Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dresden

Alemaniako erdi-mendebaleko hiria, izen bereko barrutiko hiriburua. Txekoslovakiatik hurbil dago, Elba ibaiaren ertzean. 515.900 biztanle (1989). Monumentu barroko ugari zeuden bertan. Hiria suntsitu egin zuten, hein handi batean, 1945. urteko bonbardaketan (250.000 hildako). Dresden hiriak izan duen ekonomia aurreramendua hurbilean dituen lignito hobiei eta Elba ibaiari zor die. Komunikabidez ongi hornituta dago (Hanburgotik Txekoslovakiara doan ubidea bertatik igarotzen da; aireportua), eta lehen mailako industriagunea bihurtu da: mekanika, elektronika eta kimika industriak, doitasun mekanika, portzelana, etab. Dresden hiriak artearekiko ardura handia izan du betidanik. Oso ospetsuak dira bertako pintura museoak.  v  Historia. XVII. eta XVIII. mendeetan, Saxoniako eta Poloniako Augusto II. eta III. erregeen garaian, arte loraldi handia izan zuen hiriak. Dresdengo bakeak edo hitzarmenak (1745), Silesiako gerrari amaiera eman zion. Austriak Prusiaren esku utzi behar izan zuen Silesia. Saxoniak, berriz, indemnizazio ordain baten bidez kitatu zituen Prusiarekin zituen zorrak.