Duisenberg, Willem Frederik
Holandar ekonomista eta politikaria (Heerenveen, 1935 - Faucon, Orange, Frantzia, 2005). Europako Banku Zentralaren lehendakari izendatu zuten 1998ko maiatzaren 2an, Europar Batasuneko estatu eta gobernuburuek europar diru bakarra, euroa, berretsi zuten egun berean. Ekonomiako ikasketak egin zituen Groningeneko Unibertsitatean, eta gero lau urte eman zituen Washingtonen, Nazioarteko Diru Funtsarentzat lanean. 1969an Holandara itzuli eta Holandako Banku Zentralaren laguntzaile gisa aritu zen urtebetez. 1973an Ekonomia ministro izendatu zuten, Joop Den Uyl-en lehendakaritzapean, 1977ra arte. Win Duisenberg Holandako Lanaren Alderdiko kide da. Bere agintaldian petrolioaren krisia bizi izan zuen, eta lehenengo urteetan zor publiko handiko finantza politika defendatu zuen, nahiz eta gero erabat aldatu zuen eta politika ekonomiko guztiz zorrotza bideratu zuen. 1982an Holandako Banku Nazionaleko zuzendari izendatu zuten, Ordainketen Nazioarteko Bankuko zuzendaritza batzordeko lehendakari zelarik ere. Banku Nazionaleko buru gisa, florinak gora-beherarik ez izatea lortu zuen, Holandako inflazioa Europako txikienetako bat izatea, eta bere herrialdeko ekonomia Europar Batasuneko egonkorrenetako bat izatea. 1993an Europako Banku Zentralen Gobernadoreen Batzordeko lehendakari izendatu zuten, eta 1994tik aurrera Europako Diru Institutuko (Europako Banku Zentralaren sorburua) zuzendaritza batzordeko kide izan zen. 1997an Europako Diru Institutuko lehendakaritza eskuratu zuen. Kargu horretan izan zituen zereginen artean hauek dira aipagarrienak: Europako Banku Zentrala abian jartzeko prestalanak egitea; bateratzeari buruzko txostena prestatzea, Europako Batzordeak erabakitzeko zer herrialdek hartuko duten parte Europar Batasuneko azken fasean; Europako Banku Zentralaren organizazioa prestatzea, 1999ko urtarillaren 1ean abia zedin. 1998ko maiatzaren 2an Europako Banku Zentralaren lehendakari izendatu zuten, zortzi urtez. Baina Frantziaren eta Alemaniaren jarrerren arteko tirabirak direla eta, 2002ko uztailaren 1ean karguari uko egingo ziola hitzartu zen, baina kargu hartan jarraitu zuen, harik eta 2003an Trichetek (frantziako banketxe baten porrotarekin zerikusia zuelakoan epaitu baitzuten) kargua hartzeko modua izan zuen arte.
- duineztasun
- duingabe
- duintasun
- duintze
- Duisburg
- Duisenberg, Willem Frederik
- Dujardin, Karel
- Dukas, Paul
- dukat
- duke
- Duke-Erreka