Donostialdea
Gipuzkoako ipar-ekialdeko eskualdea, Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriek osatua. 306 km2 eta 314.596 biztanle. Mugak: Hondarribia eta Irun ekialdean; Lesaka, Goizueta, Arano, Berastegi, Elduain eta Villabona hegoaldean; Aduna, Zizurkil, Aia eta Orio, mendebalean eta Kantauri itsasoa iparraldean. v Orografia. Donostialdea Oriako ibaiaren behe arroko eskuinaldearen eta Oiartzun haranaren artean zabaltzen da. Oiartzun eta Urumea ibaien haranek osatzen dute. Hegoaldean daude mendi garaienak (Aiako Harria-Bianditz-Adarra, 800-840 m). Kostaldean bi mendilerro nagusi daude: Jaizkibel (450 m) eta Mendizorrotz; bi horien artean daude Urumea (Donostia) eta Oiartzun (Pasaia) ibaien bokaleak. Bien artean zabaltzen da Ulia mendia. Donostiako badia bikoitza da eta zabal samarra. Pasaiakoa, aldiz, hertsia eta luze estua da. Bi mendialde hauen artean hedatzen dira lur behereak eta haranak. Bertan egokitu dira Donostialdeko herriak eta hiriak. v Klima. Klima ozeanikoa da; tenperaturak epelak dira eta giroa hezea, hezeagoa ekialdean eta are hezeagoa hegoaldeko mendialdean. Tenperaturak batez beste: 9 °C neguan eta 19 °C udan. Euria: 1.500-2.000 mm urtean. Landaredia asko aldatu da azken garaietan. Oihan galera handia izan da, garai bateko gaztaina, haritz edo pagadi asko desagertu da eta haren ordez, txilarra, iratzea eta otea nagusitu da, pinua aldatu edo lurrari beste erabilerarik eman ez zaion eremuetan. v Biztanleria. Donostialdeko demografiak etengabeko hazkundea izan zuen, 1970. urteetako ekonomia krisiak joera hau erabat aldatu zuen arte. Hiri handiena Donostia da (175.138 biztanle, 2.389 biztanle km2-ko); haren ondoren, Errenteria (43.676), Hernani (19.996), Pasaia (19.552) eta Lasarte-Oria (18.589). Biztanle gutxien dituen herria Astigarraga da (3.236 biztanle); Oiartzun da km2-ko biztanle gutxien dituen herria (134) eta Lasarte-Oria gehien dituena (3.205). v Ekonomia. Donostialdea Gipuzkoako zerbitzugune eta ekonomiagune nagusia da. Edonola ere, Donostialdean ez da Euskal Herriko beste lurralde batzuetan bezain nabarmena hiriburuak gainerako udalerrietan duen eragina eta horietako askok –esate baterako, Pasaia, Errenteria eta Lezok osatzen duten gune guztiz industrialak– ezaugarri sozioekonomiko guztiz berezituak dituzte hiriburuarekin alderatuz gero. Donostialdean, nekazaritzak ez du aparteko garrantzirik, baina arrantzak garrantzi handia izan du Pasaian eta, neurri txikiago batean, Donostian. Pasaiako portua ur handiko arrantzarako portu nagusia izan da Euskal Herrian, baina azken urteotako krisiak asko ahuldu du. Donostiako baxurako arrantza portua txikia da. Industriak garrantzi handia du, egungo krisiak egoera larrian utzi badu ere. Hiru eskualde nagusi bereiz daiteke: Donostiako Antiguatik hasi eta Oria ibai bazterreraino hedatzen dena (janari industria, metalak, porlanak, kimika industria); Urumea ibaia, Hernanitik Donostiako Egiaraino zabaltzen dena (papera, altzairugintza, ehun langintza, janari industria, eta Pasaiako portuaren inguruetatik Oiartzun haranera zabaltzen dena (metalgintza, paperak, janari industria). Donostia da Gipuzkoako zerbitzu hiri nagusia. Pasaiako portua, aldiz, Euskal Herriko bigarren merkataritza portua da, baina leku ezak guztiz mugatzen du bere garapena. Turismoak garrantzi handia du Donostian, hiriaren azpiegitura behar bezala hornituta ez badago ere. 1996an 2.332.