Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

doriar

(Gr. dôrioi). iz. eta izlag. Antzinako Greziara emigratu zuen azken herri indoeuroparra (K.a. 1200. urte aldera). Tradizio horren arabera, doriarrak iparraldean egokitu ziren hasieran, Doridan geroago eta K.a. XII. mendetik aurrera Tesaliako eta Greziako erdialdera zabaldu ziren (Peloponeso). Mizenas eta bertako zibilizazioa suntsitu zuten, eta akkaiarrak Arkadiara egotzi zituzten. Ondoren itsasoaz bestaldera igaro eta uharteetan eta Asia Txikiko hiri batzuetan egokitu ziren (Hegoaldeko Zikladeak, Kreta, Rodas, Knido, Halikarnaso eta abar). Korinto, Esparta eta Megara izan ziren doriarren hiri nagusiak. v Doriarren mugimendu hauek zalantzan jarri ditu historiografia modernoak. Homeroren garaiko kontaerek ez dituzte doriarrak aipatzen. Hala ere, doriarren hizkuntza grekoak zituen lau dialekto nagusietako bat izan zen, eta Peloponeson, hegoaldeko Zikladetan eta Asia Txikiko hegoaldeko kolonietan mintzatzen zen. Doriarrek ongi lantzen zuten burdina. Hilak erre egiten zituzten. Antolamendu militarrak garrantzi handia zuen doriarren artean, baina talde guztiek ez zuten antolamendu politiko bera. Hizkuntzari, arteari, teknikari eta ohitura batzuei dagokienez, doriarren ekarpena ongi zehaztu den arren, oraindik ilun dago erakundeetan eta politikan zer eragin izan zuten.  v  Antzinako Greziako arkitekturan erabili ziren hiru ordena klasikoetako zaharrena. Zutabe doriarrak ez du harroinik, zortzi moduluko altuera izan ohi du eta kapitela oso sinplea da, moldura batez hornitua. Frisoa metopaz eta triglifoz apaindua izaten da. Gisa honetako ordena da toskaniarra, sendoagoa eta leunagoa bada ere.