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Gipuzkoakoa 102 izanik, 102 horretantxe zegoen Donostialdean ere; indizerik altuena Usurbilek eta Astigarragak zeukaten (265 eta 213) eta beherena, berriz, Errenteriak eta Lasarte-Oriak (62 eta 66). Zerbitzuek osatzen zuten eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 66, Gipuzkoako batez bestekotik gora 13 puntutan. Kopuru hori % 80rainokoa zen, esaterako, Donostian, eta % 17 ingurukoa Usurbilen, industriaren mesedetan kasu honetan. Eskualde honetako hainbat udalerrik gora egin dute nabarmen alor ekonomikoan azken urteotan, baina badira oraindik –1960ko hamarkadan izugarri baina ordena handirik gabe hazi ondoren– 1980ko hamarkadako krisialdi industrial eta ekonomikotik erabat irten gabe dabiltzanak, Pasaiako badiaren inguruko udalerri eta auzoak, hain zuzen ere. Eremu hori birgaitzeko ekimen ugari jarri da abian azken urteetan, eta Bilbo Handiarekin batera Pasaialdea da Euskal Autonomia Erkidegoan arazo sozioekonomiko larrienak dituen eskualdea. 2000. urtean, esate baterako, Europar Batasunak eragiten duen Urban Planak –gainbeheran dauden eskualdeak garatzeko egitasmoa–, 2.012 milioiko laguntzak bideratu zituen Pasaialdea suspertzeko. Hirugarren aldiz eskatzen zituen laguntza horiek Pasaialdeak, Donostia, Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzun eta Oarsoaldea Garapen Agentziak bultzatutako ekimenaren bidez, nahiz eta aurreko bi deialdietan –1994an eta 1996an– ez lortu EBren onespenik. Laguntza horiei Espainiako administrazio zentralak eta EAEkoak erantsiz gero, 4.000 milioi pezeta jarri ziren abian Donostialdeko eremurik gainbeheratuena berrindartzeko eta azpiegitura egitasmo garrantzitsuak garatzeko. v Hizkuntza. Donostialdeko berezko hizkuntza euskara da, Beterriko gipuzkera mendebalean (Donostia, Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Usurbil, Donostia, Pasaia eta Errenteria) eta goi-nafarrera ekialdean (Lezo eta Oiartzun). Bi euskalkien arteko muga ez da erabat bereizten eta Oiartzun ibaiaren harana bi euskalkien artean dago. Industrializazioaren hastapenetatik hona, izugarri erdaldundu dira Donostialdeko herri jendetsuenak. 1996an, 114.302 euskaldun, 69.623 ia-euskaldun eta 123.596 erdaldun bizi ziren eskualdean. v Historia. Egun Donostialdea izenaz bereizi den eskualdeak ez du historian zehar orain duen batasunik izan. Erromatarren garaian, ekialdeko Oiartzun harana (Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaia) baskoien lurraldea zen eta Urumea ibaitik mendebalerako lurraldea barduliarrena. XII. mende bukaeran, Donostialdeko herri guztiak egon ziren Donostiako herribildu berriaren gobernupean (1150-1200), baina laster bereizi eta bere eskuko jarri ziren. Donostialdeko herriak eta hiriak Gipuzkoari lotu zitzaizkion eta herrialde hark izan zituen gorabehera bertsuak bizi izan zituzten. 1854. urtean Donostia Gipuzkoako hiriburu bihurtu zen. 1864. urtean, burdinbidea Otzaurtetik Iruneraino luzatu zuten eta luzatze horrek berebiziko aldaketak ekarri zituen Beterriko eskualde honetara. Burdinola eta ontziola ohikoaren lekua hartu zuten industria molde berriek eta Donostia eta Pasaia inguruko herriak fabrikaz hornitzen hasi ziren; nekazaritza bigarren mailan geratu zen. XX. mende hasieratik aurrera, Pasaia eta Errenteria langile herri garrantzitsuak izan ziren. Gerra zibilaren ondoren, 1950. urteetan, hasi zen industria Donostialde guztira zabaltzen, eta Espainiako Gaztelatik, Leondik eta Extremaduratik etorritako etorkin olde handiak egokitu ziren eskualde honetako industria herrietan. Bestalde, Altzako herriak XX. mendean (1940) udal izaera galdu zuen, eta Astigarraga (1986) eta Lasarte-Oria (1987) udal berriak dira, gorabehera handien ostean.